AHT

Santanok hizpidera ekarri du Ezkio-Itsasoko lotunearen trazadura moldatzeko aukera

Aukera horrek aurrera eginez gero, abiadura handiko trenen bi sareak Ezkio-Itsasotik lotuko lituzkete, baina trazadura mendebalderago egongo litzateke, Aralarren hain sakon ez sartzeko.

AHTaren Ezkio-Itsasoko geltokiko lanak. GOTZON ARANBURU / FOKU
AHTaren Ezkio-Itsasoko geltokiko lanak. GOTZON ARANBURU / FOKU
inaut matauko rada
2024ko abenduaren 3a
12:30
Entzun

Nafarroako AHTaren eta euskal y-aren arteko loturari buruzko eztabaidak amaigabea zirudien, eta beste aldagai bat jokoan sartu da orain, atzo Jose Antonio Santanok, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarri idazkariak, hizpidera ekarria. Bi trenbide sareak Aralarko mendilerrotik lotzeko aukera plazaratu zuen, Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa), baina orain arte eztabaidagai zen alternatibaren trazadura aldatuta.

Iruñetik euskal y-aren konexiora arteko trenbidea bitan zatitu zuen Santanok: Iruñetik Altsasurakoa (Nafarroa) eta Altsasutik konexiora artekoa. Lehenengo zatia adostuta dagoela esan zuen, eta laster aurrera egingo duela gehitu: «Laster zabalduko da horren berri». Estatu idazkariak adierazi zuenez, kontuan hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzak 2018an egindako alegazio batzuk, eta Iruñetik Altsasurainoko trazadura ere aldatu egingo da. Horrez gain, alegazio horri jarraituz gero, Sakanatik Ezkio-Itsasorainoko trazadura ere aldatuko litzateke, eta bidea mendebalderagotik igaroko litzateke, «Aralarren horren sakon sartu gabe», Santanok zehaztu zuen moduan.

Aldagai hori tartean sartuta, eztabaida atzeratu egingo da, Santanok azaldu zuenez; are, iragarri zuen 2025 hasierarako oraindik ez dela erabakirik eta adostasunik egongo, aurrez adierazi zen moduan. Behin baino gehiagotan esana dute administrazio guztiak —Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek— ados jartzea nahi dutela, baina bakoitzak bere asmoei eusten die. Udan, Oscar Puente Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko ministroak, adierazi zuen Gasteizko lotura iruditzen zitzaiola egokiena, eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere hala uste du. Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, Ezkio-Itsasotik lotu nahi ditu bi sareak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.