Ezkio ala Gasteiz, lurraldeak lehian jarri dituen auzia

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aurten erabakiko dute AHTak nondik lotuko dituen Iruñea eta Donostia: Gasteiztik ala Ezkiotik. Gipuzkoako EAJn «kezka handia» piztu da ikusita Madril Gasteizen alde ari dela.

AHTaren lanak, Atxondo inguruan (Bizkaia). ENDIKA PORTILLO / FOKU
AHTaren lanak, Atxondo inguruan (Bizkaia). ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2024ko irailaren 4a
12:55
Entzun

Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak leherrarazi egin du aspaldian hizpide bilakatua zen AHTaren inguruko auzi bat: Ezkio-Itsasotik (Gipuzkoa) ala Gasteiztik, nondik joan behar du trenak Donostia eta Iruñea lotzeko? Gipuzkoako ahaldun nagusia, Donostiako alkate Eneko Goia eta Gipuzkoako EAJ, oro har, sutsuki ari dira Ezkioren alde uda hasieratik, Espainiako Gobernua Gasteizko ibilbidea lehenesten ari delako zantzuak baitaude. «Kezka handia» dago Gipuzkoako agintarien artean, BERRIAren iturrien arabera, «lurraldeak asko duelako jokoan, besteak beste, ekonomiari begira».

Iturri horietako batek garbi dio «historiak» erakutsi duela «ibilbide nagusien lotune izatea zein garrantzitsua den lurralde batek etorkizun oparoa izan dezan». Eta, orain, ez dago batere garbi Ezkiotik igaroko litzatekeen ibilbidea gailenduko ote den. Eusko Jaurlaritzak ere ez baitu lotune horren aldeko jarrera argirik adierazi. 2018an, Ezkioren aldeko txosten argia igorri zion Madrili, baina, orain, Imanol Pradales lehendakaria oso zuhur aritu da gaiari buruz galdetu diotenean. Badaki EAJk agintzen duen hiru lurraldeetan, hau da, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikuspegi eta interes desberdinak daudela.

Finean, EAJren barruan gai arantzatsua bihurtu da euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko modua. Izan ere, azken asteetan argi azaleratu da Hegoaldeko lurraldeen artean norgehiagoka bat dagoela, batez ere Araba eta Gipuzkoaren artean. Mendozak argi esan du Gipuzkoak ezin diola «uko egin» Ezkiori. Mediterraneoko ardatza itsasoarekin —Pasaiako portuarekin— lotzeko ibilbide azkarrena litzateke: 44 minutu Iruñetik Donostiara. Iruñetik datorren trenak Gasteizeraino joan beharko balu, eta berriro Donostia aldera itzuli —63 minutuko ibilbidea—, errazagoa luke seguruenik Bilboko portura joatea.

Jaurlaritzaren jarrera aldaketa

«Mapa ikustea besterik ez dago», esan du berriki Eneko Goia Donostiako alkateak BERRIAri emandako elkarrizketa batean. Jaurlaritza Ezkioko lotunearen alde ote dagoen galdetuta, Goiak argi erantzun zuen: «Orain ez dakit». Eta hor dago auziaren gakoetako bat: Jaurlaritzak ez du azken erabakirik hartu gai horren inguruan, eta erabaki hori funtsezkoa izango da, obraren ibilbidea negoziatu beharko baitu aurten Espainiako Gobernuarekin.

Gipuzkoako EAJri «ulergaitza» iruditzen zaio Nafarroaren zehaztasunik eza: Espainiako Gobernuak «txosten tekniko guztiak amaitu arte», Iruñeak ez du ibilbide baten edo bestearen alde egingo

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez, berriz, «oso lasai» dago, uste baitu AHTaren Nafarroarako lotura Gasteiztik egingo dela: «Teknikoki askoz hobea da». Eta zer dio Nafarroak lurraldeen arteko lehia bizia piztu duen gai horretaz? Bada, Gipuzkoako EAJri «ulergaitza» iruditzen zaio haren jarrera: zehaztasunik eza. Espainiako Gobernuak «txosten tekniko guztiak amaitu arte», Maria Txibite presidentearen gobernuak ez du ibilbide baten edo bestearen alde egingo, eta jarrera horrek sumindu egin ditu Gipuzkoako agintariak, uste baitute «Gipuzkoarentzat baino gehiago Nafarroarentzat» dela garrantzitsua Ezkio gailentzea. Itsasora azkarrago ailegatuko lirateke Nafarroatik portuetara doazen zamak; esaterako, Landabengo autoak.

Kontua da Oscar Puente Espainiako Garraio ministroak «arazo handiak» ikusten dituela Ezkioko ibilbidean, eta «egingarriagoa» iruditzen zaiola Iruñea eta Donostia Gasteiztik lotzeko ibilbidea. Hala esan zion uztailean Txibite presidenteari; ezin da alde batera utzi biak ala biak alderdikideak direla, eta aldagai horri erreparatzen diote Gipuzkoan Txibiteren isiltasuna salatzeko orduan. Edonola ere, 2018an egindako txostenean ere, Madrilek garbi utzi zuen Gasteizko loturaren alde egin nahi duela; izan ere, beste ibilbideak Aralarko mendilerroa zeharkatu beharko luke, garestiagoa da, teknikoki konplexuagoa, eta ingurumen inpaktu handiagoa izango luke. Txosten horretan islatzen da obra 1.700 milioi euro kostatuko litzatekeela, eta Gasteiz lehenetsita 755 milioi eurokoa izango litzatekeela aurrekontua.

«Ez da lehiakorra» Gipuzkoarentzat

Txosten horri jarritako helegitean, ordea, Jaurlaritzak 1.255 milioira apaldu zuen Ezkioko ibilbidearen aurrekontua, eta Madrilek nabarmendutako ingurumen inpaktuari ere garrantzia kendu zion, Gasteizko ibilbideak eragin handiagoa izango lukeelako epe luzera, haren arabera. 2018ko helegite horretan, Jaurlaritzak oso garbi azaldu zuen Gasteizko lotunea ez litzakeela «lehiakorra» izango Gipuzkoarentzat, Iruñea-Donostia bidaiaren iraupena dela eta. Izan ere, errepidez 45-50 minutuan egiten da hiri bien arteko tartea. AHTarekin, 63 minutura luzatuko litzateke bidaia hori.

Pentsa daiteke lurraldeetan, erakundeetan eta, are, alderdien barruan —batez ere EAJren barruan— gero eta arantzatsuago bihurtzen ari den auzi horrek zauriak eragingo dituela

Orain, ordea, Pradalesek gidatzen duen gobernua Espainiako Gobernuaren «txostenen zain» dago behin betiko erabakia hartu aurretik, eta atzean geratu da 2018an Gasteizko gobernuak erakutsitako jarrera, Ezkioren aldekoa. Pentsa daiteke lurraldeetan, erakundeetan, eta, are, alderdien barruan —batez ere EAJren barruan— gero eta arantzatsuago bihurtzen ari den auzi horrek zauriak eragingo dituela, batera edo bestera. Bien bitartean, Ezkioko AHTaren geltokia amaiturik dago, duela hamar urtetik zain, handik trenak inoiz pasatuko ote diren erabaki ez badute ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.