Ezkerretik Bilduz: «Euskal Estatu bat premiazkoa da»

Talde horren arabera, egungo esparruak «geure politika ekonomikoa egitea galarazten digu»

Martxoan aurkeztu zen Ezkerretik Bilduz taldea, Altsasun. J. MANTEROLA / ARP.
Arnaitz Lasarte.
2012ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
«Egungo esparru juridiko politikoak bere horretan segitzeak geure politikaekonomikoa egitea galarazten digu». Ezkerretik Bilduz taldearen ustez, euskal estatua «premiazkoa» da. Horregatik, Alternatiba sozio-ekonomikoa, demokrazia ekonomikorako bidea agiria aurkeztu du; igaro den asteburuan mintegi bat egin zuten agiri horretako gaiak lantzeko. Orain, ezker abertzaleko antolakunde eta oinarri sozialarekin hausnartuko dute, eta hilabete batzuk barru eztabaidaren ondorioak plazaratuko dituzte.

Ezkerretik Bilduz taldearen ustez, «ezinbestekoa» da alternatiba sozioekonomiko bat izatea, herri mugimenduek eta langileriak estatuaren aurka borroka egiteko. «Estatuak jarritako oztopoak gainditzeko eta sortuko diren kontraesanak eztabaidatzeko, herri mugimendua eta langileriaaktibo mantendu behar dira». Bide horretan, ezker subiranistak aurkeztu duen proposamen sozioekonomikoa abiagune «interesgarria» eta «garrantzitsua» dela diote.

Ezkerretik Bilduz taldearen arabera, eman beharreko lehen pausoa ekonomia pribatua murriztea da eta sektore publikoa sendotzea. «Batera etorri dira ongizate estatuaren desegitea eta ekonomiaren pribatizatze orokorra». Uste dute produkzio enpresen pribatizatzeak hezkuntza edo osasun arloko eskubideen «galera» esan nahi duela. Horren aurka, hainbat neurri proposatzen ditu Ezkerretik Bilduz-ek: lurren, lehengaien, energiaren, uraren eta gainerako baliabideen jabetza komunala berreskuratzea, banku publiko nazional bat sortzea edo etxebizitzaren jabetza publikoa sortzea, besteak beste.

Agirian azaltzen dutenez, langileriak amaitu behar du produkzio modu kapitalista. «Kapitalismoa ez da amaituko arrazoi ekonomiko hutsengatik, beti bilatuko baitu produkzio indarrak garatzeko bidea». Kapitalismoa amaitzeko, Europako arauei «intsumiso» agertzeko deia egiten dute. Izan ere, haien iritzian, Europako Batasuna herritarrei botere demokratikoa izateko ahalmena kentzeko sortu zen: «Egiazko demokraziaren suntsipena ekarri dute. Europako erakundeak eta euroaren eremua desegitea da bestelako Europa eraikitzeko ezinbesteko baldintza». NATOtik irtetea ere eskatzen dute Ezkerretik Bilduz taldekoek: «Gatazkak eta suntsipenak zabaltzen segitzea ez dugu galaraziko, baina gure laguntzarik ez dute izango, behintzat».

Ezkerreko subiranotasuna «hegemoniara» iristeko bi ardatzen inguruan aritu behar duela diote: «Batetik, nazio alorrean indarra erakutsi behar du, burgesia txiki eta ertaineko sektoreak ezker abertzalera erakartzeko; bestetik, alor sozialean jardun behar du, langileriari dagozkion edukiak jorratuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.