Hitza 2014ko azaroaren 8an erabili zuen, Aralarreko zenbait kide gogoetan ari zirela-eta ezker abertzaleko orduko bi sentsibilitateek bat egiteko aukeraz; Aralar ez zela sortu ezker abertzaleko «beste» alderdi politiko bat izateko, ez zuela «bokazio» hori. «Aipatutako bat egitera urratsak egiten badira, bizpahiru urte barru Aralarrek ez luke alderdi gisa egon beharko». Izan ere, Iñaki Aldekoak ezkerreko subiranismoa izan zuen bokazio; Herri Batasunaren sortzaile izanik aurrena, Aralarren bidea hartu zuen bi hamarkada geroago, behin EH Bildu eratuta, ezker abertzaleko bi ildoen batasuna defendatzeko. Aldekoa atzo hil zen, 81 urte zituela.
Ibilbide luzea izan da Aldekoarena (Zornotza, Bizkaia, 1940). Ingeniari kimikoa zen ikasketaz, eta EGIn hasi zuen militantzia politikoa; preso egon zen urtebetez Bilbon. ETA Berrin aritu zen, baina berehala utzi zuen. 1977an, Euskal Sozialista Biltzarreko idazkari nagusi aukeratu zuten, eta bide horretatik hartu zuen parte Herri Batasunaren sorreran, 1978an. Mahai Nazionaleko kide izan zen 1990eko hamarkada hasi arte. Urte haietan, ordezkaritza instituzionalean ere ibili zen: Nafarroako parlamentari izan zen 1979tik 1991ra bitarteko legealdietan, eta Espainiako Kongresuko diputatu 1986tik 1987ra, Nafarroakoa. Garai haietan ere sartu zuten kartzela: 1983tik 1985era egon zen preso, ETAri laguntzea egotzita. Horren ondoren, Espainiako Gobernua eta ETA Aljerren eseri ziren elkarrizketa mahaian (1989), eta ETAren aholkularien taldean hartu zuen parte.
Elkarrizketa haiek porrot egin zuten, eta Aldekoa gero eta kritikoago agertu zen estrategia politiko-militarrarekin. 1992an, HBko Mahai Nazionaletik irten zen, eta, Lizarra-Garaziko prozesuaren ostean, baita ezker abertzalearen ildo nagusitik ere. Aralarrek ezker abertzale barneko «iritzi korronte» gisa argitaratu zuen lehen idatzia 2000ko maiatzaren 21ean, eta sinatzaileen artean zen Aldekoa; gerora, alderdiaren sorreran hartu zuen parte. «Historikoki borroka armatuak esanahi eta eduki bat izan badu ere, egun ez du zentzurik, eta ETAk borroka utzi behar luke», esan zion Euskaldunon Egunkaria-ri 2002ko abenduko elkarrizketa batean. Alderdi horretako kide zela aukeratu zuten Arabako batzarkide, 2007tik 2011ra.
Bat egitearen alde
ETAk 2011 hartan eten zuen jarduera armatua behin betiko; urrian gertatu zen hori, eta, azaroan, elkartuta aurkeztu ziren ezker abertzaleko bi ildoak Espainiako Gorteetako hauteskundeetara, EArekin eta Alternatibarekin batera, Amaiur koaliziopean. Bat egite horren aldekoa zen Aldekoa, eta hala adierazi zion BERRIAri 2014an: «Hiru oinarri finkatu genituen. Batetik, ezker abertzale politiko, zibil eta demokratikoa nahi genuela esan genuen, eta horretarako ETAk borroka armatua erabat utzi behar zuela. Bigarrenik, Euskal Herriaren eraikuntzarako bertako hiru erabakitze esparruak, hiru eremu administratiboak errespetatu behar direla genioen: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Eta hirugarren ideia zen ezker abertzaleak barne egitura demokratikoak behar dituela: kongresuak, afiliatuak... Ez dugu esan nahi arrazoia gurea izan denik, baina gaur egun Sortuk hiru oinarri haiek bereganatuak ditu. Aralar ez denez aldatu, badaude baldintzak bien arteko bat egiteari buruz harremanak hasteko. Eta garrantzitsua litzateke berehala ekitea».
Nafarroako Parlamentuak doluminak adierazi ditu Aldekoaren heriotza dela eta. Sortuk ere hura oroitzeko hitzak izan ditu, eta «besarkada sentikor bat» helarazi die senide eta hurbileko lagunei: «Aldekoa errepresaliatu politiko bat izan zen, herri honen independentziaren alde aritzeagatik espetxeratua. Haren konpromiso militantea aintzat hartu eta aitortu beharra dago».
Iñaki Aldekoa
Ezkerreko subiranismoa «bokazio»
Herri Batasunaren eta Aralarren sortzaile izanik, Iñaki Aldekoak ezker abertzaleko bi ildoen arteko batasuna sustatu zuen ETAk jardun militarra behin betiko eten ondoren. 81 urte zituela hil da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu