«Boto eraginkorra» izan zen atzo EH Bilduk Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazan eginiko ekitaldi politikoaren gakoa. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak esan zuenez, «ezkerretik irabazteko boto eraginkor bakarra EH Bilduren fronte zabala da». Otegik zehaztu zuen ez zebilela «boto erabilgarriaz» ari, baizik eta «boto eraginkorraz», eta berretsi zuen burujabetzaren aldeko koalizioak jarraitzen duela gero eta boto emaile gehiago eta ezberdinetara heltzeko helburuarekin. «EH Bildu bozkatzeko, ez da % 100ean gurekin ados egon behar».
Uruguaiko Pepe Mujica eta haren Fronte Zabalaren garaipenak gogora ekarri zituen, estrategia horrez adibide gisa.
Eva Lopez de Arroiabe Arabako Foru Aldundirako hautagaiak eskatu zuen EH Bilduren bi boto-paper aukeratzeko, udaletarako bat, eta Arabako Batzar Nagusietarako bestea. «Guztiok dakigu herriz herri emaitzak asko hobetuko direla», adierazi zuen, eta «bultzada hori Biltzar Nagusiei begira ere» jarri behar dela gaineratu zuen. «Hemen, Gasteizen Rocio Vitero jartzen duena hartu… eta Eva Lopez de Arroiabe jartzen duena ere bai!».
Viterok berak adierazi zuen Gasteizko alkatetza hartzetik «mila botora» dagoela EH Bildu. «Euskal Herria Bilduk hauteskundeak irabaztea da Gasteizen gobernu aurrerakoi eta aurrerakoi bati atea irekitzen dion giltza, gure gizartean dagoeneko nagusi diren balioak udalean ordezkatuko dituen gobernu bati atea irekitzen diona. Eta oraingoan, egin dezakegu».
Epaile ohiaren sostengua
Ustekabea ere ekarri zuen ekitaldiak. Manuel Diaz de Rabago epaile ohiak parte hartu zuen bideo baten bitartez, eta botoa EH Bildurentzat eskatu zuen. «Bizkartzaina eduki dut hamar urte baino gehiagoz, epailea izateagatik. Horrek ez dit galarazten, ETA sakabanatu ostean, EH Bilduri botoa ematea». Gaineratu zuenez, bera espainiar sentitzen da, ez euskal herritar, nahiz eta Euskal Herrian 50 urtez bizi. Eta, halere, botoa ezkerreko alderdi batean batu beharko litzatekeela uste du, «kasu honetan, irabazteko benetako aukerak dituenean, hau da, EH Bildun».
Madrilen jaio zen Diaz de Rabago, eta abokatu laboralista izan zen, epaile bihurtu aurretik. 1970eko hamarkadaren erditik Donostian aritu zen epaile lanetan. Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez epaitu zituen 2009. urtean, Batasunarekin edukitako elkarrizketen harira, eta alderdi abertzalea legez kan uztearen aurka agertu zen.
Epaile ohiak sostengua eman zion atzo bertan Juan Karlos Izagirre EH Bilduko Donostiako alkategaiari. Koalizioak beste alderditan ibilitako beste hainbaten sostengua jaso du kanpaina honetan, besteak beste, Nagua Albarena (Podemosen aritutakoa), Gemma Zabaletarena (PSE-EE) eta Javier Madrazorena (Ezker Batua).