Ezkerreko independentistak biltzeko apustuari eutsiko dio ezker abertzaleak

Eusko Jaurlaritzan eta Eusko Legebiltzarrean «lidergo berri bat» behar dela nabarmendu du Rufi Etxeberriak

Pello Urzelai.
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, azkenean, Sortu alderdia legezko jotzeak ez du aldaraziko ezker abertzalearen aliantza politika. Ezker abertzaleak «ezkerreko independentistak biltzeko apustuari» eutsiko dio, Rufi Etxeberriak herenegun gauean ETB-1ko Azpimarra saioan adierazi zuenez. «Euskal Herri berri bat ezkerretik eraiki nahi dugulako elkartu gara, etaapustu horrekin jarraituko dugu». Ficoban duela aste batzuk egindako ekitaldian ikusi zenez, bost alderdi daude apustu horretan, Rufi Etxeberriak gogora ekarri duenez, eta Euskal Herri osorako estrategia adosten ari dira, lurraldeen araberako «errealitate askotarikoak» kontuan hartuz.

Aliantza horrek isla izango du Eusko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan. Rufi Etxeberriak azaldu duenez, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak hainbat lan aurreratuta dauzkate, hala nola koalizioaren izena —berria izango da— edota programaren zenbait atal. «Gasteizko gobernuak eta parlamentuak lidergo berri bat behar dute,eta horixe eskainiko du koalizio independentistak», nabarmendu du Rufi Etxeberriak.

Koalizio independentistak egingo duen eskaintzak hiru atal izango ditu, Rufi Etxeberriak aurreratu duenez. Batetik, «bi estatuekin daukagun gatazka historikoa gainditu beharra dago eta erantzun bat eman behar zaio; horretarako lidergo berri bat behar da», azaldu du. Bestetik, koalizioak subirautzari begira eskaintza politiko bat egingo du. Azkenik, eredu sozial berri bat proposatuko du. Beraz, bakea, subirautza politiko eta ekonomikoa eta ongizatea (ezkerreko ikuspegiz) izango dira koalizioaren ardatzak datozen hauteskunde autonomikoetan. «Koalizio independentista irabaztera doa, norabide berria jartzeko», gehitu du Rufi Etxeberriak.

Sorturen auziari dagokionez, Rufi Etxeberriak dio bakarrik espero dutela «legeztatzea eta hamar urteko injustizia gainditzea». Hala gertatuz gero, militantziak alderdiaren prozesu eratzaileari ekingo diola jakinarazi du. EAEko hauteskundeak aurreratzen ez badira, aurtengo udazkenean amaituko lukete prozesua, eta, aurreratzen badira, datorren urteko hasierara atzeratuko litzateke. Alderdi berrian «demokrazia parte-hartzailea izango da gakoa. Adibidez, ez da egongo goitik beherako txostenik, baizik eta behetik gora egingo dira, Rufi Etxeberriak aurreratu duenez.

PPren arduragabekeria

Brian Currinen azken adierazpenen harira, Rufi Etxeberriak argi utzi du Aieteko Konferentzia antolatu zutenek hainbat eragilerekin harremanak izan zituztela eta «hainbat konpromiso» jaso zituztela. ETAren aldetik, borroka armatua uzteko konpromisoa jaso zuten. Espainiako Gobernuaren aldetik gatazkaren konponbideari erantzuteko konpromisoa. Eta Aieten izan ziren alderdi politikoen aldetik adierazpenaren puntuak bultzatzeko konpromisoa. «Gerora zer gertatu da? ETAk bakarrik bete du konpromisoa», nabarmendu du Etxeberriak.

Aieteko Konferentziaren aurreko harreman haietan borroka armatuaren amaiera zen baldintza. Desegiteko eskaera gerora etorritako gauza bat da. Etxeberriaren ustez, «desegitearen planteamendua ezer egiteko borondatea ez duenaren aitzakia da».

Maiatzaren hasieran, Bilbon, Egiaztatze Batzordea alderdiekin bildu zenean ETAren mezu bat jaso zutela jakinarazi zien, Rufi Etxeberriak azaldu duenez. «ETAren mezua zen prest zegoela egiaztatze fasea utzi eta desarme faseari ekiteko. Horretarako prest dagoen erakunde bati desegiteko eskatzea arduragabekeria itzela da. Presoen, iheslarien eta militanteen gaiak gainditu gabe daudenean desegiteko eskatzea, eta hori guztia egoera politikoaren zoriaren arabera airean uztea arduragabekeria itzela da». Etxeberriaren ustez, PPk ez du urratsik egiteko prestasunik, PP jokaleku demokratiko baten beldur delako, horretan ahula delako independentismoaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.