Ezker independentismoa «inoizko indartsuen dago» Sorturen iritziz, eta udazkenean izan diren askotariko mobilizazioek erakusten dute «aldaketarako gogoa» dagoela. Hala ebatzi dute herrietako arduradun politikoekin egin duten Nazio Batzar delegatuan, ostegunean. «Aukera eta nahi horiek indarrez eta ilusioz bultzatzeko konpromisoa» dutela adierazi dute, «independentziarako indarra biltzeko eta askapen prozesua azkartzeko helburuz».
Egoera politikoaren azterketa egin dute Arkaitz Rodriguezek, Kizkitza Gil de San Vicentek eta Xabi Iraolak euren mintzaldietan. Euskal Herriak dituen erronkei «herri gisako erantzunak» eman behar zaizkiela ohartarazi dute, eta horretarako «aliantza eta elkarlan esparru zabalen premia» dagoela adierazi.
Ezkerreko abertzaleek balorazio «positiboa» egin dute Hego Euskal Herrian iragan berri diren hauteskundeen inguruan, EH Bilduren gorakada azpimarratuta. «Aukera berriak ireki ditu, tartean, nola ez, lurralde auziaren gaineko eztabaida irekitzeko», adierazi dute, ohar batean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere «aldaketaren bidean sakontzeko mugarri garrantzitsu bat» izango direla ziurtatu dute.
Amaitutzat jo dute Eusko Jaurlaritzaren gaur egungo eredua; hainbat sektoretako protestak eta EAJren «krisia» dituzte horren frogatzat. «Bestelako lidergo eta politiken beharra nabaria da, eta hori ezker independentismotik etorriko da, euskal herritarron bizitzak erdigunean jarriz, parametro subiranista eta eraldatzaileetan oinarrituta. Hori sustatuko du Sortuk, ezker independentismoaren eragiteko gaitasuna ahalik eta handiena izan dadin», adierazi dute.