Elkarrekin Podemosek ere gainerako alderdiei begira hasi du kanpainaurrea. Aukeratu isilik ez geratzea goiburuarekin Bilbon egindako ekitaldi batean, Miren Gorrotxategi lehendakarigaiak EH Bilduri eta PSE-EEri zuzendu dizkie bere kritikak, bi alderdiei egotzi baitie ezkerreko gobernu bat eratzeko gai ez izatea: «Gobernu aurrerakoi bat eratzeko aukera baztertzen ari dira».
Koalizio subiranistari egotzi dio EAJren «anaia nagusia» izatea, lehentasunezko bazkidetzat hartu duelako alderdi jeltzalea. Horrez gain, inkesten arabera agintera heltzeko aukera duenean emakumezko hautagairik aurkeztu ez izana ere kritikatu die subiranistei Gorrotxategik. Sozialistei, berriz, jeltzaleen «konpartsa» izatea leporatu die: «Eskuinarekin gobernatu nahi du, baina ez gaitu harritzen, urteak baitaramatza horretan».
Egoera hori ikusita, Gorrotxategik azpimarratu du inoiz baino beharrezkoagoa dela Elkarrekin Podemos Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere ezkerrerako aldaketa egon dadin. «Gu bakarrik ausartzen gara esatera ezkerreko gobernu bat behar dugula», aldarrikatu du. Eta erantsi du beraiek direla herritarren ongizatea interes pribatuaren aurretik lehenesten duten bakarrak.
«Guk ez dugu onartuko gauzak diren bezalakoak direla eta ezin direla aldatu», esan du Gorrotxategik. «Politika ez baita baliabideen kudeaketa soila; erabaki politikoen atzean, gizartea ulertzeko modu bat dago: itunpeko eskolaren blindatzetik hasi, eta Urdaibain Guggenheim bat eraikitzeraino. Enpresa handiaren etekinak interes orokorraren aurretik jartzen dituztenek, horiexek banatzen dute miseria, eta ez beste batzuek».
Izan ere, Gorrotxategiren ustetan, jeltzaleen eredua «agortuta» dago; eta, gainera, EAJ boterea galtzeko «beldur» da. «Gobernu honek huts egin du Euskadin bizitza duina izateko beharrezkoak diren gai guztien kudeaketa publiko eta demokratikoan. Horregatik behar du Euskadik ezkerreko gobernu bat», adierazi du.
Equok akordioa berretsi du
Equok berretsi du akordioa egin duela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Sumar Mugimenduarekin eta Ezker Anitzarekin batera aurkezteko. Gasteizen egin dute bilkura, eta koalizioari bide ematea adostu dute alderdiko kideek. Sumarrek bihar aurkeztuko du bere proiektu politikoa.
Equok trantsizio energetikoa jarri du legealdiko ildo estrategikotzat, eta hura bultzatzeko konpromisoa hartu du. Izan ere, Carmen Muñoz bozeramailearen hitzetan, Eusko Legebiltzarrak berriki onartutako legeak hori «saihesten» du. Salatu du lege berriak «konpromiso eskasa» duela: «Epeltasun horrekin ezin zaio aurre egin klimaren erronkari», ziurtatu du Muñozek.