Frantziako Asanblearako bozak. Ipar Euskal Herria

Ezkerreko batasunak dudak sortu ditu

Frantziako Asanblearako bozak eginen dituzte ekainaren 12an eta 19an. Frantziako ezkerreko alderdi nagusiak elkarrekin aurkeztuko dira, NUPES izenarekin. Ipar Euskal Herriko bi hautesbarrutietatik bitan Frantzia Intsumisoak ordezkatuko du aliantza. Itunaren zentralismoa salatu dute anitzek.

Frantzia Intsumisoko Tom Dubois NUPESen izenean aurkeztu da 5. hautesbarrutian. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Akordio historikoa lortu dute Frantziako ezkerreko alderdiek ekaineko Frantziako Asanblearako bozetarako. Frantziako lehendakaritzarako bozen biharamunean hasi zituzten negoziazioak, Parisen. Iragan asteburuan, hasiera eman zioten NUPES ezkerreko batasun berriaren ibilbideari, Aubervilliersen (Frantzia). Batetik, programa komun baten itzulian adostu ziren, eta, bestetik, alderdi bakoitzak hautagaiak zenbat hautesbarrutitan ezartzen ahalko dituen adostu zuten. Ipar Euskal Herrian, Frantzia Intsumisoaren hautagaiak izanen dira bi hautesbarrutitan; bestean, PS Alderdi Sozialistakoa. Bestalde, EH Bai koalizio ezkertiar eta abertzaleak hautagaiak izanen ditu.

Ikusi gehiago:Nikolas Blain: «Uste dugu ezkerretik eraikitzen ahal den alternatiba EH Bai dela»

Frantzia Intsumisoak abiatu zuen negoziazioa, eta alderdi bakoitzarekin eztabaida bilateralak izan ditu. Finean, EELV-Berdeak, PS eta PCF alderdi komunista batu dira. Elkarrekin aurkeztuko badira ere, alderdi bakoitzak askatasuna izanen du ondotik Asanblean.

Ororen gainetik, helburua lau alderdi horiek batera aurkeztea da, hautesbarruti bakoitzeko ezkerreko bozen biltzeko: gehiengoa lortuko balute, Asanbleako gehiengoa ezkerrekoa litzateke. Ondorioz, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren gobernuak kohabitazioa egin beharko luke. Frantzia Intsumisoko buru Jean-Luc Melenchonen arabera, kohabitazioa gertatuz gero, Macronek lehen ministro izendatu beharko luke. Hala, ezkerreko hautesleak hura lehen ministro izendatzera deitu ditu, boz legegileen bidez.

Ezkerreko aliantza bat sortzeko ahaleginetan aritu da, beraz. Baina batek baino gehiagok salatu du lekuko errealitatea kontuan hartu gabe egin dutela akordioa, Parisen. Hala, Ipar Euskal Herrian ere, usaiako ezkerreko paisaia politikoa aldatu du NUPES herri batasun ekologista eta sozial berriak.

Hiru hautesbarruti dira Ipar Euskal Herrian: 4.a barnealdean, —Biarnoko zati bat ere biltzen du—, 5.a eta 6.a. Oraindik sukalde lanetan ari dira hautagaiak, eta maiatzaren 20ra arte izanen dute hautagaitzak ofizialki pausatzeko. Hala, egoera ez da oraindik egonkorra, eta bozetara aurkeztuko diren hautagaien izenak ez dira erabat finkatuak. Alderdi zenbaitek, halere, aurkeztuak dituzte hautagaitzak; hala nola EH Baik. Ezkerreko beste hautagai batzuk abiatuak ziren, baina NUPES aliantzaren ondorioz, eztabaidak martxan dira oraino.

Zalantzak

Alderdietako tokiko egiturek ezkerra batzearen alde eginik ere, erabaki zentralista jomugan jarri dute; eta lekuko errealitatea bazter utzi dutela salatu dute gehienek. Izan ere, NUPESen barnean eginiko akordioaren arabera, Frantzia Intsumisoko hautagaiak izendatu behar dituzte Ipar Euskal Herriko bi hautesbarrutitan, eta PSkoa hirugarrenean. Beste alderdiek, ordea, uste dute beste alderdi batzuetako ordezkariak «egokiago» izan zitezkeela batasuna lortzeko.

Dena den, Ipar Euskal Herriko NUPESeko hautagaiak ezagutarazi dituzte jadanik: Frantzia Intsumisoko militante bat izanen da 6. hautesbarrutian: Tom Dubois; 5.ean, Sandra Pereira (Frantzia Intsumisoa), eta 4.ean, Iñaki Echaniz PSkoa—Oloroekoa da (Biarno) —. Honela mintzatu da Dubois aliantzaz: «Ezkerrarentzat, akordio historiko bat da. Batasun honek liberalak ikaratzen ditu. Ulertzen dut tokian tokiko egoera batzuek trabak sortzen ahal dituztela, baina baliabide guziak erabili behar ditugu irabazteko».

Hain zuzen, «traba» horiez mintzatu da Ana Etxeberri-Ezkurra EELVko Ipar Euskal Herriko bozeramailea. «Kasurako, 4. hautesbarrutian Julien Brunel eta haren ordezko Alice Leizeagezahar ekologistek kanpaina abiatua zuten. Barruti horretan pisua duten hautetsiak dira, hainbat elkartetan inplikatuak direnak. Zentzuzkoagoa iruditzen zitzaigun hautagai horien inguruan osatzea batasuna; baina Parisen erabaki da akordioa, tokiko errealitatea kontuan hartu gabe; domaia da». Oraingoz, Brunelek ez du erretiratu hautagaitza; ondoko egunetan biltzekoa da Les Pieds Sur Terre mugimendua —hainbat elkartek parte hartzen dute hartan—, erabakia hartzeko.

Hala, lekuan leku hautagaitza «disidenteak» sortzeko arriskua piztu du Parisko akordioak. Honela mintzatu da Joe Mendes PSko 5. hautesbarrutiko idazkaria: «Okzitaniako leku batzuetan, PSk bere hautagaiak aurkezteko erabakia hartu du, NUPESen ondoan. Hemen, ezkerreko hautesleen gogoa errespetatzea erabaki dugu, batasun hori onartuz, baina ez dugu ukatzen ahal akordio horren eginmoldea ez dugula gustukoa izan». Izan ere, Etxeberri Ezkurrak bezala, salatu du «akordio zentralista» izan dela. Ipar Euskal Herrian FIko hautagaiak izendatu izana ere jomugan ezarri du. «Adi egonen gara, marra gorri batzuk ez baitituzte pasatu behar, hala nola hizkuntza gutxituen eta euskal presoen gaiaren inguruan».

Duboisek segurtatu duenez, «FIk ez du arazorik eskualdeko hizkuntzekin». Dena den, «hauteskunde errepublikanoak» direla eta «kritikei men egin» behar zaiela uste du. «Frantsesen bizia aldatu nahi dugu baldintza hobeetan bizi daitezen. Usaiako bereizketen gainetik pasatu behar dugu».

Bi ezker

Ipar Euskal Herriko hautesbarrutietan, EH Bairen hautagaitzak ezkerreko beste alderdi baten presentzia eragiten du. Etxeberri Ezkurra: «EH Baik bere lekua badu arrunt, eta guk haiekin lan egiteko ohitura dugu, hala nola herriko bozetan. Zinez pena da tokian tokiko akordiorik ez egin izana, askoz ere logika handiagoa izanen baitzuen».

Mendesek ere EH Baik duen pisua izan du gogoan: «De facto bi ezkerren artean hautatu beharko dute hautesleek, ezker abertzalearen eta ezker errepublikanoaren artean. Komunean ditugu ildo batzuk; beste batzuk, ez. Baina beren lekua dute, dudarik gabe». Azken egunotan, PSk dudak izan ditu bere hautagai propioa aurkezteko 5. hautesbarrutian: Colette Capdevielle diputatu ohia. Azkenean, NUPESekin lortutako akordioa errespetatuko dute.

Maiatzaren 20ra arte, hala ere, hautagaitzak ez dira finkoak. Eskuinak eta eskuin muturrak ere hautagaiak izanen dituzte Ipar Euskal Herrian. Dena den, lehen itzuliko emaitzen araberakoa izanen da bigarrena, eta hautagaiek bigarren itzulirako hartzen duten estrategiak baldintzatuko du, hain zuzen, Ipar Euskal Herriko diputatuak nor izanen diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.