Ezkerreko alternatibaren aldeko apustua

Gemma Zabaleta, Manuel Diaz de Rabago, Javier Madrazo eta Daniel Arranzekin bildu da Arnaldo Otegi. Martxan jarri nahi dute aldaketa

Manuel Diaz de Rabago, Javier Madrazo, Gemma Zabaleta, Arnaldo Otegi eta Daniel Arranz, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
enekoitz esnaola
Donostia
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Gemma Zabaleta, Manuel Diaz de Rabago, Javier Madrazo eta Daniel Arranz EH Bilduren proiektuaren alde azaldu ziren otsailaren 25ean, Euskal Herri berria, ezker eskuz artikuluan, ezkerreko alternatiba bat eratzeko helburuz, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak elkarlanerako mezua helarazi zien martxoaren 1ean, bere blogean. Atzo hirugarren atala izan zen: bostak elkartu ziren, Donostiako hotel batean, «lan bilera batean», Zabaletak aipatu zuenez. Gero, hedabideen aurrean agertu ziren, eta Zabaletak eta Otegik hitz egin zuten. Haien arabera, bada garaia proiektu hori martxan jartzeko.

«Gure artikuluak eztabaida politikoa astindu du, nolabait», esan du Zabaletak. «Euskal gizarteari gogoeta moduan proposamena» eginda, «Euskadiko aldaketari hasiera» eman nahi diote. «Posible da ezkerretik eraikitzea alternatiba politikoa, eta behar-beharrezkoa da». Baina aitortu du aldaketa hori ez litzatekeela berehala helduko; «iraupen luzeko lasterketa bat da hau».

Diaz de Rabagoren, Madrazoren eta Arranzen izenean adierazi du EH Bilduri erronka hori bota nahi izan diotela, eta ezkerreko talde subiranistari eskatu diote «bere proiektua zabaldu» dezala«han jende gehiago sar dadin». Zabaletaren aburuz, funtsezkoa da EH Bildu Madrildik talde politiko autonomoa izatea «alternatiba haren inguruan oinarritzeko». Aldi berean, Euskal Herriko beste indar ezkertiarrei galdegin die ezkerrera begira dezatela. «Gure proposamena ez doa inoren aurka», gaineratu du, «euskal gizartearen eta hiritarren aldekoa da».

Berriro argitu du otsaileko artikuluaren lau sinatzaileak ez direla Euskal Herriaren independentziaren aldekoak, baina berretsi du erabakitzeko eskubidearen alde daudela, eta, areago, independentistek euren proiektua gauzatzeko aukera izatea defenditzen dutela. Halaber, «burujabetza handiagoa» aldarrikatu du—«kontua ez da soilik eskumen gehiago ala gutxiago izatea»—, euskal gizarteak «kalitate demokratiko eta ongizate handiagoa» izan ditzan. Azken batean, agenda eta diskurtso politiko berriak nahi dituzte. «Aurrea hartu behar da estrategikoki», eta deritzote modurik onena ezkerreko indarrek bat egitea dela.

Zabaleta eta Arranz PSE-EEko kideak izan ziren urteetan. Aurrena, Patxi Lopezen Jaurlaritzan sailburu izan zen 2009-2012 artean, eta bigarrena, Bizkaiko gobernadore zibila, 1994-1996an, Espainiako Gobernuan PSOE zegoela. Madrazo Ezker Batua-Berdeetako koordinatzaile nagusia izan zen 1995-2009an, eta Jaurlaritzako sailburu 2001-2009an, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zela, EAJ-EA-EB gobernu koalizioan. Diaz de Rabago, berriz, EAEko Auzitegi Nagusiko gizarte arloko salako presidente ohia da.

Argazkiaren «balioa»

«Argazki honek izugarrizko balioa dauka» esanez hasi du mintzaldia Otegik —«orain urte batzuk ezinezkoa zatekeen»—, eta nabarmendu du, EAEko bozak aurki diren arren, ez dela «operazio elektorala». «Etorkizunera begirako egitasmo estrategiko baten aldeko apustua egin dugu».

EH Bilduko koordinatzaile nagusiak iragarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «eredu kontserbadorearen alternatiba osatu» nahi dutela. Aldaketa hori ezkerretik, jarrera aurrerakoietatik eta erabakitzeko eskubidetik iritsi behar da, haren esanetan. «Fronte zabal bat eratzen jarraituko dugu. Mundu osoan erronka handiak izango ditugu datorren hamarkadan, eta aurre egin behar diegu, jendea jarrita erdigunean eta ez dirua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.