M-22. Udal eta foru hauteskundeak

Ezkerreko alternatiba aldarrikatu du Bilduk

UPN, PP, EAJ eta PSOEren politikek enpresa handien alde eta langileen aurka egin dutela kritikatu du

joxerra senar
Iruñea
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Amaitzear den legealdia krisi ekonomikoak baldintzatuta egon da, eta krisi horren aurka alderdi nagusiek —UPNk, PSOEk, PPk eta EAJk— hartu dituzten neurriak gogor kritikatu zituzten atzo, Iruñean, Bikendi Barea Bildu koalizioaren Nafarroako parlamenturako hautagai independenteak eta Garazi Urrestarazu Altsasuko udalerako zerrendaburuak. Alboan, azken urteetan Nafarroan izan diren lan gatazka esanguratsuenetako enpresetako langileak izan zituzten, hala nola Koxka, Dynamobel, Kybse eta Arfe-ko langile ohiak. Prentsaurrekoan, Bilduko hautagaiek nabarmendu zuten egungo politika ekonomikoen aurrean ezkerreko alternatiba badagoela.

Gauza bat esan, eta bestea egin. Urrestarazuren arabera, jarrera hori hartu dute egungo agintari politikoek, ongizate estatua babestuko zutela esan, baina ondoren krisiaren arduradunei, «bankuei», milaka milioi euro eman dizkietelako. «Enpresa handien eta multinazionalen mesedetan» daudela deritzo Bilduk. Hala, koalizioaren arabera, hezkuntzarako eta osasunerako ez da behar adina diru ematen, enpresei erregulazioko espedienteak onartzen zaizkie, eskubide sozialak murrizten ari dira, zerga politikak errenta handienei egiten die mesede, pentsiodunen eskubideen aurkako pentsioen erreforma onartzen da, zerga iruzurra babesten da...

Bilduk kritikatu du egoera hori ez dela soilik krisiaren ondorio, UPNk, PSOEk, PPk eta EAJk bultzatutako politika ekonomikoen ondorio ere badela adierazi du. Urrestarazuk nabarmendu du ziklo politiko berriaren atarian lan harremanak Euskal Herrian erabakitzea aldarrikatuko duela Bilduk. Era berean, azpimarratu du bultzatuko duten alternatibak ongizatea mantentzea eta soldata zein erretiro duinak bermatzea izango duela helburu.

Horretarako, beharrezkotzat jo du erakundeetan gehiengo berriak sortzea eta gizartea mobilizatzea. Eredu ekonomikoaren gaineko proposamenak Altsasuko Iortia kultur etxean aurkeztuko dituzte, larunbatean, 11:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.