Ezkerraldean euskara sustatzea bultzatu nahi du Ibilaldiak aurten

Portugaleteko Asti Leku ikastolaren aldeko jaia hilaren 26an izango da, eta 7,3 kilometroko ibilbidea izango du

Aurtengo Ibilaldia aurkeztu zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
«Aldapak leuntzen» saiatuko dira aurtengo Ibilaldian Portugaleten. Izan ere, Aldapa Leunduz leloak esanahi anitz ditu: Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko kaleetako aldapei eta egungo «aldapa ekonomikoei» egiten die erreferentzia, baita Ezkerraldean euskararen erabilerak dituen aldapa edo zailtasunei ere. Asti Leku ikastolak antolatuko du aurten Bizkaiko ikastolen aldeko jaia.

«Ibilaldia Ezkerraldean antolatzearen garrantzia» nabarmendu du Juan Carlos Gomez Ibilaldia elkarteko zuzendariak, aurtengo festaren azken xehetasunak aurkezteko atzo egindako agerraldian. Eskualdean euskararen ezagutza badagoela, baina, horren erabilera murritza dela eta, kezkatuta agertu dira antolatzaileak. «Euskaldun zahar zein etorkizunekoei» egin diete joateko deia: «Maiatzaren 26an bertan has daitezke euskara ikasten».

Irabaziak Asti Leku ikastolarentzat izango dira. «Aisialdi eta kirolerako jolastokiak egokitu eta bigarren hezkuntzako eraikin berria egin nahi dugu. Dena dela, ez dugu ahaztu behar Ibilaldiaren helburu nagusia Ezkerraldean euskara sustatzea dela», adierazi du Jesus Mari Bilbao ikastolako zuzendariak.

Egitaraua oso aberatsa izango dela azaldu du Cristina Roy aurtengo Ibilaldiko dinamizatzaileak. Bost gune atondu dituzte: «Gazteei egokitutako gune bi, familientzako beste bi, eta folk musikaren gunea ere izango da». Kontzertuen artean, Herri Oihua, Hesian, Skasti, Kherau, Gatibu, Zarama eta DJ Makala arituko dira, besteak beste. Haurrentzako ere hainbat jarduera izango dira: Irrien lagunak, karaokea eta apar festa, esate baterako. Elai Alai kultur elkarteak urtero antolatzen duen folklore azokarekin bat egingo du aurtengo Ibilaldiak. Herrian zehar, artisauak, Kataluniako casteller-ak eta kale animazioa izango dira. Gunez guneko programazioa eta jaiari buruzko informazio erabilgarria www.ibilaldia.com webgunean dago eskuragarri.

Garraio publikoa bultzatuz

Maiatzaren 26ko jaia Portugaleten izango den arren, Sestaotik eta Santurtzitik ere igaroko da ibilbidea; guztira, 7,3 kilometro izango ditu. La Benedicta kaia Galdemesko meategiekin lotzen zuen trenbidearen tunel zaharra ere egokitu dute egun horretarako. Portugaletera joateko, garraio publikoa erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek. Tren eta autobus zerbitzua egoteaz gain, hiru metro geltoki daude Portugaletera iristeko —Peñota, Portugalete eta Abatxolo—; Eskuinaldetik ere joan daiteke, Areeta geltokian jaitsi eta Bizkaia Zubia igarota.

Egunean bertan, hainbat esparrutan, euskararen erabilera sustatu duten elkarteak omenduko dituzte. Aurtengo gaia industria eta euskara da. Omenduak: Elai enpresa, Euskalit, Kontseilua, UZEI... «Zaila izan da arlo bi horiek batzea, euskarak industrian eta oro har lan munduan garatzeko dituen zailtasunak direla eta», esan du Gomezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.