Ezkerrak ez du uste irakasle berrien %70i euskara eskatu behar zaienik

Mendozarekin batzartu dira itun programatikoaren sinatzaileak.Ahal Dugu prest dago lan eskaintza publikoa onartzeko, baldintza batzuekin.Deialdiaren kontrako mozioak aurkeztuko ditu PSNk udaletan

Txema Mauleon, Jose Miguel Nuin eta Marisa de Simon Ezkerrako kideak, aurreko agerraldi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2015eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Bereari eutsi diote. Ezkerrako ordezkariek «asmo osoa» agertu dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren lan eskaintza publikoa atzera botatzeko, Jose Luis Mendoza kontseilariarekin batzartu eta hark aurkeztutako datuak ezagutu ostean ere. Argudio berririk ez dute eman, ordea: lan deialdiaren proiektua euskaldunen mesedetan «desorekatua» dagoela uste dute, eta «egungo errealitatea errespetatzeko» eskatu diote kontseilariari.

Ezkerrarekin bakarrik ez, gobernua babesten duten lau alderdietako ordezkariekin ere bildu zen Mendoza atzo goizean. Geroa Baiko eta EH Bilduko parlamentariak baikor atera ziren bileratik, eta orain arte kritiko azaldu diren Ahal Dugu-ko eledunek ere diskurtso leunagoa erabili zuten kazetarien aurrean.

«Lan eskaintza publikoaren prozesua gaizki planteatu da hasieratik», adierazi du Tere Saez Ahal Dugu-ko legebiltzarkideak: «Informazioa eskura izan gabe argitaratu zen proposamena, baina guretzat garrantzitsua da lan deialdia ongi ateratzea, behar larri bat delako». D ereduko lanpostuak murriztu gabe gaztelaniazko postuen eskaintza handitzea proposatu du Saezek: «Ratioak eta eskola orduak jaitsita, gaztelaniazko lanpostu batzuk gehiago eskaini ahalko lirateke».

Ezkerrak, berriz, ez du koma bakar bat ere aldatu bere diskurtsoan. Marisa de Simon parlamentariaren aburuz, lan eskaintza «onartezina» da, egungo behin-behineko irakasleen %70ek ez dakitelako euskaraz. «Kontseilariaren argudioek ez gaituzte gogobete. Ez dago justifikaziorik lanpostuen banaketa hori egiteko». Legebiltzarrak bihar eginen duen osoko bilkuraren zain daudela gaineratu du De Simonek: «Kontseilariak han emanen dituen azalpenak entzunen ditugu, eta horren arabera, erabakiak hartuko ditugu, arazoa konpontze aldera».

Geroa Baiko kide Maria Solanak onartu du lan eskaintza publikoaren berri emateko modua ez zela «egokiena» izan, baina Ezkerra eta Ahal Dugu-ren jarrera kritikatu du, «jendaurrera protesta egitera atera aurretik ez direlako gai izan ez informatzeko, ezta kontseilariarekin edo itun programatikoko beste alderdiokin batzartzeko ere». Zehazki, Ezkerraren planteamenduak «alferrikako lanpostu asko sortzea» eraginen lukeela esan du Solanak.

EH Bilduko parlamentari Miren Aranoaren esanetan, proposamenaren akatsa «formari dagokio, eta ez funtsari». PAI programari egotzi dio Aranoak orain gertatzen ari denaren ardura: «PAI programa hain arduragabeki sustatu zutenek eragin dute arazoa; hau da, irakasle elebakar gehiegi daudela, eta, ondorioz, tokiz aldatu beharko direla».

Udaletan eta parlamentuan

PSN eta PP alderdiek ere ez dute eztabaidatik kanpo gelditu nahi izan, eta proposamen bana aurkeztu dute, Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatzeko. PSNk, adibidez, «parlamentuaren nahia» betetzeko galdea egin dio Hezkuntza kontseilariari. «Hamar lanpostutik zazpi euskaraz izatea planteatzen duen proposamen horren kontra azaldu da legebiltzarraren gehiengoa; beraz, atzera egin beharko luke Mendoza kontseilariak».

Helburu horrekin, Nafarroako udaletan mozioak aurkezteari ere ekin diote sozialistek. Oraingoz, Iruñean eta Tuteran aurkeztu dituzte agiriak, udalbatza horiek hezkuntzako lan eskaintza publikoa gaitzets dezaten.

PPk Hezkuntza Batzordean duen ordezkari Javier Garciak, berriz, hezkuntza ereduei buruzko osoko bilkura monografikoa egiteko eskatu du Nafarroako Legebiltzarrean, «gobernu honek Nafarroa euskalduntzeko duen asmoarekin kezkatuta». Garciaren aburuz, hezkuntzako lan deialdi proposamena «sektarioa» da, eta ingelesa nahiz gaztelania baztertzen ditu. PAI programa berraztertzeko asmoa ere gogor kritikatu du PPko eledunak, «erabaki horrek beste erkidegoen atzetik paratuko baitu Nafarroa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.