Udal eta foru hauteskundeak. Bizkaia

Ezkerrak Durango galdu du, «siglak lehenesteagatik»

Javi West Larrañaga.
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilbon eta Bizkaian EAJ nagusi izango zela aurreikusten zen, eta hala izan da. Udal jakin batzuetan egon da lehia. Durangokoa eta Galdakaokoa ziren EH Bilduk Bizkaian zeuzkan udalik garrantzitsuenak: bata galdu egin du, eta bestea, berriz, mantendu.

Durangon, aztertzekoa da ezkerraren garaipen pirrikoa. EH Bilduk gora egin du —zazpitik bederatzira—, eta lehen indarra bilakatu da, historian lehen biderrez, baina haren bazkidea zatituta aurkeztu da, eta lautik batera jaitsi. Herriaren Eskubidea eta Elkarrekin Podemos batera aurkeztu ziren 2019an, eta, lortutako emaitzei esker, EH Bilduk eta moreek eskuratu zuten udal gobernua. Oraingoan, bakoitza bere aldetik aurkeztu da, eta gogor zigortu ditu zatiketak. Zinegotzi bakarra lortu du Herriaren Eskubideak, 946 botorekin, eta udaletik kanpo geratu da Elkarrekin Podemos, 645ekin. Batera aurkeztuz gero, 1.591 lituzkete, PSE-EEren 1.182en eta PPren 881en aurretik. Horrela, zinegotzi bi lortu, eta EH Bilduk alkatetza mantentzeko beste lituzkete. Hala, EAJren alkategai Mireia Elkoroiribek atzo adierazi zuen «itun bila» hasiko dela gobernatzeko.

Herriaren Eskubideko Neskutz Rodriguezek, Batzar Nagusietan Podemoseko bozeramaile izandakoak, gogor salatu du alderdikide ohiek eginikoa. «Elkarrekin Podemosek EAJri eman dio Durangoko alkatetza. EPk lehertu egin du Durangorentzat dugun udal proiektua, siglak lehenesteagatik», adierazi du Twitterren. David Hernandez EPko alkategaiak adierazi du gertatutakoaz hausnartuko dutela: «Udaletik kanpo geratu gara. Orain, hausnartzeko eta autokritika egiteko sasoia da».

Galdakaon, EH Bildu

Galdakaon, berriz, alkatetza bermatu du koalizio abertzaleak. 2019an, berdinduta egon zen EAJrekin, seina zinegotzirekin, eta lau alderdiren arteko akordioarekin lortu zuen alkatetza. Oraingoan, alde handiz nagusitu zaizkie jeltzaleei: seitik bederatzira igo dira. Halere, Iñigo Hernando jarduneko alkateak esan du gobernu akordioa errepikatzen saiatuko dela.

EH Bilduk Durango galdu du, baina Bermeo berreskura dezake. EAJ izan da garaile han, baina koalizioaren (bost zinegotzi) eta Guzan herri plataformaren (lau) batura nahikoa litzateke jeltzaleak (zazpi) agintetik kentzeko. Beste herri txikiago batzuk berreskuratu ditu EH Bilduk: Lekeitio, Plentzia (gehiengo osoarekin), Zaldibar... Eta beste batzuk eskuratu: Markina-Xemein, Fruiz, Lemoiz eta Alonsotegi, Iñigo Urkullu lehendakariaren herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.