Xabier Oleagak editatutako Confluir para transformar. Testimonios de encuentro desde la izquierda liburua argitaratuko dute aurki, gazteleraz (Bat egin eraldatzeko. Ezkerretik egindako elkartzearen testigantzak). Ezkerrak bat egiteaz hausnartuko dute zenbait pertsonak liburuan. Sei elkarrizketak osatzen dute. Jatorri desberdineko sei ezkertiarri egin die elkarrizketa Oleagak: Manuel Diaz de Rabago EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratu ohiari, Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiari, Javier Madrazo sailburu ohiari, Pili Zabala legebiltzarkide ohiari, Daniel Arranz Bizkaiko gobernadore zibil izandakoari eta Paul Nicholson EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko kide izandakoari.
Hitzaurreak Xalbier Oleagak berak, Marisa Matias Bloco d’Esquerdako eurodiputatu portugaldarrak eta Alejandro Sanchez Pacha Uruguaiko Frente Amplioko senatariak ondu dituzte. Epilogoa, berriz, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ondu du.
Pacha Euskal Herrian dago orain, eta horren ondorioz eman dute liburuaren berri, nahiz eta argitaratu gabe dagoen. Oleagak nabarmendu duenez, liburua egiten parte hartu duten pertsonek komunean dute borondate bat: ezkerrak bat egitea. Subiranotasunaren kontzeptuarekin «eroso» sentitzen dira seiak, eta gizartearen eraldaketa dute helburu. Liburua hauteskunde kanpainaren garaitik at egiteko gogoa adierazi du Oleagak.