«Ezkerra zabaldu» nahian baina EAJri «erabat leial» aurkeztu da Andueza

PSE-EEko idazkari nagusi izateko hautagaitza berretsi du. Soraya Morla Basauriko zinegotzi ohiak ere aurkezteko asmoa agertu du

Andueza, atzo, pozik, bere hautagaitza aurkezteko agerraldian. M. DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
«Apaltasunez eta erabakitasunez» hasi du Eneko Anduezak PSE-EEren lidergorako bidea: «Nire onena emateko ilusioz, PSE-EE herri honetako etorkizunean giltzarri izan dadin». Idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu zuen ofizialki atzo, Bilbon. Azken zazpi urteetan Idoia Mendiak urratutako bideari jarraitzeko prest agertu zen: sozialistek EAJrekin dituzten gobernu akordioei «erabateko leialtasuna» adierazi zien, baina «ezkerra zabaltzeko» borondatez ere mintzatu zen. Azaroaren 20an eta 21ean egingo duen IX. kongresuari begira dago alderdia: idazkari nagusia aukeratzeko primarioak urriaren 30etik azaroaren 6ra egingo dituzte, hautagai bat baino gehiago baldin badago. Eta hala izan daiteke: Basauriko (Bizkaia) zinegotzi ohi Soraya Morlak aurkezteko asmoa agertu du.

Asteartean Idoia Mendiak karguan segitzea baztertu zuenean, Eneko Anduezaren izena agertu zen kinieletan haren ordezko gisa, eta hautagaitza ofizial bihurtu aurretik ere babesa adierazi zioten hainbat kidek, zeharka bada ere. Jarraitutasunaren taldea izango baita Anduezarena. Mendiaren «eskuzabaltasuna eta zintzotasuna» ez ezik, haren lana ere goratu du hautagaiak: «Euskal politikaren ardatza da PSE».

Halere, garaiotako erronkei eta premiei erantzuteko, «sozialismoa indartu» behar dela uste du Anduezak. Bide horretan, «euskal ezkerraren espazioa zabaltzearen» alde mintzatu da: «Benetako Euskadiko Ezkerra gara». Ahal Dugu-rekin eta EH Bildurekin akordio sendoak egiteko aukeraz galdetuta, ez du aterik itxi: «Sozialistek ez dugu begiratzen akordioak norekin egin, baizik zertarako. Bide orria argi eduki behar da: zerbitzu publikoak indartzea eta herritarren bizi baldintzak hobetzea ezinbestekoa da. Horrekin bat datozenek akordiorako prest izango gaituzte».

Halere, EAJrekin dauzkaten gobernu akordioei «erabateko leialtasuna» agertu die Anduezak. Hain justu, hori izango da PSEko kanpainaren eztabaidetako bat; izan ere, Morlak auzitan jarri ditu jeltzaleekiko itunak, «alderdiaren esentzia galarazi» dutelakoan. Aldiz, Anduezak aitortu du gobernu akordioekin «eroso» dagoela: «Instituzioei egonkortasuna ematen badiete eta bion arteko lana onuragarria bada gizartearentzat, horretan segituko dugu. EAJrekiko akordioen bide orriak zigilu sozialista eta progresista dauka».

Gipuzkoako PSEko buru

Jeltzaleekiko desadostasunak ere ahotan izan ditu, edonola ere. Autogobernuaren alorrean, pandemia garaiko «kogobernantza» aldarrikatu du: «Ez dugu nahi tentsionamendu artifizial identitariorik. Bere egitura politiko eta juridikoa errespetatuko duen Euskadi bat nahi dugu, aniztasun politikoa eta bizikidetza babestuko duena, Espainiarekin erlazio federala izango duena».

Ibilbide luzea egina du Eneko Anduezak PSEn: Gipuzkoako idazkari nagusia da 2017tik, eta alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailea legegintzaldi honetan. Eibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1979an, eta 18 urterekin afiliatu zen PSEn; ordutik hainbat kargu politiko izan ditu: besteak beste, Iñaki Arriolaren alboan.

Soraya Morla, ordea, ez da hain ezaguna. Berri agentziei adierazi dienez, hautagaitza berresteko berme nahikoak lortuko dituelakoan dago; 2017an PSOEko primarioetan Pedro Sanchezen alde agertutako kideek osatuko dute haren taldea. PSE ez du indartsu ikusten: EAJrekiko akordioen ondorioz, «gero eta gehiago urtzen ari da, nortasuna galtzen», eta horregatik ez ditu berreskuratu azken urteetan galdutako botoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.