Ezker konfederaleko militante talde batek batzar batera deitu du, «banaketa suizidari» amaiera emateko

500 lagunek baino gehiagok egin dute batzarrean parte hartzeko deia; Bilbon egingo dute, maiatzaren 11n. «Kezka» azaldu dute Sumar eta Ahal Dugu bozetara batera ez aurkezteak izandako eraginarengatik.

Sumarren bozetarako hautagaiak, kanpainako ekitaldi batean. JON URBE / FOKU
Sumarren bozetarako hautagaiak, kanpainako ekitaldi batean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko apirilaren 30a
13:35
Entzun

Ezker konfederaleko 506 kidek batzar baterako deia egin dute, Ahal Dugu-ren eta Sumarren arteko «banaketa suizidari» amaiera emateko eta bien arteko «batasuna berrezartzeko» asmoz: «Agerikoa da boto banaketak gure ordezkaritza eta ekintza politikorako gaitasuna ahuldu dituela».

Azaldu dutenez, maiatzaren 11n egingo dute batzarra, Bilbon, eta haren helburua izango da «hausnarketa eta zuzenketa bateraturako epe bati» bide ematea, Europako Parlamenturako bozen atarian. Izan ere, uste dute Eusko Legebiltzarrerako bozetako emaitzak «kezkatzeko» modukoak direla: Sumarrek ordezkari bat izango du parlamentuan, eta Elkarrekin Podemosek, batere ez. Gainera, salatu dute esparru politikoa banatu izanak boto galera nabarmena eragin diela denbora tarte txikian: iazko udal eta foru hauteskundeetan izandako babesaren %20 inguru galdu dute.

Deialdiarekin bat egin dute, besteak beste, Elkarrekin Podemosen Bizkaiko Batzar Nagusietako eledun Eneritz Madariagak eta haren taldekide Richard Vaquerok; azken hori Elkarrekin Podemosen Bizkaiko zerrendakide izan zen Eusko Legebiltzarrerako bozetan. Tartean dira Ahal Dugu-ko beste zenbait kide ere, baina baita Sumar osatzen duten alderdietakoak ere.

Horietako batzuek hauteskunde kanpaina aurretik ere egin zuten batasunerako deia, Ahal Dugu eta Sumar negoziazio betean zeudenean, eta sinadura bilketa bat ere egin zuten, zerrenda bateratu bat sortzea helburu hartuta. Halere, elkarrizketek ez zuten amaiera onik izan, eta bakoitza bere aldetik aurkeztu zen: batetik, Ahal Dugu eta Aliantza Berdea; bestetik, Sumar Mugimendua, Eker Anitza-IU eta Equo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.