Alderdi politikoek aldez aurretik erabakitzen dute hauteskunde kanpainan zein eduki jorratuko duten gehiago eta zein gutxiago, kontuan hartuta zein mezu eman nahi dituzten eta zein ez, eta, betiere, helburu izanda boto emaileak eskuratzea edota lehiakideak higatzea. Aspaldian hasitako kanpainaurreak argi islatu du garaipena lortzeko aukera gehien dituztenak, hau da, EAJ eta EH Bildu arlo sozialean ariko direla batez ere, zerbitzu publikoak ardatz dituzten ereduak aurrez aurre jarrita.
Pandemiak eta pandemiaren ostekoek zerbitzu sozialetan izandako eragina dela medio, ezker-eskuin ardatza gailendu da azken legealdian koalizio abertzalearen eta jeltzaleen arteko eztabaida politikoan, eta espero izatekoa da kanpainan ere Osakidetza, etxebizitza politika, enplegua, zaintza eredua eta beste eduki sozial batzuk izatea maizenik hizpidera ekarritako gaiak. Ez alferrik, Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroaren arabera, enplegua, osasuna eta etxebizitza dira herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak.
Nortasuna, naziotasuna eta burujabetza bigarren mailan geratu dira orain arte, nahiz eta estatus berriaren edukia hizpidera ekartzen ari diren apurka, baina ez da espero abertzaleek estrategia hori iraultzea. Hala ere, apirilaren 21ean izango diren bozen kanpainaren atarian egokituko da Aberri Eguna, martxoaren 31n, eta burujabetzaren inguruko mezuei ezin izango diete izkin egin ez batzuek eta ez besteek.
Aktualitatea, bere bidetik
Izan ere, aktualitateak bere bidea egiten du sarritan, alderdien erabateko kontroletik at, eta ezusteetara egokitzeko gaitasunak sortzen du aldea batzuetan, aurreko hauteskunde batzuetan agerian gelditu den moduan. Esaterako, kaleko istiluek eta horiei aurre egiteko Ertzaintzaren oldarraldiek leku nabarmena hartu dute azken egunetan agenda politikoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak EH Bilduren aurkako akusazio larriak egin ditu zeharka –iradoki du istiluen jatorria koalizioaren «dendaostean» dagoela– eta horrek garbi asko erakutsi du alderdien estrategia antzematea ez dela hain erraza batzuetan. Polizia eredua eta Ertzaintzaren barruan sindikatu batzuk jokatzen ari diren rola ez zeuden kanpainako hizpide nagusien zerrendan, baina azken asteotako zaurituek eta Ertzaintzaren oldarraldien nondik norakoek adierazpenak egitera behartu dituzte batzuk eta besteak.
«Orain arte Iñigo Urkullu lehendakariak ezarri du agenda, bozen epeak haren esku egon baitira, baina, orain, kanpainaurreak bere bidea hartu du, eta inkesta jakin batzuen itzalean abiatu da», esan dio BERRIAri Hauda aholkularitza enpresako politologo Aner Ansorenak (Lekunberri, Nafarroa, 1995). Inkesta horietan, herritarrei ez zaie galdetzen bakarrik nori emango dioten botoa, baizik eta zer kezka dituzten, zer edukiri buruzkoak. «Alderdiek informazio asko lortzen dute galdeketa horien bidez», haren hitzetan, eta kanpainak diseinatzeko orduan «garrantzi handia» du informazio horrek.
«Bi kudeaketa eredu daudela helarazi nahi dute, EAJrena eta EH Bildurena, eta beste guztiak burua atera nahian dabiltza testuinguru horretan».
ANER ANSORENA Hauda aholkularitza enpresako politologoa
EH Bildu eta EAJ «gai jakin batzuekin» ari direla azaldu du Ansorenak, beste batzuk bigarren mailan utzita, «baina beste alderdi batzuek beste hautu batzuk egin dituzte». Kontua da koalizio abertzaleak eta jeltzaleek «protagonismo guztia» hartu dutela euren arteko lehia estuari esker, politologoaren esanetan. «Gobernabidea lortzeko gaitasuna helarazi behar dute biek: jendeak pentsatu behar du gobernu baten lidergoa izan dezaketela, eta, horretarako, kudeaketaz hitz egin behar da». Hari horri lotua dago, hein batean, gai sozialen aldeko hautua: «Bi kudeaketa eredu daudela helarazi nahi dute, EAJrena eta EH Bildurena, eta beste guztiak burua atera nahian dabiltza testuinguru horretan».
PSE eta PP, independentziaz
Eta nola ari dira beste batzuk burua atera nahian? Hain zuzen, independentzia eta nortasuna ahoan hartuta. Horretan dabiltza PSE-EE eta PP, Ansorenaren esanetan. «Badakite gai horri erreparatuta bakarrik euskaldun sentitzen ez diren herritarrengana irits daitezkeela». Abertzaleek, ordea, beste estrategia bat dute. «Lelo nagusiei erreparatzea baizik ez dago: Indar berria da EAJrena, eta Erabaki aldaketa EH Bildurena. Biak dira euskara hutsean, baina biek jartzen dute arreta atal sozialean».
Ansorenak dio ikurrin asko ikusiko direla kanpainan, «folklore kutsua» ez dela faltako ez jeltzaleen artean ez koalizioaren ekitaldietan ere, eta tarteka nazio auziaz ere ariko direla; «beste gauza bat da eduki horri buruzko eztabaida handietan sartu nahi ote duten, orain arlo hori ez baita funtsezkoa haientzat». Haudako politologoak ziurtatu du bai EAJk eta bai EH Bilduk botoak eskuratu nahi dituztela abertzaleen esparrutik kanpo ere. «PSEtik eta PPtik boto transferentzia egotea nahi izango du EAJk, eta EH Bilduk, berriz, Sumar eta Elkarrekin Podemosen esparrutik lortu nahiko ditu botoak, eta baita EAJrenetik ere».
Eta Koldo auziak izango al du eraginik kanpainan? Ansorenak uste du izatekotan «oso apala» izango dela. «PP saiatuko da auzi hori eztabaidan sartzen PSEri kalte egiteko, baina agenda beste batzuek ezarriko dute, eta esango nuke inori ez zaiola interesatzen horretan indarrak xahutzea».