Finantza erakundeen jarduna eta alderdi politikoek haiekin daukaten jarrera salatu du Ezker Batuak. Raquel Modubar Bizkaiko zerrendako lehenak salatu du EAJ, PSE-EE eta PP «bankuen akolito» bihurtu direla, eta langileen eta langabeen «etsai». Diru publikoa finantza erakundeei ematearen aurka egin du Ezker Batuak. Erreskatea bankuek ez, «pertsonek» behar dutela aldarrikatu du, eta mozketak salatu ditu.
Bilbon protesta gisako ekitaldi bat egin zuten atzo Ezker Batuko hogei bat ordezkarik. Santander banketxearen atarian elkartu ziren. Finantza erakundeetako arduradunen aurkako afixak eskuan hartuta protestatu zuten, eta kartel bat zabaldu: Errudunentzat kartzela, erreskatea pertsonentzat leloa zeukan idatzita.
Kanpainan gisa horretako ekitaldia egitearen helburua «borreroei mozorroa kentzea» da, Modubarren esanetan. Haren iritzirako, izan ere, banketxeek eragin dute oraingo krisi ekonomikoa: «Banketxeak dira errudun nagusiak. Enpresa handiekin batera, herritarrak pobretzen ari dira, hipoteka maileguen bitartez».
Aldaketak hipoteketan
Hauteskundeetan bi aukera daudela ohartarazi du Ezker Batuak: «Botoa EAJri, PSE-EEri edo PPri ematea da aukera bat, bankuen akolito eta langileen etsaiei, beraz; beste aukera da Ezker Batuari ematea, pertsonen bizitzen eta etorkizunaren alde egiteko».
Proposamen batzuk jarri ditu mahai gainean Modubarrek. Besteak beste, Hipoteka Legea aldatzea nahi du: «Uste dugu familia bateko kide bat lanik gabe geratzen denean eten egin behar dela hipotekaren ordainketa, eta lana aurkitu arte ez zaiola kobratzen hasi behar». Finantza sistema «arrazionalizatzeaz» ere aritu da. Salatu du, ordea, alderdi gehienek ez dutela horrelakorik egin nahi, mozketak egiten dituztela.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina
Ezker Batuak esan du EAJ, PSE eta PP orain bankuen «akolito» direla
Erreskatea «pertsonek» behar dutela adierazi du Modubarrek, eta salatu du banketxeen jardunak sortu duela krisia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu