Ezker Batuak amaitu du bere ibilbidea

Ezkerra «elkarguneari» bide emateko, alderdi gisara desagertzea erabaki du EBk. Herritarrei protagonismoa eman nahi die Ezkerrak, baina ez dela bozetara aurkeztuko ziurtatu du; herritar zerrendak sustatuko ditu udal hauteskundeetan.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ezker Batua iragana da; Ezkerra, etorkizuna». Horrela iragarri du Jose Navas Ezker Batua-Berdeetako buruzagiak alderdiaren amaiera. 1986an sortutako alderdia Ezkerra «topagunera» batuko da. Oraingoz Plataforma Ciudadana eta Republicanos taldeekin osatuko du «bilgunea», eta «herritarrei protagonismoa ematea» izango du helburu.

Ia oharkabean eman du albistea Navasek, Ezkerra zer izango den azaltzeko agerraldian. Ezkerreko indarrek «eztabaidarako eta jardun politikorako» izango duten plataforma sortzen ari direla kontatu du; gizartea asko aldatu dela eta herritarrak ahalduntzeko garaia iritsi dela. «Sigla tradizionalen aliantzen garaia» amaitu dela esan du. «Goi kargudunen akordioek» jada ez dutela zentzurik eta «herritarren itunak» direla beharrezkoak.

Bilgune berriaren bidez herritarren mugimendua bultzatu nahi du, hortaz. Izan ere, haren ustez, azken urteetako protestek erakutsi dute «bipartidismoaren nagusitasuna» hautsi daitekeela. «Sumintzetik mobilizaziora igaro gara, eta, orain, herritarrek instituzioetara iristeko duten zilegitasunera egin dugu jauzi».

Ez da aurkeztuko bozetara

Baina ohartarazi du Ezkerra ez dela sortu hauteskundeetara aurkezteko, eta ziurtatu ez duela parte hartuko datorren urteko bozetan. Herritarren mugimendua erdigunean jartzeko, 2015eko udal bozetan herritar zerrendak sustatuko ditu.

Herritarren indarrak batuta «ahalmena biderkatu» nahi duela dio EBko buruak. Eta Podemosi begiratzen dio, inbidiaz bezala. Harekin elkarlanean aritu nahi lukeela esan du. Areago, hobe plataforma berean izango balitz: «Bat egitea espero dugu».

Baina badaki Podemos barne mailan osatzen ari dela. Prozesu hori «errespetatzen» duela esan du Navasek, eta, bitartean, zain egon gabe, Ezkerra plataforma eratuta beste «estrategia» batean murgiltzea erabaki dutela. Bide horretan, EBk «kontagailua zeroan» jarri duela adierazi du. «Ezker Batuak jada egin ditu bere azken urratsak». Alderdi gisara «existitzeari utzi dio».

Hala ere, ez ditu zalantza guztiak argitu. Ezkerran hainbat talde bilduko direla azaldu du, baina zehaztu du bakoitzak «bere izaerari» eutsiko diola. Antolaketa ereduari buruzko galdera ikurra airean geratu da, are gehiago Ezker Batua alderdien zerrendatik ez dela desagertuko aitortu duenean.

Ondasunen borroka

Beste arrazoi bat egon liteke ez desegiteko erabaki horren atzean: 2010. urtean EBk izan zuen zatiketatik Ezker Anitzarekin duen liskarra. Bi adarrek beretzat aldarrikatzen dute EB deitura, eta lehia auzitegietan dago oraindik. Borroka izenarekin lotuta dagoen arren, arrazoi ekonomikoak ere badaude atzean, izenari buruzko erabakiarekin batera doalako egoitzari buruzkoa. Lehengo EBren ondasunak noren esku geratuko diren, alegia.

Gainbehera eta liskar etengabeen azken etapa da ondasunen ingurukoa; oraindik amaierarik ikusi ez duena. 2008an hasi ziren azken urteetan gero eta ageriagoak ziren barne haserreak lehertzen, giro gaiztotua jasanezin bihurtu zen arte.

Baina EBk izan du gozoaldirik ere. 1986an sortu zen, Espainiako Estatuari NATOtik ateratzeko eskatzeko sortu zen plataformaren hazitik, Izquierda Unidaren federazio gisa. Indar txikia izan zuen lehen urte haietan, baina 90eko hamarkadan erabat indartu zen.

1994. urtean jo zuen goia, Berdeekin elkartu ondoren. Hauteskundeetan 93.000 bototik gora eta sei legebiltzarkide eskuratu zituen. Javier Madrazo izendatu zuten legebiltzar taldeko bozeramaile. Ordurako alderdiko koordinatzaile nagusi ere bazen. Hamalau urtez bete zuen kargu hori.

1998. urtean, ordea, giroa nahasten hasi zen. EBk Lizarrako Akordioa sinatu zuen, eta, handik hilabetera egin ziren hauteskundeetan, sei legebiltzarkidetik lau galdu zituen. Ituna sinatu izanari egotzi zioten galera batzuek; beste batzuek, urte hasieran EAJrekin eta PSErekin sinatutako akordioari.

2001. urtean hiru legebiltzarkide eskuratu eta hirukoa osatu zuen Eusko Jaurlaritzan EAJrekin eta EArekin. Juan Jose Ibarretxe zen lehendakaria, eta, Jaurlaritzaren politikari ezker ukitua emateko asmoen ondorioz, berriz goranzko bidea hartuko zuela zirudien. 2005eko hauteskundeetan hiru eserleku lortu zituen, baina hortik aurrerako bidea hausturaz josia izan zen.

Jaurlaritzan izan zen garaian etxebizitzari lotutako aurrerapauso batzuk lortu zituen EBk, baina, gainerakoan, EAJren zurrunbiloak harrapatuta geratu zen. Askok leporatu zioten besaulkira gehiegi lotu izana. Hortik aurrera, ezin izan zuen bururik altxatu.

2009ko hauteskundeen ondotik etorri ziren hausturak. EBk legebiltzarkide bakarra eskuratu zuen, Madrazok dimisioa eman zuen, eta Mikel Arana aukeratu zuten alderdiko koordinatzaile.

Oskar Matutek aldaketa sakonagoak nahi zituen. Ezin zuela lortu ikusita, alderdia utzi zuen, zuzendaritzari ezkerreko bidea galdu izana egotzita. Alternatiba sortzeko bideari ekin zion.

Liskarrik handienak ondoren etorri ziren, halere, Aranaren taldeak EB IUra organikoki lotzea erabaki zuenean. Madrazoren ildokoek EBk autonomo izaten jarraitzea nahi zuten, eta liskarrek goia jo zuten, banatzeraino.

Banaketaren ondoren, bi aldeek nahi zituzten EBren ondasunak: izena eta egoitza. Borroka latzak izan dituzte, eta, egun, Madrazoren ildokoek dituzte. IUk babesten duen Aranaren ildoa Ezker Anitza deitzen da.

Bi adarretako bat desagertu egingo da alderdi gisara, baina izena eskuratzeko borroka ez. Hasieran Bilboko Epaitegiak Madrazoren aldekoei arrazoi eman zien arren, 2014ko martxoan Bizkaiko Auzitegiak hori erabiltzeari uzteko eskatu zien, izena IUri dagokiola argudiatuta. EBk jarria du helegitea Auzitegi Gorenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.