Ezker Anitzak ontzat jo du nazio auziaren eztabaida ireki izana

gotzon hermosilla
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Ezker Anitza-IUk ontzat jo du Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen ingurumarian nazio auzia berriro ireki izana, eta eztabaida horri ekiteko «prestasun osoa» agertu du.

Antolakuntza idazkari eta Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Iñigo Martinez Zatonek esan duenez, azken hamarkadetan defendatu duten proposamena berretsiko dute oraingoan ere: nazioen eta erregioen «borondatean» oinarritutako «estatu federal errepublikanoa». Edonola ere, Ezker Anitza-IUk uste du eztabaida horrek ezin duela ostendu «eskubide zibil eta sozialen» ingurukoa, eta prest agertu da aurrerantzean ere eztabaida hori mahai gainean jartzeko.

Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, nazio auziaren inguruan egindako proposamena ere ontzat jo du Martinezek, eta gaineratu du horren xehetasunak jakin arte zain egongo direla balorazio zehatzago bat egiteko, baina «harridura» ere agertu du Urkulluk Espainiako Gobernuaren osaketaren negoziazioen ingurumarian egin duelako bere proposamena.

Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde Idoia Mendiak esan du Urkulluk egindakoa ez dela sozialisten proposamena: «Hori mundu guztiak daki, eta berak ere bai».

Edonola ere, «alde positiboak» ikusten dizkio Mendiak Urkulluren proposamenari. Haren ustez, Urkulluk «aldebakartasunari» uko egin dio bere planteamenduan: «Ekinbide horrekin, onartzen ari da edozein proposamen [Espainiako] konstituzioaren esparruan egin behar dela, eta aldebakartasunean oinarrituta ezin dela aurrera egin».

Urkulluk proposatu du «konstituzioaren zati baten interpretazio adostua» egitea nazio auziari irtenbidea bilatzeko. Mendiak, aldiz, uste du badagoela konstituzioa interpretatzeko eginkizuna duen organo bat, «eta hori Auzitegi Konstituzionala da».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berria adosteko eztabaida gogora ekarri du Mendiak, eta esan du Eusko Legebiltzarrean eztabaida horri ekin ziotenean alderdi abertzaleak ez zirela gauza izan «haien artean ados paratzeko».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako PPren presidente Carlos Iturgaitzek, berriz, «burutaziotzat» jo du Urkulluren proposamena, eta gaineratu du horren asmo bakarra «eldarnio nazionalistak asebetetzea» dela. Haren ustez, Espainiako Konstituzioa «arriskuan» dago: «Konstituzioa ezin da utzi hura suntsitu eta hankapean ibili nahi duten sezesionisten eskuetan». Iturgaitzen iritziz, konstituzioa aldatu beharko balitz, hori «espainiar guztien zeregina» litzateke, eta ez soilik «sezesionistena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.