Ezker Anitzak lanean segituko du legebiltzarretik at

Isabel Salud aukeratu dute alderdiko koordinatzaile berri gisa, Mikel Aranak dimisioa eman eta gero

Erredakzioa
Bilbo
2012ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan lortutako emaitzak «txarrak» izan badira ere, Ezker Anitza-IUk uste du baduela «lekurik» euskal gizartean. Legebiltzarrean ordezkaririk gabe geratu zen Ezker Anitza joan den hauteskundeetan, baina lanean jarraitzeko asmoari eusten diote alderdikoek. Isabel Salud alderdiko koordinatzaile berriak jakinarazi duenez, Eusko Legebiltzarretik kanpo lanean jarraituko dute, sinetsita baitaude alderdiak «etorkizuna» baduela, «euskal gizartean ezinbestekoa delako izaera antikapitalista, federalista eta errepublikanoa duen indar politiko bat».

Mikel Aranak dimisioa emanda, haren tokia hartu du Saludek alderdian. Aranak Ezker Anitzan egindako «ekarpena» eskertu du Saludek prentsaurreko batean. Hemendik aurrera, alderdiko Kontseilu Politikoan jarraituko du Aranak, proiektuan «sinesten» duelako eta uste duelako benetako aukera dutela politika «beste modu batez» egiteko.

Hauteskundeetan izandako deskalabruaren ondoren, «sakoneko hausnarketa» hasi du Ezker Anitzak, eta zenbait aldaketa egingo ditu, Saludek jakinarazi duenez. Haren ustetan, gainera, osatuko den legebiltzar berriak «Europako politiken jarraipen hutsa» egingo du eta herritarren aurkako politikak ezarriko ditu.

Grebarekin bat

Alternatiba, Ezker Anitza-IU, Antikapitalistak, Equo, Gorripidea eta EPK taldeak datorren asteazkeneko greba orokor deialdiaren alde azaldu dira, agiri baten bidez. Astelehenean, elkarretaratze bat egingo dute Bilbon, jendea lanuztea egitera animatzeko. CCOO, UGT eta Espainiako Estatuko 150 gizarte erakundek deitu dute grebara, murrizketen aurka egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.