Ezker Anitza-IU eta Iratzarri-Eki alderdiek koalizioan batzea erabaki dute. Europari begira jarri eta ezkerrak batzeko helburuz egin dute koalizioa, eta Europako hauteskundeetara beste alderdi batzuekin aurkeztea adostu dute: Batzarrerekin, Izquierda Unidarekin, Iniciativa per Catalunya Verds-ekin eta Alternativa Galega de Esquerda-rekin joango dira bozetara.
Isabel Salud Ezker Anitza-IUren koordinatzaileak eta Mikel Anderez Iratzarri-Eki-koak eman dute urratsaren berri, hautagaitzak EAEtik aurkeztuko dituen bi ordezkariekin: Iñigo Martinezekin eta Leire Martinezekin.
Saludek azaldu duenez, bi alderdiek bat egiten dute Europaren egoerari buruzko diagnosia egiterakoan eta Europak gauzatzen dituen politikak irauli behar direla esaterakoan. Halaber, politika horiek «Euskadin bere zehaztapena» behar dutela diote. Izan ere, EAJk, PSE-EEk eta PPk eredu bera defendatzen dutela iruditzen zaie; «bidegabekeria sozialean oinarritutako» merkatu neoliberalen aldeko apustua egiten dutela.
Hortaz, «beste eredu bat posible dela esateko» baliatu nahi dute hauteskunde kanpaina. Bozak, «kapitalismoari aurre egiteko». Eta hori «talde parlamentario sendo baten barruan» aurkeztuta egin dezaketela diote.
«Euskadin landutako akordioarekin» ezkerreko indarrak batzeko helburua dutela azaldu du Anderezek: «Ilusioa piztu nahi diogu ezkerrari, eta erakundeetara itzultzeko bidea hasi». Batasun horren zain «jende asko» zegoela uste du, eta, beraz, «espazio publiko berria eraikitzeko» babesa jasoko dutela aurrerantzean.
Ezker Anitzak eta Iratzarrik koalizioa osatu dute
Europako bozetara Batzarre, IU, ICV eta AGErekin aurkeztuko dira, «ezkerrak batzeko» ahalegina eginda
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu