«Ezker abertzaleko sentsibilitate ezberdinen bilgune» gisa aurkeztu du bere burua Eusko Ekintza alderdiak (EEK). «Ezker abertzaleko beste sentsibilitateekin» helburu nagusietan bat egiten duela dio: sozialismoa eta independentzia dituela helburu. Antikapitalista dela azaldu dute sustatzaileek, eta indar berezia egin dute hori nabarmentzerakoan: «Gure azken xedea, gaurdanik hasita, sistema kapitalista ordezkatuko duen sistema berri bat eraikitzen hastea da, behetik gora». Zein herri mota lortu nahi duten ere argi dute: «Oinarri sozialista batean eraikitako euskal errepublika independentea aldarrikatzen dugu».
Atzo aurkeztu zuten bere burua ezker abertzalearen barruan kokatzen duen alderdi berria, Altsasun (Nafarroa). Arritxu Santamaria lapurtarra, Pedromari Olaeta bizkaitarra, Nekane Garmendia eta Gotzone Rekondo nafarrak, eta Enrike Lertxundi, Jakue Pascual eta Santi Merino gipuzkoarrak izan ziren aurkezpen ekitaldian. Behin-behineko zuzendaritza osatzen dute horiek, Iñigo Gonzalez arabarrarekin.
Otsailean aurkezpen «masiboago» bat egingo duela iragarri du, eta lehen kongresua udaberri aldera egingo duela. Sortzeko hazia nola piztu zen ere azaldu dute sustatzaileek: «Duela bi urte, Euskal Herria pairatzen ari zen kinka larriaren aurrean, ezker abertzaleko sentsibilitate ugaritako emakume eta gizon talde bat biltzen hasi ginen». Diagnosia egin, eta ildo politikoaren lerro nagusiak zehaztu zituzten. Ezkerretik Bilduz erakundea sortu zuten beste hainbat kiderekin, eta orain, «hari berari tiratuz» sortu dute Eusko Ekintza alderdia. Astelehenean aurkeztu zuten Espainiako Barne Ministerioan, alderdi gisa legeztatu dezaten. Gatazkari dagokionez, alderdiak jakinarazi du biktima guztiek merezi duten egia, justizia, erreparazioa eta berriro halakorik ez gertatzeko bermeak defendatuko dituztela. Preso eta iheslarientzat amnistia eskatu du.
Bestalde, Udalbiltzak Euskal Herriko erakunde nazional gorena» izan behar duela dio, eta ezin duela «erakunde sinboliko hutsa» izan. Euskara, berriz, «herriaren nortasunaren enbortzat» du.

Ezker abertzaleko beste joeren alderdia izatea da Eusko Ekintzaren helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu