BILBO. Eusko Ekintza alderdiak jakinarazi duenez, bat egiteko bidea abiatu dute ezker abertzalearen ildoarekin kritikoak diren hainbat taldek eta «militante independentek». Larunbatean bilera bat egin zuten Barakaldon (Bizkaia) eta, betiere alderdi horren arabera, «Herritar Batasunaren sorrera agiria» adostu zuten. Testua «garrantzi handikoa» dela dio Eusko Ekintzak, eta hurrengo hilabeteetan «garatu» egingo dutela. Eusko Ekintzak ez ezik, bilera horretan zein beste taldek parte hartu zuten ez da zehazten. «Herritar Batasuna, alderdi, talde eta antolakunde soziopolitiko, herri mugimendu zein militante independente eta burujabeen konbergentzia eta elkargunea gara», dio testuak.
www.euskoekintza.eu webgunean irakur daiteke sortze agiria. Testu horrek dio alderdi gisa baino gehiago mugimendu gisa funtzionatu nahi duela talde berriak. «Herritar Batasuna akordio taktiko eta estrategikoak adosteko gunea da, etaaldi berean gure arteko desadostasunak kudeatzeko lekua ere». Euren asmoa litzateke, «1978ko Herri Batasunaren gogo independentista eta sozialista iraultzailea berreskuratzea, aberastea eta eguneratzea». Talde horren oinarriak, helburuak eta antolakuntza printzipioak azaltzen dira agirian. Horien artean: independentismoa —«Nafarroa osoaren deskonkista»—, sozialismoa, asanblearismoa, internazionalismoa, antifaxismoa, ekologismoa, feminismoa, Euskal Herri osoaren «berreuskalduntzea» eta euskal presoentzako «amnistia osoa».
Ezker abertzalearen kritikoek beste pauso bat eman dute bat egiteko
«Herritar Batasunaren sorrera agiria» kaleratu dute, antolakunde berriaren xede eta antolakuntza oinarriekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu