Ezker abertzalearen bozak "gehien balio dutenak" direla aldarrikatu dute

Militantziaren "inurri lanari esker" kanpaina egitea lortu dutela esan du Itziar Lopategi ezker abertzaleko kideak.

2009ko otsailaren 28a
13:24
Entzun
"Nire lehen hitzak ezker abertzaleko militantzia zoriontzeko dira". Horrela hasi zuen Itziar Lopategi ezker abertzaleko kideak kanpainako azken hitzaldia, Bilboko Arriaga plazan. "Gure bozak dira gehien balio dutenak". Lopategiren esanetan, horregatik eragotzi nahi izan dute ezker abertzalea hauteskundeotan aurkeztea. Hala ere, bihar hautestontzietan "milaka eta milaka boto independentista" zenbatu beharko dituztela iragarri zuen.

Ezker abertzalearen militantziak egindako "inurri lana" goraipatu zuen Lopategik. "Horri esker, kanpaina on bat egin dugu", adierazi zuen, eta gaineratu erakutsitako "konpromiso" hori dela ezker abertzalearen oinarria, "horretan datza gure indarra".

Hauteskunde antidemokratikoa salatu ostean, gainontzeko alderdi politikoak kritikatu zituen, "parlamentu trukatua" izango dena osatuko dutelako. EA, EB eta Aralar kritikatu zituzten, "non daude desobedientzia zibilaren defendatzaile sutsu direnak?". Ezker abertzalea legez kanpo egonda ere "bidezkotzat jotzeko prest" daudela salatu zuen.

PSOEren eta EAJren jarrera gogor kritikatu zuen Lopategik. Sozialistek "ez dute borondaterik" gatazka gainditzeko, haren ustez. "Errepresioaren bidean, PPrekin lehian dabil, dominak irabazi nahian". PSOEren eta EAJren proposamenak elementu bat komunean dutela adierazi zuen: "Hego Euskal Herria erosoago sentiaraztea Espainian".

Jeltzaleek 30 urteotan zer eskaini duten galdetu zuen, eta beraien "merituak" bi esalditan laburbildu daitezkeela adierazi: "Espainiako Gobernuaren morroi zintzo izatea, eta euren alderdiaren aparatua eta negozioak ondo baino hobeto zaintzea; hori da beraien eskaintza".

Kanpaina "zaila"

Baltasar Garzon epaileak D3Mren jarduna eteteko agindu arren, ezker abertzalea kanpainan egongo zela adierazi zuten D3Mkoek. "Desobedientzia ekimen erraldoi gisa" eskatu zuten botoa D3Mkoek. "Desobedientzia" leporatuta, identifikatu eta atxilotu dituzte hainbat herritar, hauteskunde ekitaldietan edo kartelen batekin harrapatuta.

Dozena bat atxilotu izan dira guztira, identifikazioak gehiago. Protestak egin dituztenen eta ertzainen artean hainbat liskar jazo dira. Atzoko ekitaldian ere, Ertzaintzaren furgoi bat eta auto bat zeuden. Asteotan, poliziek hainbat taberna miatu dituzte, Laudion, Sestaon, Gasteizen...

Hain zuzen, Gasteizko Zaramazulo elkartekoek "harridura eta haserrea" adierazi dute, atzo, prentsa ohar bidez, "auzoaren okupazio militarraren, lokalen miaketen eta itxieraren inguruan". Guardia zibilek itxi zituzten Zaramazuloko lokalak, asteartean. Hamabi orduz ibili ziren miatzen, eta barruan zeuden bi pertsona ere atxikita eduki zituzten barruan. Asteazken goizaldean irten zen kanpora Guardia Zibila, eta paperez betetako 130 kutxa eraman beraiekin, konfiskatuta, "ez dakigu zergatik".

Atxikimenduak

Zaramazulokoek adierazi dutenez, 25 urte daramatzate Zaramaga auzoko lokal horietatik "Gasteiz osoa kolorez betetzen". Lokalak zigilatu ostean "kale gorrian" geratu direla salatzeko, manifestazioa egingo dute martxoaren 7an. Elkartasun kanpaina ere abiarazi dute, atxikimenduak lortzeko asmoz, zaramazuloblogspot.com blogaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.