Ezker abertzalearen adierazpena «iraultzailea eta funtsezkoa» dela esan du Brian Currinek

Nazioarteko artekariak adierazi du espero duela alde guztiek «bake iraunkorrerako eta adiskidetzerako urrats esanguratsu gisa» hartzea adierazpena.

Brian Currin, larunbatean Baionan eginko ekitaldian. BOB EDME
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 18a
14:01
Entzun

Brian Currin abokatu hegoafrikarrak goraipatu egin du gaur Ezker Abertzaleak plazaratu duen adierazpena. Mezu batean gogoratu du joan zen astean Euskal Herrian egon zela, Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenaren inguruan antolaturiko ekitaldietan.

«Gaur, independentziaren aldeko ezkerrak adierazpen iraultzaile eta funtsezkoa argitaratu du, ETAren indarkeriaren biktimek pairaturiko minaren inguruan». Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak irakurritako agiriaren hirugarren puntua aipatu du Currinek. Horretan, biktimen gaiari heldu diote. Bake justu eta iraunkorrak biktima guztien aitortza eta erreparazioa eskatzen duela adierazi dute, eta biktima guztiei eman behar zaiela nabarmendu dute. «Ez dugu haietako bat bera ere ahazten». Adierazi dutenez, «atsekabea eta mina adierazi nahi diegu jasan duten sufrimenduagatik. Gure egiten dugu haien mina, eta sentimendu zintzo horretatik baieztatzen dugu hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere. Aietera lehenago iristea lortu behar genuen».

Currinek gogoratu du Euskal Herrirako Nazioarteko Harreman taldeko buru gisa aukera izan duela azken hamar urteotan bake prozesuaren garapenaren egoera aztertzeko, euskal gizartearekin, buruzagi politikoekin eta gatazkak konpontzen adituak diren nazioarteko artekariekin. Horrez gain, etorkizunerako estrategia finkatzeko aukera eduki duela nabarmendu du.

«Benetan espero dut denek ongi hartzea onarpen agiri hori, Euskal Herrian eta Espainia osoan, bake iraunkorrerako eta adiskidetzerako urrats esanguratsu gisa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.