Ezker abertzaleak esan du prozesua «usteldu» nahi duela estatuak

Sortu legezkoa izan dadin indarkeria amaitzea nahitaezkoa dela adierazi du Ramon Jauregik

Miren Legorburu eta Txelui Moreno, Donostian atzo egindako agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2011ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Ezker abertzalearen irudiko, azken asteotako atxiloketek eta Sorturen legeztatzearen aurka Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak aurkeztu dituzten helegiteek agerian uzten dute Espainiako Estatua «blokeo estrategia itxi bati» jarraitzen ari zaiola. Miren Legorburu ezker abertzalearen hautetsiaren arabera, «ziklo aldaketa saihestu» eta «aldaketarako baldintzak usteldu» nahi ditu estrategia horren bitartez. Hori hala, «lubaki politikotik» ateratzeko, «epe motzeko interes politikoak» albo batera uzteko eta «egoerak eskatzen duen maila» erakusteko eskatu dio ezker abertzaleak estatuari.

Legorburuk nabarmendu duenez, ezker abertzaleak erabat sinetsita egin du bide demokratiko eta baketsuetatik soilik aritzeko hautua, eta euskal gizarteari dei egin dio «ziklo aldaketaren» aldeko lanean engaiatzera. «Justizia eta demokrazia osoko egoera batera bidea egin nahi dugunok blokeo dinamika hori haustera beharturik gaude. Horretarako, lehen geltokia gutxieneko demokratikoen egoera bat sortzea da, eta, horretarako, beharrezkoa da indarrak metatzen, konplizitateak sortzen eta mobilizatzen jarraitzea».

Donostian eginiko agerraldi batean egoera politikoaren inguruko hausnarketa egin dute Miren Legorburu eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideek. Espainiako Estatuaren jarrera salatu dute, eta kazetarien galderei erantzunez, nabarmendu dute ezker abertzaleak indarkeria «behin betiko» amaitzeko bidean pausoak eman dituela. Haien irudiko, baina, oso bestelakoa da Espainiako Estatuaren jarrera. «Konfrontazio demokratikoari beldurra izatea» eta «errepresioa gogortzea» leporatu diote hari. «Ziklo aldaketa saihestea beste helbururik ez duen jarrera defentsibo bat dauka Espainiako Estatuak. Agertoki aldaketa batekin, elkarrizketa politiko normalizatuko egoera batean, egoeraren kontrola galdu beldur da estatua. Horregatik mantendu eta gogortzen du errepresioa». «Gaur-gaurkoz Espainiako Estatua da eskubideak urratzen dituen bakarra», nabarmendu du Legorburuk.

Morenok, berriz, salatu egin du estatuak, sektore politiko batzuek eta zenbait komunikabidek azken asteotako gertaerak baliatuz ezker abertzalearen legeztatzearen aurka «kanpaina» egiten ari direla.

Agerraldian parte hartu duten kazetari batzuek behin eta berriz galdetu diote Morenori joan den astean atxilotu zituzten lau herritarrek polizia etxeetan inkomunikatuta zeudela eta —salatu dutenez— torturapean egin dituzten adierazpenen inguruan, Gasteizen izaniko kale erasoen inguruan eta Portugaleteko PPko kide batek jasotako mehatxuen inguruan. Morenok adierazi duenez, ezker abertzaleak ez du «hipotesien» gainean iritzirik ematen, eta informazioa horien sinesgarritasuna zalantza jarri du: «Torturatu egin dituztela salatu dute atxilotuek, eta egunkari gehienetan lerro bakar bat ere ez dute argitaratu salaketa horien inguruan. Poliziek eginiko filtrazioak, bai, ordea. Eta kale erasoa kale borroka ekintza bat denik ez du inork baieztatu... izan gaitezen serioak. Estatuak edozer baliatuko du prozesua oztopatzeko», salatu du Morenok. Hala ere, argi utzi du «indarkeriak, kale borrokak eta borroka armatuak» lekurik ez dutela ezker abertzalearen estrategian.

Era berean, gogoratu du ETAk ere, urtarrilean jakinarazitako su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarriaren bidez, indarkeriarik gabeko egoera baten aldeko hautua egin zuela, Gernikako akordioaren sinatzaileek eta Bruselako agiriaren sinatzaileek eskatu bezala. «Estatua erabiltzen du, beraz,indarkeria, Euskal Herriko egoera baldintzatzeko», salatu du Morenok.

Sorturen adierazpena

Sorturen sustatzaileek herenegun kaleratuko oharrari buruz, berriz, Morenok esan du agirianjasotako hitzek bat egiten dutela alderdiaren estatuetan jasotako printzipio eta helburuekin, eta ohar horrek eragin dituen erreakzioetako batzuk «onuragarriak» direla adierazi du.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, adibidez, esan du «positiboa» dela Sorturen adierazpena. «Lehen aldia izan da ezker abertzaleak atentatuak edo kale borroka ekintzak errefusatu dituena». Hori dela eta, Lopezek iritzi dio «pozik egoteko moduan» daudela «demokratak». «Presioak eta zero tolerantziaren politikak mugitzera behartu ditu».

Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak ere txalotu du agiria. Adierazi du Sorturen sustatzaileek «demokratek eskatutakoa» bete egin dutela, eta, beraz, alderdia legezkoa izan behar duela uste du.

Azken astean argitaratutako balizko atentatu eta kale eraso zein mehatxu ororen aurka azaldu da Sortu agiri horretan, eta nabarmendu du adierazi duen indarkeriaren errefusa behin betikoa eta estrategikoa dela.

Candido Conde-Pumpido Estatuko fiskal nagusiak, baina, uste du adierazpen hori ez dela nahikoa izango alderdia legeztatzeko. «Adierazpenak ez dira erabakigarriak. ETA babestu duten alderdien segida den alderdi bat dela, horixe da erabakigarria».

Antzera hitz egin du Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentzia ministroak, eta ukatu egin du Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ikuspuntu ezberdina dutela gai horretan. «Sortuk legezkoa izan nahi badu, nahitaezkoa da indarkeria amaitzea, ETA amaitzea; hori da bide segurua», nabarmendu du Jauregik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.