«Abertzaleen koalizio berriak Euskal Herrian hartu beharko ditu erabaki guztiak». Hori azpimarratu dute prentsaurreko batean ezker abertzaleko kide Patxiku Irisarri eta Txelui Morenok. Eta hori da, hain zuzen, ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak EAJri eta Aralarri azaroaren 20an koalizioan joateko jarri dizkieten baldintzetako bat. Halaber, UPN eta PPren arteko akordioak «abertzaleen koalizio proposamenaren indarra» islatzen duela uste dute. Bestalde, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak azaldu du aste honetan bertan hasiko direla koalizio berriaren izena eta ordezkariak hautatzeko batzarrak.
Irisarrik eta Morenok argi utzi nahi izan dute Nafarroaren eta Euskal Herriaren burujabetza edukitzeko baldintza «nahikoak» badaudela: «Guretzat premiazkoa da burujabetza ekonomiko eta politiko osoko eredu bat bermatzea, gure herriaren geroko erabaki guztiak hemen hartzeko, eta ez Madrilen». Horregatik, azaroaren 20an «euskaldunon eskubideen eta erabakitzeko ahalmenaren alde urrats erraldoia» eginen dutela gaineratu dute.
Ezker abertzaleak kritikatu egin du UPN, PP eta PSOE alderdiek Nafarroarentzako duten eredua. «Guztiek proiektu bera dute, Nafarroa Espainiaren barnean kokatuz». Irisarriren ustez, eredu horrek Nafarroako botere autonomikoa baldintzatzen du.
Horrez gain, UPN eta PP abertzaleen koalizio baten beldur direla gaineratu du Irisarrik. «Europako eskuinik atzerakoiena jakitun da gure proposamenak esparru abertzale, demokrata eta aurrerakoi zabal batean izan duen harrera onaz». Ezker abertzaleko kidearen arabera, UPNk eta PPk bozetara elkarrekin joateko egin duten akordioak abertzaleen koalizio proposamenaren indarra islatzen du.
Txelui Morenok azaldu duenez, Bildu, Aralar eta ezker abertzaleak osatutako koalizioak oraindik ez du izenik. Horren harira, koalizioaren izena Bildu ez izatea «zintzoena» dela baieztatu du. «Bildu hiru alderdik osatzen dute eta kasu honetan, alderdi bat gehiagok bat egin du gurekin: Aralarrek». Ezker abertzaleko kideak erantsi duenez, ez dira euren koalizio berria legez kanpo uztearen beldur: «Gizarteak eta are gehiago, talde politikoek jada onartu dute ezker abertzalearen zerrendak bozetara aurkeztea».
Patxi Zabaleta, baikor
Nafarroako Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak Bildu eta Aralarren arteko koalizioa onuragarri ikusten du, ezker abertzalea osatzen dutenen batasunaren bidean. Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean onartu duenez, «ezker abertzale tradizionala urratsak egiten ari da sentiberatasun guztietako abertzaleen batasuna lortzeko». Datorren larunbatean berretsiko du Aralarrek bozetara Bildurekin batera joateko aukera.
Zabaletak aste honetan bertan koalizio berriaren izena eta ordezkariak hautatzeko batzarrak hasiko direla aipatu du. Bestalde, Nafarroako Parlamenturako Nafarroa Bairen aldeko apustua egiten jarraituko dutela ohartarazi du: «NaBain EAJ eta independenteekin gaude, eta egonen gara».
Ezker abertzaleak dio koalizioak Euskal Herrian hartuko dituela erabakiak
Morenok erran du UPN eta PPren arteko akordioak «abertzaleen koalizioaren indarra» erakusten duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu