Ezker abertzaleak dio indarkeria oro ETAri egoztea arduragabekeria dela

Sufrimendu batzuk «ezkutatzea» egotzi, eta egun ere «alde anitzetako sufrimenduak» irauten duela ohartarazi dio PSE-EEriEstatu terrorismoari «gehiegikeria» deitzea gaitzetsi du Lau Haizetara Gogoan elkarteak

Idoia Mendia eta Manuela Carmena, herenegun, Legebiltzarrean. J. RUIZ / ARP.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Demagogia politikoa» eta arduragabekeria dira, ezker abertzalearen ustez, Eusko Jaurlaritza biktimen inguruan ematen ari den mezua. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak esan izana indarkeria ororen jatorria ETA dela, «Euskal Herriko historia garaikidea faltsutzeko saioa» dela salatu du. Era berean, PSE-EEk «egoera politiko berriari erantzuteko duen gaitasun falta» agerian utzi duela uste du. Halaber, Euskal Herriarentzat etorkizunerako proiektu politikorik ez duela ezkutatzeko ahalegina ere ikusi die adierazpen «arduragabe» horiei.

Sufrimendu batzuk soilik aintzat hartzen eta besteak «ezkutatzen» saiatzen ari da Alderdi Sozialista, ezker abertzalearen iritziz. Eta, gaur egun ere, «alde anitzetako sufrimenduak» irauten duela ohartarazi du. Baina, ezker abertzalearen ustez, euskal herritarrek etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea indarkeria erabiliz ukatzea oinarri duen «gatazka politiko historikoa» ukatu nahian ari da PSE-EE.

«Kontrako norabidean»

Areago, «inolako indarkeriarik eta eskubide urraketarik gabeko jokalekuaren eraikuntzan ekarpenak egiteko» urratsik egin ez izana aurpegiratu dio PSE-EEri. «Egin dituen urrats guztiak kontrako norabidean egin ditu».

Hori guztia ikusirik, euskal gizarteak normalizazioan aurrera egiteko duen nahiaren aurka, Eusko Jaurlaritza «bake eta normalizazio politiko eta demokratikorako prozesuan oztopo lanetan» ari dela ohartarazi du.

Frankismoa

Lau Haizetara Gogoan elkartea ere mintzatu da gaiaren inguruan, Eusko Jaurlaritzak biktimei eman beharreko laguntzak zehazteko dekretuak izango duen norabideak mindu egin baitu. Frankismoak egindako krimenen inpunitatea amaitu dezala eskatu dio Jaurlaritzari, beste behin ere. «Frankismotik oinordetutako botere egiturak behin betiko hausteko».

Eta ez da bide onean ari, oroimen historikoa aldarrikatzen duen elkartearen ustez. Izan ere, «estatuko indar armatuek egindako krimenak polizien gehiegikeri gisa izendatzeak» erakusten du, haren hitzetan, dekretuen benetako funtsa; «besterik gabe estatu terrorismo izendapena behar lukeen indarkeria horren oinarria ezkutatzen saiatzen dira».

Carmenaren izen ona

Manuela Carmena epaile ohiari eman diote biktimentzako laguntzak arautzeko dekretuak egiteko lana. Lau Haizetara Gogoan elkarteak Carmenaren izen ona aintzat hartu du, baina egin behar duen lan motak baldintzatu eta mugatu egingo duela seguru dago: «Horixe erakusten du estatu terrorismoaren biktimatzat hartu behar zirenak indarkeria politikoak eragindako biktima soiltzat jotzeak», adierazi du elkarteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.