Ezker abertzaleak «bazterketaren lerroan» kokatzea egotzi dio EAJri

Permachek eta Ugarteburuk salatu dute PP, PSOE, EAJ eta CiUk Kongresuan lortutako akordioa ez doala «gatazkaren erroetara»Ezker abertzalearen ustez, «kezkagarria eta ulergaitza» da EAJk testuarekin bat egitea

Joseba Permach eta Maribi Ugarteburu, atzo, Donostian ezker abertzaleak egindako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Erredakzioa
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gatazkaren konponbidearen ikuspuntutik begiratuta, «guztiz desegokia eta anakronikoa» da asteartean PPk, PSOEk, EAJk eta CiUk aro politiko berriaz eta ETAren amaieraz hitzartutako akordioa, ezker abertzalearen ustez. «Madrilgo deklarazioa ez doa gatazkaren erroetara, eta ez du inolaz ere planteatzen konponbide prozesu demokratikorako lagungarria izan daitekeen bide orririk». Joseba Permachek eta Maribi Ugarteburuk prentsaurrekoa egin dute Donostian, Kongresuan adostutako testuari buruzko gogoeta egiteko. Salatu dutenez, akordio horrek «garaitu eta garaileen eskema» marrazten du, baina Euskal Herriko gehiengo soziala «beste norabide batean» doa. «Ajuria Eneko ituna aspaldi agortu zen», ohartarazi dute.

Ezker abertzaleko kideen aburuz, gatazkaren izaera politikoa hain «agerikoa» da, ezen Espainiako Estatua horretaz jabetu egin dela, eta PPk bere burua behartuta ikusi duela bere «immobilismoa» estaltzeko aliatuak lortzera. Bidelagun horietako batEAJ izatea bereziki «kezkagarria eta ulergaitza» dela esan dute. Izan ere, gogorarazi dute EAJren azken biltzarrean Iñigo Urkullu EBBko presidenteak adierazi zuela ez zuela bat egingo inor baztertuko zuen akordio politikoekin: «Hitzak eta ekintzak ez dira bat etorri EAJren zuzendaritzaren kasuan, Amaiur hasieratik baztertu duen deklarazio politikoarekin bat egin duelako». Salatu dutenez, PPk egin duenlehen eskaintzaren aurrean EAJ «bazterketaren lerroan» kokatu da.

Permachek eta Ugarteburuk azpimarratu dute ez dutela ulertzen EAJk gatazkaren konponbidearen aurrean duen jarrera.Dioetenez, EAJk ez du parte hartzen «gehiengo sozialak babesten dituen konponbide demokratikorako ekimenetan»; besteak beste, Gernikako Akordioan eta urtarrilean presoen eskubideen defentsan egindako manifestazio jendetsuan ez zirela jeltzaleak egon nabarmendu dute. Hori horrela, alderdi horri dei egin dioteazalpenak eman ditzan: « Euskal Herriko ikuspegitik guztiz ulergaitza da PPrekin lerrokatzea. Euskal Herrian ez du konponbide demokratikorako akordiorik nahi, eta Madrilen bai?».

Donostiako ekitaldia

Horrez gain, prentsaurrekoan gogorarazi dute ezker abetzaleak igande honetan Donostiako Kursaalean egingo duen ekitaldian «borondate osoa» agertuko duela «bake justu eta iraunkorreko agertokia lortzeko». Publiko egingo duten adierazpena «urrats berria» izango da Aieteko adierazpenean marraztutako bide orrian, eta prozesu demokratikoa sendotzeko balio izango du, haien hitzetan. Adierazpen horrek bostardatz izango ditu, eta «etorkizunean guztiok garaile izateko agertoki demokratikoaren eraikuntzan» ekarpena izango da.Halaber, azpimarratu dute aro politiko berriak «osotasunezko erantzunak» emateaeskatzen duela, eta eragile politiko guztiak konponbide demokratikoaren aldeko «eragile proaktibo» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.