Eskubide zibil eta politikoen alde gaur 19:00etan Gasteizko Iparralde gizarte etxetik abiatuta egingo den manifestazioan parte hartuko dutela jakinarazi dute ezker abertzaleak eta Gazte Abertzaleek ere. Ekaitz Samaniegori elkartasuna adierazteko antolatutako mobilizaziora joateko deia egin dute, gainera, biek.
Gazte mugimenduan egindako lanagatik zortzi urteko espetxe zigorra ebatzi zuen Samaniegoren kontra Espainiako Auzitegi Gorenak, eta hura atxilotzeko agindua eman zuen. Samaniegok ezkutatzea erabaki zuen. Komunikabideetara igorritako elkarrizketa batean dio ez duela espero espetxea saihesterik, baina, sortu den elkartasun mugimendua ikusita, bere kasua azkenetarikoa izateko itxaropena sortu zaiola. Ezkutatzea ez dela bere kasu partikularra konpontzeko erabakia izan adierazi du: «Nire kasuan egon daitezkeen beste guztientzat indartzeko motiboa izatea espero dut, horien aldeko borrokan ere zerbait egitea».
Ezker abertzalearen iritziz, Samaniegok jaso duen elkartasunak argi utzi du gizarteak ez duela bat egiten hari jarri dioten «zigor politikoarekin». Hala, manifestaziora joateko ez ezik, eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokara lotzeko deia egin die herritarrei.
Gaur egungo egoera politikoan «militantzia politiko hutsagatik epaiketa politikoak jasatea» gaitzetsi dute, bestalde, Gazte Abertzaleek. Gatazka konpontzeko erantzukizunez jokatzeko deia egin die Frantzia eta Espainiari.
Ezker abertzalea eta Gazte Abertzaleak Gasteizko manifestazioan izango dira
Ekaitz Samaniegok dio halakorik gehiago gertatuko ez den itxaropena sortu diola bere inguruan gertatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu