Bea Sever. Euskal Herriko Chrysallis elkarteko bozeramailea

«Ezjakintasuna da arazo nagusia»

Osasuneko eta hezkuntzako profesionalei prestakuntza Chrysalliseko kideek ematen dietela esan du Severrek. Uste du dena erraztuko lukeela mutil bulbadun edo neska zakildun izatea eritasun gisa ez hartzeak.

HIRUKA.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Chrysallis Euskal Herria elkarteko bozeramaile Bea Severrek (Londres, 1973) ohartarazi du eskoletan prestakuntza integratua falta dela, komunitateko kide guztiek jasoko dutena. «Ez du balio seme-alabei eskoletan neska zakildunak daudela azaltzeak, etxera joan eta gurasoek hori ezinezkoa dela esango badiote». Eta Nafarroan egin den bezala, eskatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere eritasun gisa ez hartzea mutil bulbaduna edo neska zakilduna izatea. «Aldaketa horrek dena erraztuko luke». Horregatik, urtarrilean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunaren Batzordera joan zen Sever, transexualen eskubideak aitortzen dituen 2012ko legeak zer aldaketa behar dituen zehaztera.

Nola iritsi zinen Chrysallisera?

Informazio falta itzela neukalako, eta inguruan ere hori zelako errealitatea. Lehenengo pediatrarenera jo nuen, eta esan zidan hark ez zekiela gaiaz. Ikastolara joan, eta andereñoak eta orientatzaileak erantzun igualtsua eman zidaten. Eta gure elkartera jotzea erabaki nuen. Nolabait informazio falta ipini dugu mahai gainean.

Medikuak eta irakasleek gaiari buruz hainbesteko ezjakintasuna agertzea deigarria egingo zitzaizun, ezta?

Oraindik egoera berdintsua da. Aste honetan joan naiz Basurtuko ospitalera, hango Medikuntza ikasleei prestakuntza ematera. Gradu osoan ez diete ezer irakasten, ez bada Psikiatriako ikasleei. Haientzat, buruko gaitzen zerrendan agertzen da. Eta hortik abiatuta, jada gaizki dabiltza. Medikuek ez badute ezer ikasten, eta ikasten dutenek buruko gaitza dela ikasten badute, ez goaz bide onetik. Hau ez da gaitz bat. Endokrinologian ikasi beharko litzateke; eta modu zabalago batean, pediatrek eta familia medikuek, gaia uler dezaten. Medikua eta sexologoa den kide batekin ibiltzen naiz osasun etxe batetik bestera, prestakuntza saioak eskaintzen, haiek eskatuta. Egoera iguala da psikologian, hezkuntzan eta gizarte hezitzaileen artean. Ezjakintasuna hedatuta dago.

Zuk non eta nola ikasi duzu?

Chrysallisen sartu nintzenean, buru-belarri jarri nintzen honetan. Sexologia masterra ere egin nuen. Gaiarekin harremana duten mota guztietako pertsonekin hitz egin dut. Antolatu diren kongresu, topaketa, jardunaldi eta abarretara joan naiz. Asko mugitu naiz. Atzerrian idatzi den guztia irakurri dut. Alor guztietatik jaso dut informazioa. Hau bezalako gai ezezagunekin sarri gertatzen da jasotzen duzun informazioa kontrajarria dela. Nire esperientzia eta elkarteko besteena erabili dut iragazki moduan. Gure esperientziekin bat ez datorren informazioa baztertu egin dut. Izan ere, geu gara gaian adituak, ondoen ezagutzen dugunak. Eta oraindik ere asko ikasi behar dugu denok. Ni banabil horretan.

Zuk egindako lan hori ezin zaie eskatu guraso guztiei. Ez al litzateke administrazioaren lana izan behar informazioa biltzea eta zabaltzea, profesionalak prestatzea? Osakidetzak, esate baterako.

Ez bakarrik Osakidetzak, hau ez baita osasun arazo bat. Guztiek ez, baina gazte transexual gehienek nerabezaroan hormona bidezko tratamendua nahi izaten dute. Baina hori ez da arazo nagusia, gizarteak oro har duen ezjakintasuna baizik. Gaia normalizatzen ez den bitartean, jendeak ez du jakingo etxean zer duen. Niri pasatu zait hori. Guk ez genekien nola izendatu, nola identifikatu semeari gertatzen zitzaiona. Komunikabideetan zenbat eta gehiago agertu, kasu gehiago azaleratzen dira. Zergatik? Jendeak gertatzen zaiona identifikatzen duelako: ezagutzen duenean, badaki zer gertatzen zaion. Heldu transexual askok esan didate eurek ez zekitela zer gertatzen zitzaien. Batek kontatu zidan lesbiana zela uste zuela, baina gero jakin zuela benetan gizona zela. Ez baduzu ezagutzen, ezin duzu identifikatu. Eta gurasook hartu dugu informazioa biltzeko eta hedatzeko zama hori, askotan inguruan geure burua justifikatu behar izan dugulako. Epaile eta psikiatrek «pasatuko zaio» esaten digute oraindik. Ba, ez, ez zaio pasatuko. Historian, inoiz ez zaio inori pasatu.

Legea aldatzeko proposamena aurkeztu zenuten Eusko Legebiltzarrean. Zer berritasun behar ditu? Zer eskatu duzue?

2012ko legeak 11 orri ditu, eta horietatik bost aurkezpena baino ez dira. Neurriak, berez, oso gutxi. Eta adingabeentzat paragrafo bakarra dago. Gure aldaketa proposamenean dena sartzen da: kirola, hezkuntza, osasuna, profesionalen prestakuntza, babesa, transfobiaren aurkako borroka... Integrala da. Badakigu politikariek artaziak sartuko dituztela, alderdiak ados jarri ahal izateko. Baina guk eskatzen dugunak soilik bermatuko du pertsona horiek besteen maila berean bizitzeko aukera izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.