«Ezintasuna», BERRIAren irakurleek 2003ko otsailaz gogoratzen dutena

Zer gogoratzen duzu 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraz? Hori galdetu die BERRIAk bere irakurleei. Askok oroitzen dituzte egun hura eta ondoren etorri zirenak: 'Egunero', Donostiako manifestazioa, tortura testigantzak...

2003ko urrian manifestazioa egin zuten Donostian. IMANOL OTEGI / FOKU
2003ko urrian manifestazioa egin zuten Donostian. IMANOL OTEGI / FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2024ko otsailaren 23a
13:00
Entzun

«Ba, gosaltzen, aita bereziki urduri, guri gertatutakoa azaltzen». Horrela gogoratzen du Maider Galardik 2003ko otsailaren 20a, Euskaldunon Egunkariaitxi zuteneko egun hura. «Gero, eskolan, nire lehenengo manifa simulazioan [...]. Eta handik egun batzuetara, Donostian jende pilaren alboan 'Xingola askatu'oihukatzen». Izan ere, iragan asteartean 21 urte bete ziren Guardia Zibilak Egunkaria itxi zutenetik, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Jakin-mina sortu zuten Galardiren oroitzapen horiek, eta atzo galdetu zien BERRIAk irakurleei: zer gogoratzen duzu Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraz?

Itxiera eta atxiloketak gogoratzen dituzte gehienek, galdera horrekin batera zabaldutako inkestaren arabera. Guardia zibilek Egunkaria-ren sorreran parte hartu zutenak atxilotu zituzten, baita ardura postuak zituztenak ere. Bost erredakzioak itxi zituzten, eta inork badu gogoan Andoaingoa nola itzartu zen egun hartan: «Guardia zibilak, Martin Ugalden barna patroletan», idatzi du irakurle batek. Eider Cartonek, berriz, hau erantzun du: «Gogoratzen dut amaren telefono deia gertatzen ari zena kontatzeko. Gogoratzen dut Egunkaria-ko banatzailea topatu nuela sotoan. Gogoratzen dut bere aurpegia albistea eman nionean. Gogoratzen ditut beldurra, haserrea, elkartasuna, eta jarraitzeko kemena». Beste batek, hitz batean: «Ezintasuna».

Banatzaileek izan zuten zer banatu biharamunean, ostiralez; hauxe azaldu du Aitor Duñabeitia irakurleak: «Gogoratzen dut biharamunetik bertatik ere Egunero jasotzea». Lehen alearen azalak zera zioen: «Itxia, baina ez isildua». Lau hilabetez banatu zen Egunero, ekainaren 21ean BERRIA lehen aldiz argitaratu zen arte, herri ekimenari esker. Otsailaren 22an heldu zen Donostiako manifestazioa, Egunkaria aurrera. Bai euskarari goiburupean. Irakurle gutxiagok gogoratzen dute egun hura, inkestatuen arabera; dena den, «izugarrizko manifa izan zen», azpimarratu du Joxemai Osa irakurleak.

«Eta batez ere, askatu zituztenean Martxeloren zuzeneko adierazpenak, torturak salatzen». Inkomunikazio aldiaren amaieran iritsi ziren atxilotuek jasan zituzten torturen testigantzak: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia eta Inma Gomilarenak.

2010eko apirilean, auzipetuak absolbitu, eta lehen auzia behin betiko itxi zuten Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez Prado eta Ramon Saez Valcarcel Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuek. «Gogoratzen dut absoluzio epaiaren berri lagun baten bidez jaso nuela SMS bidez», azaldu du Duñabeitiak. Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, berriz, 2014ko urrian itxi zuten, preskribatutzat jota.

Kronologia

  • 2003ko otsailaren 20a.Euskaldunon Egunkaria itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. 
  • 2003ko urriaren 16a. Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmo epaileak aginduta. Zortzi pertsona atxilotu zituzten: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
  • 2003ko urriaren 20a. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatu zuten.
  • 2003ko urriaren 21a. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik gabe aske utzi zituzten. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. 
  • 2007ko martxoaren 29a. Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deitu zituzten.

    



  • 2007ko azaroaren 28a. Epaiketa egitea erabaki zuen Del Olmok, prozedura laburtuaren bidez.

  • 2009ko maiatzaren 13a. Torrealdai, Uria eta Auzmendiri deklarazioa hartu ondoren, auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.

     

  • 2009ko abenduaren 15a. Egunkaria-ko auzi nagusiko epaiketa hasi zen, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean.



  • 2009ko abenduaren 19a. Egunkaria auziaren aurkako manifestazio jendetsua egin zen Bilbon.



  • 2010eko apirilaren 12a. Auzi nagusiko epaia: Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, haien kontrako frogarik ez zegoela ebatzita. 



  • 2010eko maiatzaren 5a. Jose Maria Vazquez Honrubia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaileak erran zuen Donostiako Zigor Auzitegira igorriko zutela auzi ekonomikoaren epaiketa. Auzi nagusiko absoluzio epaiaren ondorioz, Vazquez Honrubiak ebatzi zuen auzian ez zegoela «delitu terroristaren» zantzurik, eta auzi ekonomikoan legokeen delitu bakarra ustezko iruzur fiskala litzatekeela, «ohiko delitua».



  • 2011ko abenduaren 26a. Dignidad y Justicia elkartea auzi ekonomikotik kanpo utzi zuten.

  • 2012ko urriaren 16a. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia kondenatu zuen, Otamendiren tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu.

  • 2014ko apirilaren 7a. Egunkaria-ren auzi ekonomikoaren aurretiazko saioa egin zuten Donostiako Zigor Auzitegian. Auzia artxibatzeko eskatu zuten zortzi auzipetuen defentsek, ustezko delituak preskribatuta zeudela argudiatuta. Fiskaltzak zigor eskaerei eutsi zien, eta ahozko epaiketa egiteko eskatu zuen.

  • 2014ko ekainaren 4a. Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Auzitegiko epaileak jakinarazi zuen auzi ekonomikoa artxibatzea erabaki zuela. Fiskaltzak bost eguneko epea zuen erreforma helegitea edo apelazioa aurkezteko.

  • 2014ko ekainaren 17a. Fiskaltzak Egunkaria-ko auzi ekonomikoa ixtearen aurkako helegitea aurkeztu zuen.

  • 2014ko urriaren 14a. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak itxi egin zuen auzi ekonomikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.