Pedro Sanchezek nabarmendu du osasuna mantenduz ekonomia martxan paratzea dela helburua, eta plana idazteko orduan adituen iritziak, erkidegoetako gobernuetako eta udaletako arduradunen ekarpenak eta sindikatu zein eragile ekonomikoenak eta gizarte zibilarenak jaso dituztela. Planak lau fase izango dituela azpimarratu du Espainiako gobernuburuak, eta fase bakoitza gutxienez bi astekoa izango dela. «Normaltasuna» ekain amaieran lortu nahi du Sanchezek. Helburu hori bete ezean, beranduenen, uztail erdialdera iristea espero du.
Konfinamendutik ateratzen hasteko plana mailakakoa eta asimetrikoa izango dela nabarmendu du Sanchezek. «Ezingo da probintzien arteko mugimendurik egin; onartutako ekintzak bizi den probintzian egiten ahalko dira». Sanchezek behin eta berriz erran du konfinamendutik ateratzea probintzia bakoitzaren egoeraren araberakoa izango dela, eta ohartarazi du egoera okertuz gero, berriz ere atzera egin beharko dela.
Kasuistika hainbat
Dena den, beste lurralde batean lan egiten duten langileek bai mugituko ahal dute probintzia batetik bestera. Adibidez, Gipuzkoan bizi baina Nafarroan lan egiten dutenek. Alta, Bizkaian bizi baina Gipuzkoan bigarren etxea duen herritar bat ezingo da bigarren etxe horretara joan.
Lau fase horietan barneratu ahala, herritarrek «askatasun gehiago» izango dute, baina hori «probintzia barruan» izango da. Sanchezek zehaztu du, trantsizio epe hori, asimetrikoa denez, lurralde batzuk aurreratuago eta beste batzuk atzeratuago joan daitezkeenez, eragotzi nahi dutela oker egon daitezkeen lurralde batzuek besteak kaltetzea.
Lau faseak, banaka
Konfinamendutik ateratzea lau fasetan egingo dela nabarmendu du. Dagoeneko prestaketa fasean dago gizartea. Haurrak joan den larunbatetik atera daitezke, eta helduak kalera atera ahalko dira hurrengo asteburutik aurrera. Etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxeak ere irekitzen ahalko dira. Gainera, kirolari profesionalek entrenatzeko aukera izanen dute.
Behin hori igarota, maiatzaren erdialdera, lehenengo fasean sartuko litzateke. Denda txikiak irekitzen ahalko dira. 65 urtetik aitzinerakoek lehentasuna izango dute horrelako dendatara joateko. Gainera, erlijio guneak ere irekitzen ahalko dira, edukieraren herena bakarrik erabilita. Garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatuko dute, baina ez da derrigorrezkoa izango.
Bigarren fasea lehenengo fasearen menpe egonen dela nabarmendu du Sanchezek. Hala, jatetxeak irekitzen ahalko dira, edukieraren herena bakarrik erabilita. Erakusketa gelak eta antzokiak ere irekiko dira, betiere edukieraren herena beteta. Hezkuntzari dagokionez, Sanchezek nabarmendu du ikasturte berria irailean hasiko dela, eta iraila baino lehen hiru salbuespenetarako irekiko direla ikastetxeak: selektibitatea egiteko, errefortzuetarako klaseak emateko, eta nork zaindu ez duten 6 urtetik beherako haurrak joateko.
Hirugarren fasean mugikortasunaren debeku eta mugak altxatuko direla nabarmendu du Sanchezek, eta maskararen erabilera gomendatuko dutela.
Adierazleen irizpideak
Sanchezen arabera, fase bakoitza gainditzerakoan, «adierazle batzuk» ezarriko dute nola dagoen toki bakoitza. Fase bakoitzak bi aste inguru iraungo du, eta behin epe hori gaindituta, ikusiko da nola dagoen lurralde bakoitza, fase berrira pasako den edo ez erabakitzeko. Adierazle horiek «irizpide objektiboen araberakoak» izango dira eta kontuan hartuko dituzte, besteak beste, epidemiaren beraren bilakaera, osasun arretaren egoera toki bakoitzean (hala osasun etxeena nola ospitaleena), laneko segurtasun neurriak eta herritarren mugimenduak. Adierazleak «publikoak eta gardenak» izango dira, eta mundu guztiak jakingo du nola dagoen unean uneko egoera.
Erreferentzia gisa, probintzia hartu dute. Adierazleek ezarriko dute nola dagoen epidemia lurralde bakoitzean. «Pentsatu dugu erreferentzia probintzia izatea, baina erkidegoei proposatu diegu, ondo arrazoituz gero, beste alternatiba bat aurkeztu dezaketela». Azken onespena Osasun Ministerioak izango badu ere, erkidegoetako gobernuekin koordinatuta eta elkarlanean jokatuko dutela dio, baina, halaber, nabarmendu du fase berri guzti honetan protagonista nagusiak herritarrak eurak direla. Horregatik, «ardura sozialerako» deia egin du. Bide hori elkarrekin egiteko «motibazioa» emango du norberak erantzukizunez jokatzea, Sanchezen aburuz.