Ezingo da erre Iparraldeko hondartza, eskola eremu eta basoetan

Frantziako Osasun eta Prebentzio Ministerioak Tabakoaren Kontrolerako 2023-2027 Programa aurkeztu du. Pertsona erretzailerik gabeko belaunaldi bat lortzea du helburu.

Selective closeup shot of a female lighting up a cigarette with a lighter
Emakume bat, erretzen. WIRESTOCK / FREEPIK
nerea intxausti
2023ko azaroaren 28a
17:05
Entzun

Gobernuen aspaldiko borroka da tabakoaren kontrakoa, eta Frantziako Gobernuak tabakoaren kontsumoa murrizteko neurri gehiago ezarri ditu. Esaterako, tabako paketeen prezioa hamahiru eurora igoko da 2027. urterako, eta erretzea debekatuta egongo den eremuen artean sartuko dira hondartzak, basoak, parkeak eta leku publikoetako inguruak, eskola eremuak barne.

Orain arte herriko etxeek onar zitzaketen halako debekuak; orain denek aplikatu beharko dituzte. Dena den, prefekturek salbuespen neurriak hartu ahal izango dituzte denbora tarte baterako. Aurelien Rousseau Frantziako Osasun eta Prebentzio ministroak gaur aurkeztu du Tabakoaren Kontrolerako 2023-2027 Programa. Nabarmendu du herritarrek urtero «garesti» ordaintzen dutela tabakoarekiko mendekotasuna: «Saihets daitekeen lehen heriotza kausa da; urteko 75.000 hildako eragiten ditu: 200 egunero». 

Programa berri horrekin, Frantziako Gobernuak helburu handinahia du: «2032rako tabakorik gabeko belaunaldia lortzea», Emmanuel Macron Frantziako lehen ministroaren esanetan. Lehentasunezko xedea izango da gazteak erretzen ez hastea, eta begirada jarri dute, bereziki, erabilera bakarreko zigarro elektronikoetan, gazteen artean duten arrakastagatik. Ministroak azaldu du eutsi egin nahi diotela tabako kontsumoak 2017 eta 2022 bitartean izan duen jaitsierari.

Tabako paketeen prezioa hamahiru eurora igo nahi du Frantziako Osasun Ministerioak 2027rako —orain 11 euro inguru balio du hogei zigarroko pakete batek—. Hurrengo urtetik hasita, urtero euro bateko prezio igoera izango du pakete bakoitzak. Tabakoarekiko mendekotasuna eta kontsumo orokorra murriztu nahi du gobernuak —hamabi milioi helduk erretzen dute egunero—, eta Rousseau ministroak ohartarazi du tabakoari prezioa igotzea dela horretarako «neurririk eraginkorrena», bai OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera eta bai ikerketa independenteen arabera.

Loic Josseranek, Tabakoaren Kontrako Aliantzako presidenteak, ez du uste neurria nahikoa izango denik, Le Monde-ri adierazi dionez: prezioa hamasei euroraino igo beharko litzatekeela uste du, eta tabako dendetan adin txikikoei saltzea debekatu. «Argi dago tabako lobbyen ahotsak pisu handiagoa duela osasun publikoarenak baino ministerioen arteko negoziazioetan», gaitzetsi du. 

Erakargarria izan ez dadin

Datorren asteetan gazteenei bideratutako neurri bat jarriko dute martxan: debekatu egingo dituzte erabilera bakarreko zigarro elektronikoak. Produktu horiek arrakasta lortu dute gazteen artean, zapore ugari eta kolore bizi eta erakargarriak dituztelako.

Frantziako Gobernuak aurre hartu nahi die merkaturatzen diren produktu berriei, eta «adikzioaren ate» izan daitezkeen produktuak galarazi nahi ditu. Bide horretan, nikotina poltsatxoak merkatutik kendu nahi ditu, eta zigarreta elektronikoetan eskaintzen diren zaporeak murriztu. Lege proposamenak zortzi alderdi politikoren eta 162 diputaturen babesa izan du; abenduaren 4an aztertuko dute Asanblea Nazionalean. 

Tabakoa erretzeari mugak jartzeaz gain, etorkizunean erretzaileek erretzeari uzteko neurriak hartuko dituztela aurreratu du Rousseauk: «Araua erretzeari uztea izango da». Horretarako, farmazialariak garrantzitsuak izango lirateke, eta, proba modura, nikotinaren ordezko tratamenduak eskaini ahal izango lituzkete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.