Lemazainaren «arrasto» sentitua

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, omenaldia egin diote erakundeko lehen idazkari nagusia izen zenari, Xabier Mendiguren Bereziarturi, urrian zendu baitzen; itzultzaile fina gogoratu dute, «ekintzaile» argia, lemazain «ausarta».

Paul Bilbao eta Pilar Kaltzada gaurko omenaldian; erdian, Mendigurenen argazkia. IDOIA ZABALETA / FOKU
Paul Bilbao eta Pilar Kaltzada gaurko omenaldian; erdian, Mendigurenen argazkia. IDOIA ZABALETA / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 26a
17:15
Entzun

Urriaren 2an hil zen Xabier Mendiguren Bereziartu, itzultzailea, eta euskararen sustatzaile ezinbestekoa. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkaria izan zen, 1998an hasi eta 2010era arte. Hark utzitako «arrastoa» bizirik dago. Sentitu egin da gaur Martin Ugalde kultur parkean Kontseiluak antolatuta egin duten omenaldian; leporaino bete da horretarako prestatu duten aretoa, eta batu direnek hunkituta oroitu dute «ezinezkoak» ere irudikatzeko kapaz izan zen gizona.

Mendiguren itzultzailea, bereziki, Josu Zabaletak eta Aintzane Ibarzabalek gogoratu dute. Ez soilik, ordea, itzultzaile lanak egin zituelako. Dario Foren eta William Shakespeareren obrak itzuli zituen, beste askoren artean, izan zen nor jardun horretan, baina, ororen gainetik, Mendiguren «ekintzailea» izan zela gogoratu du Zabaletak. Frankismoaren osteko lehen urteetan, euskararen biziberritzerako zimenduak jartzeko ahalegina egin zenean, Itzultzaile Eskola sortzen eta martxan jartzen egin zuen lana goraipatu du, esaterako. «Ikusten zen zer premia etorriko ziren. Besteak beste, itzulpen premia bat, handia». Horri erantzuten ahalegindu ziren. Donostian loratu zuten ametsa, Martutene auzoan. 

Mundu zabalera begiratu, eta han ikusitakoekin eskolari forma ematen saiatu zirela gogoratu du Zabaletak, eta hor aparteko ekarpena egin zuela Mendigurenek. «Europako itzultzaile eskoletako programak-eta begiratu zituen, eta hona nola egokitu ikusi zuen». Eskola hartan etengabeko ikasketa prozesuan bizi zirela oroitu du, trebatzen beti: «Kafea hartzera irteten ginen, baina dena zen hizkuntza eta itzulpena». Konpromisoz. «Batetik, egin behar zen ikasi: denok ikasi behar genuen. Eta gero, zabaldu». Gogoan ditu Zabaletak, esaterako, asteburuetan egiten zituzten ikastaroak: oso jendetsuak. «Jendeak ikusten zuen premia». Irakasleak eta irratietako esatariak joaten ziren horietara, besteak beste. «Proposamen horien gidaria izan zen Xabier». Aurrea hartzen abila zelako. «Zer etorriko zen ikusten zekien», azaldu du Zabalak. «Eta jendea biltzen». Hortik eskola haren emankortasuna ere: «Etengabeko mintegi bat zen».

«Zer etorriko zen ikusten zekien. Eta jendea biltzen».

 Josu Zabaleta Itzultzailea

1983an heldu zen eskola hartara Ibarzabal. Mendigurenen gaitasun ahaltsu hura aurki ikusi zuen berak ere, eskolak-eta ematen zituenean ingurukoen artean eragiten zuen «lilura», eta uzten zuen «arrastoa». Aski erakargarria. «Jende asko izan zuen inguruan beti». Eta pertsona horietako asko lanean jartzen asmatzen zuen: irudikatzen zuen mundura bideratzen. «‘Zer egin behar da?' esaten zuen: 'Ea egiten dugun'», oroitarazi du Zabaletak.  Beste egitasmo askoren artean, Itzultzaile Eskola, Senez aldizkaria eta EIZIE itzultzaileen elkartea Mendiguren «atzean» egon zirelako sortu zirela azaldu du.

«Konfiantza» ematen

Pilar Kaltzadak eta Paul Bilbaok Euskalgintzaren Kontseiluan idazkari nagusi izan zen urteetan izan zuten gertuko hartu-emana Mendigurenekin. Hunkituta, bere izaeran eta mundua ikusteko eran hark izan zuen «inpaktua» nabarmendu du Kaltzadak. «Utzi zuen gauzak egiteko beste modu bat, eta marka pertsonala. Nire kasuan, behintzat, zuzen-zuzenean eragin dit». Haren lanerako gaitasuna ere nabarmendu du, eta taldeak eratzeko zuen gaitasuna. «Ikusi, pentsatu, eta konbentzitu egiten zuen jendea». Gero «konfiantza» ere ematen bazekien: eskuzabal. «Taldearekiko eta jendearekiko zuen konfiantza itsua, eta berariaz esaten zuen», azaldu du Bilbaok. Ezaugarri horiek «lemazain ezin hobea» egiten zutela uste du.

Bai Euskarari kanpainaren harira, 1998an, bost estadio euskararen alde betetzeko egin zuten ahalegin harekin oroitu da Kaltzada, eta Mendigurenek hor erakutsi zuen adorearekin. «Objektiboki ezinezkoa zena egingarria zela sinetsarazten zizun». Beste dohain ahaltsu bat ere bazuen: «Ausardia azpimarratu behar dela uste dut». Haren «pazientzia eta determinazioa» ere goraipagarritzat dauzka Bilbaok, eta atakarik zailenetan ere «adostasunerako» bidean beti egiten zuen ahalegina. «Jende guztiarekin hitz egin behar da». Oso berea zuen esaldi hori. Eta Kontseiluko arduradun gisara egiten zituen bilera ugarietan, jende urrunenekoekin ere, beti «edukizko zer esana» izateko zuen gaitasuna mirestekoa iruditu zaio beti Bilbaori.

Euskalgintzan, oro har, adostasunak lortzeko bidean Mendigurenek egin zituen ahalegin horiek erabakigarriak izan ziren uste erabatekoa du egun Kaltzadak.  «Gauzak egiteko bidea erabat eraldatu zuen. Beste egoera batera eraman gintuen».

«Gauzak egiteko bidea erabat aldatu zuen. Beste egoera batera eraman gintuen».

PILAR KALTZADA Kontseiluan Mendigurenen lankidea izana

Omenduaren etxekoen izenean, Oihana Mendiguren mintzatu da, alaba. Esker onez hartu du familiak omenaldia. «Elkar ulertzeko, zubiak eraikitzeko, munduko edozein gizakiri besoak zabaltzeko» zuen ahalmena gogora ekarri du hark ere. Bertsotan, Oihana Iguaranek oroitu du Mendiguren.

Nola aurre egin

Idurre Eskisabelek darama egun Kontseiluaren lema. «Hunkituta» hartu du hitza, eta nabarmendu du Kontseiluan Mendigurenek utzi zuen arrastoaren «lorratza» segitzen dutela. Eta ezinbestekoa dela egun jarduteko era hori, euskararen biziberritzearen aldeko hizkuntza irizpideen kontrako sententzia judizialak, esaterako, kezkarako motibo direlako, eta horiei aurre egiteko bideak ebaztea delako euskalgintzaren asmo behinenetariko bat gaur egun.

Iazko azaroaren 4an manifestazio jendetsua egin zuen Kontseiluak Bilbon inboluzio motibo diren ebazpen horien kontra egite aldera, aski jendetsua izan zen, eta han plazaratutako proposamena gogora ekarri du gaur berriz Eskisabelek: «akordio soziopolitiko berri bat» nahi dute hizkuntza politiketan aurrera egiteko. Bide horretan, Mendigurenek markatutako «akordio bideak» lagundu dezakeela argi du.

Aurrez egin izan duen eran, akordio horren funtsaren nondik norakoak gogora ekarri ditu gaur ere Eskisabelek, gauzak ikusteko bi era daudela nabarmenduta. «Ikuspegi baten arabera, administrazioarekin hautatutako hizkuntza ofizialean harremana izatera murrizten da normalizazioa», azaldu du. Baina ikuspegi hertsiegia da hori Kontseiluarentzat: «Beste ikuspegian kokatzen garenok hori baino askoz ere prozesu sakonago, orohartzaile eta holistikoagotzat dugu». Akordio horrek, muin modura, «konpromiso» hitza ere behar du. «Hori da akordioaren muineko proposamena: euskararen normalizazioarekiko konpromiso zibikoa hartzea eta bultzatzea». Mendigurenek utzitako «ikuspegia» dela uste du, eta «bizi-bizirik» sentitzen du: «Gugan».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.