Euskal Herrian egiten diren mobilizazio eta protesta gehientsuenak lan arloari lotutakoak dira. Hala diote datuek: dela kaleratzeak edo enplegu erregulazio txostenak salatzeko, dela enpresa itunetan lan baldintza hobeak aldarrikatzeko, kalea izan ohi da lan gatazken agertoki nagusia. Sindikatuen ustez, ordea, kaleak hartzea, errepideak oztopatzea, mobilizazioak eta protestak espazio publikoaren erdigunera eramatea ekintza sinboliko bat baino gehiago da: erakusten dute lana eta bizitza ezin daitezkeela bereizi.
Hala uste du LAB sindikatuko ekintza sindikaleko eta negoziazio kolektiboko idazkari Oihana Lopetegik: «Laneko gatazkak ezin dira soilik lantokian gelditu. Lanaren prekarizazioaz gain, bizitzaren prekarizazioaz ere hitz egiten dugu, eta, gure ustez, uztarketa hori da gakoa. Lan eta bizitza duinak lortu nahi baditugu, bi eremuen uztarketa bat behar da, eta, horretarako, ezinbestekoa da kaleak hartzea».
ELA sindikatuaren irudiko ere, ezin dira lana eta bizimodua bereizi. «Guretzat, langileen interesak ez dira lantokian hasi eta bukatzen», adierazi du Pello Igeregik, sindikatuko negoziazio kolektiboko arduradunak. «Langileek,langile izate hutsagatik, interesak dauzkate zerga politiketan, osasungintza publikoan, etxebizitza politikan… Horregatik, lantokian eta lantokitik kanpo egiten dugu sindikalismoa, mobilizazioa eta lan baldintzen defentsa».
Izan ere, grebaren zentzuaren muinean dago gatazkaren sozializazioa bera, baita arduradunen interpelazioa ere. Grebaren helburua baita produkzioa gelditzea edo enpresak ematen duen zerbitzua ematea, eta horren bidez presio egitea. Baina baita lan gatazka ikusgarri egitea ere, gizartearen elkartasuna bilatzeko, aldarrikapenak plazaratzeko edo arduradunak seinalatzeko. Eta, horretarako, sindikatuen iritziz, ezinbestekoa da mobilizazioak edo protestak kalera ateratzea.
Praktikak ere hala erakutsi die urte luzeetan. Adibide bat jarri du Igeregik: «Greba gutxi egiteko gaitasuna izan dugun urteetan, 2012 inguruan, murrizketa eta kaleratze asko egin ziren, eta lan hitzarmenak berritzeko zailtasun oso handiak izan genituen. 2023a, aldiz, salbuespeneko urtea izan da, hitzarmen asko berritu direlako. Baina ez da kasualitatea, 2022a izan baitzen azken hamarkadetan greba gehien egin den urtea».
Protestarik gabeko greba baten emaitza «ezberdina» da, Lopetegiren hitzetan ere: «Mobilizazioek eta grebek, oro har, beti dakartzate emaitza hobeak. Patronalak ez du mobilizaziorik nahi; greba deserosoa zaio, eta jarri nahi ez dituen edukiak jartzera behartzen du».
Kopuru arrazoitua
Hori dela eta, Euskal Herrian egiten diren protesta eta manifestazio kopurua justifikatuta dagoela uste dute LABeko eta ELAko ordezkariek. Lopetegiren irudikoz, «langileen ahalduntze eta heldutasun mailaren adierazgarri» dira, baita eragile sozial eta sindikalen gaitasunaren isla ere. «Guk jendarte kritiko bat elikatu behar dugu. Jendarte gisaa, honek hobetu egiten gaitu», azpimarratu du LABeko kideak.
Grebak eta mobilizazioak «zerbait hobetu behar denean» egiten dituztela argudiatu du Igeregik. Eta ez du uste negoziazio bideei behar beste aukera ematen zaienik, patronalak eta zenbait agintarik adierazi moduan. «Beti guk egin behar izaten ditugu proposamenak eta eskaerak, eta enpresen ezezko erantzunen ondorioz egiten dira mobilizazioak. Gu ez gara lotsatzen hori egiteaz».
Eta erantsi du lanuzteak eta protestak ez dituztela sindikatuek egiten, jendeak baizik: «Egiten dituzte arrazoiak ikusten dituztelako, ez sindikatu batek horietara deitzen dutelako. Eta argi dago arazoak badaudela. Agintariek harro egon beharko lukete prekaritatea handitzen ari den une honetan grebara deitu izanaz, zeren horrek erakusten du langileria osasuntsua daukagula».
Lopetegik ere berretsi du ez dagoela protesta egiteko beste modurik, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eskatu duenaz bestela. «Protestak ezinegona kanalizatzeko bide bat dira. Gero eta ezinegon handiagoa dago; beraz, mobilizazioak ere areagotzen ari dira. Halere, arazoa ez dira protestak, baizik eta horiek eragiten dituzten arrazoiak».
Hainbesteko kopuruak jendearen atxikipenean eragiteko izan dezakeen arriskuaz galdetuta, zera erantzun du Lopetegik: «Gure irakurketa desberdina da: nabaritzen dugu eskaera bat badagoela mobilizazioak egiteko. Hala uste du Igeregik ere: «Mobilizazioek gihar baten gisa funtzionatzen dute: asko erabiltzen den neurria indartu egiten da. Argi daukagu etorkizunean ere, zerbait behar izatekotan, mobilizazio gehiago beharko ditugula».