Eskizofrenia eta ariketa fisikoa. Sara Maldonadok (Gasteiz, 1968) eta Mikel Tousek (Iruñea, 1996) bi alderdi horiek batzen dituen ikerketa bat egin dute, Arabako Ospitale Psikiatrikoarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean. Ondorioztatu dute ariketa fisikoak eskizofrenia dutenen sintomatologia hobetzen duela.
Nola ailegatu zarete ondorio horretara?
SARA MALDONADO: Arabako Ospitale Psikiatrikoa gurekin harremanetan jarri zen, bertan egiten duten lanean ariketa fisikoa baliatzen duen programa bat txertatu nahi zutelako. Ikusi nahi zuten ea ariketa fisikoak eragin positiboa duen eskizofrenia duten pertsonengan.
Propio zer lortu nahi zenuten azaltze aldera, egokia da gogora ekartzea eskizofreniak zer sintoma klase eragiten dizkien eriei...
MIKEL TOUS: Batetik, sintoma positiboak deitu ohi direnak dituzte: eldarnioak eta haluzinazioak, besteak beste. Sintoma negatibo deituak ere badituzte; energia falta, motibazio falta, tristura... Eskizofrenia duten pertsonen beste ezaugarrietako bat da defizit kognitiboa dutela; gaixotasun kroniko bat da, eta urteen poderioz okerrera egiten du.
MALDONADO: Medikazioaren bitartez, sintoma positiboak kontrola daitezke normalean; baina negatiboak eta kognitiboak kontrolatzea zailagoa izaten da. Ikerketa honen bitartez, ikusi dugu ariketa fisikoa egiteak eragin positiboa duela bietan, sintoma kognitiboetan eta negatiboetan. Ikerketa honetan pazienteen alde subjektiboari eman diogu garrantzia; jarduera fisikoa egitean zer sentitu duten eta zer-nolako esperientzia jaso duten aztertu nahi izan dugu.
TOUS: Eskizofrenia duten pertsonen beharrak zein diren ulertu nahi genuen, eta, horrekin batera, behar horiek asetzeko modu bat aurkitu, horretarako ariketa fisikoa baliatuz.
Nolakoa izan da ikerketaren ibilbidea?
MALDONADO: Oso garrantzitsua izan da ariketa fisikoa taldeka eta ospitaletik kanpo egitea. Modu horretan egitean, pertsona normal baten gisan sentitu direla aitortu digute. Ariketa fisikoa egindute astean hiru egunetan, bost hilabetean. Horretarako, gure presentzia oso garrantzitsua izan da. Horregatik, kirol hezitzaileen figura azpimarratu nahi dut, eta hori aldarrikatzen ari gara: ariketa fisikoa baliatzen duten eta kirol hezitzaileek bideratzen dituzten programak txertatu behar dira erietxeetan. Izan ere, ariketa fisikoak pazienteen bizi kalitatea hobetzen du.
Eskizofrenia dutenek estigma soziala ere jasaten dute askotan. Zuen ikerketan ondorioztatu duzue ariketa fisikoak onura sozialak ere eragiten dizkiela pertsona horiei. Alde horretatik, zer azaldu dizuete beraiek?
TOUS: Pazienteek adierazi digute programa honetan oso seguru sentitu direla. Ikusten zuten pertsona kualifikatuak geundela beraiei laguntzeko. Behin, paziente batek asko gustatu zitzaidan esaldi bat bota zidan: «Hau mundu bat da, eta hemendik kanpo beste mundu bat dago». Horrekin adierazi zidan guk sortutako programan oso seguru sentitzen zela, baina handik kanpo, beste gimnasioetan adibidez, ez zuela arreta bera jasotzen.
Zer eboluzio ikusi duzue aztertutako pazienteetan?
MALDONADO: Ariketa fisikoaren programa hasi aurretik, pazienteen alderdi fisikoa baloratu genuen. Eskizofrenia duten pertsonek, gehienetan, ez dute bizi estilo osasuntsua izaten. Programa bukatzean, aldiz, ikusi dugu, batik bat, oxigenoa garraiatzeko gaitasuna asko hobetu dutela. Horrekin batera, arrisku kardiobaskularra jaitsi egin zitzaien. Gorputzeko konposizioari dagokionez ere, oso ondorio interesgarria atera dugu: ariketa fisikoa egin zuten pazienteengan ikusi dugu gorputzeko masa ez zaiela aldatu; baina ariketa fisikorik egin ez zutenen kasuan, ikusi genuen beraien gorputzeko gantz masa areagotu zela. Horrek zer esan nahi du? Medikazioak albo ondorioak dituela.
TOUS: Horrez gain, eskizofrenia duten pertsonen bizi kalitatea eta loa aztertu genituen. Ikusi genuen ariketa fisikoa egin zuten pazienteen lo kalitatea pixka bat hobetu zela, eta beraien bizi kalitatea askoz hobea zela. Batetik, ariketa egin bitartean, ez zuten sintoma positiborik izaten. Izan ere, beste gauza batzuetan jartzen zuten arreta, eta ariketa fisikoa egitean sartzen ziren buru-belarri. Kirola egiteari utzi eta ordu batzuetara ere pentsamendu horiek ez izatea lortzen zuten; nekatuta zeudenez, ez zuten horrelako gauzetan pentsatzen. Bestetik, sintoma negatiboetan onura asko eragiten zituela ikusi genuen. Programan parte hartu baino lehen, gehienek esaten ziguten ez zutela gogorik izaten kalera irteteko. Guk, gure programarekin batera, errutina batean sartu genituen: astean hiru egunetan ariketa fisikoa egin behar zuten. Horrela, errutina batean sartzen ziren, eta derrigorrezkoa zen beraientzat etxetik ateratzea. Hainbat pazientek behin eta berriz adierazi ziguten zera: jarduera fisikoaren bitartez nekatuta bukatzen zutela, eta, horregatik, etxera iritsitakoan ere nahiko nekatuta zeudenez, askoz hobeto egiten zutela lo.
Eskizofrenia duten pazienteak izan dituzue aztergai, baina ariketa fisikoa egiteak edozein gaixotasun psikiko duenari egin diezaioke mesede, ezta?
MALDONADO: Jakina. Psikiatrek argi daukate ariketa fisikoa baliatzen duen programa bat ezinbestekoa dela ospitaleetan. Badakite ariketa fisikoak positibokieragiten diela paziente guztiei. Berdin da eskizofrenia izan,bipolarra izan, depresioa izan edo osasun mentalarekin erlazionatutako beste gaixotasun batzuk izan. Pertsonak dira azkenean, eta ariketa fisikoa egitean guztiok jasotzen ditugu onurak.Ezinbestekoa izango litzateke gimnasio bat izatea ospitale guztietan, eta ez psikiatrikoetan bakarrik.
Iruditzen zaizue osasun arloan tratamendu farmakologikoetara errazegi bultzatzen direla pazienteak?
MALDONADO: Pertsona bat gaixotasun batekin medikuarengana joaten denean, gaixotasuna momentuan bertan kontrolatzen saiatzen dira; eta, gehienetan, medikazioa da horretarako modurik azkarrena. Bestalde, badakigu bizi estiloak gaixotasunean bertan eragin handia duela. Hortaz, pazienteak hezi egin behar dira bizitza osasuntsua izateko. Gure gizartea medikalizatuta dago? Bai. Baina medikazioa beharrezkoa da gaixotasuna azkar kontrolatzeko. Nola koordina daitekeen gure lana osasun publikoarekin? Gure figura ez dago sartuta ospitaleetan. Egin daitezke hitzarmenak paziente horiek kirol hezitzaileengana bideratzeko. Diziplina anitzeko lana beharrezkoa da pertsonek osasun holistikoa lortzeko.
Mikel Tous eta Sara Maldonado. Ikerlariak
«Ezinbestekoa litzateke gimnasio bat ospitale guztietan»
EHUk egindako ikerketa baten arabera, ariketa fisikoak onura eragiten die eskizofrenia dutenei: fisikoki, psikologikoki, sozialki. Maldonado eta Tous ikertzaileen arabera, arlo hori sustatu behar da osasun sisteman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu