Iruñeko Oblatas eta Santa Engrazi zubien artean 600 metro inguru daude, eta etzi, 12:00etan, Nafarroako Sarek bi zubiok giza katen baten bitartez elkar lotu nahi ditu. Mikel Mundiñano (Etxarri Aranatz, 1976) Nafarroako Sareko ordezkariaren arabera, bakean zein guztien eskubideen errespetuan oinarritutako elkarbizitzan aurrera egiteko, beharrezkoa da presoen korapiloa askatzea.
Bi zubiok lotuta, zer mezu eman nahi duzue?
Presoak etxeratzeko, ezberdinen ateko zubilan horren garrantzia azpimarratu nahi dugu, nolabait ere adieraziz nafar jendartea izan behar dela konponbidean urratsak egiteko zubia. Konbentzituak gaude etorkizun berri bat eraikitzeko ezinbestekoa dela ezberdinen arteko zubia.
Herritarren mobilizazioari garrantzi berezia eman izan diozue. Gehiago aktibatu behar al da?
Bai, ezer ez da sobera. Herritarrok eraiki behar ditugu konponbiderako eta elkarbizitzarako zubi horiek. Jendarte aktibo bat behar dugu, gehiago izateko asmoz. Kontsentsu zabal bat dago gai honen inguruan, baina gehiago izateko asmoa dugu, gure helburuetan azkarrago eta urrunago iristeko asmoz.
Zeintzuk dira helburuok?
Helburua da sufrimendurik, biktima gehiagorik eta presorik eta iheslaririk gabeko jendarte bat eraikitzea, nolabait ere elkarbizitza eta bakea oinarri dituena. Horixe eskatzen dio Sare Herritarrak bere buruari ziklo berri honen atarian: auzi hau behin betiko konpondu behar dugu. Gertatutakoa errepika ez dadin ere bermeak ezarri behar ditugu. Herri hau normalizazio egoera batera eraman behar dugu.
Nafarroakoa gizartea plurala da. Ezberdinen arteko elkarlan horretan, zailtasunak dituzue?
Bai, dudarik gabe, gatazka honek eragin dituen egoerek ere hala adierazten dutelako. Herritar guztiok etorkizun baketsu bat izateko helburua badugu, batzen gaituen hori banatzen gaituenaren aurretik jarri behar dugu. Batzen gaituen hori etorkizun berri baten ametsa da, non bakean eta askatasunean bizitzeko aukera izango den. Horra iristeko behar da ausardia eta borondatea.
Presoen egoerari begira, zer argazki aterako zenioke oraintxe?
Argazkia ez da batere ona. Egia da Frantziako Estatuaren mugimenduak izan direla. Aukera egon da preso guztiak Euskal Herritik hurbilen dauden bi espetxeetarahurbiltzeko, Mont-de-Marsanera eta Lannemezanera. Emakume presoak espetxe berean biltzeko aukera dago oraintxe, eta elkarrizketarako eta ulermenerako jarrera ireki bat izan dute. Ezin dugu gauza bera esan Espainiako Estatuari dagokionez. Zerbait esan du, baina oso gutxi egin du. Presoen %85, izan ere, 400 eta mila kilometro arteko distantzia batean daude. Beraz, sakabanaketa errealitate gordin bat da, eta oraindik sufrimendu asko eragiten du.
Sanchez agintera iritsi zen iazko ekainean. Egun, jarduneko presidente da. Zerbait nabaritu da?
Hasi zenean, adierazi zuen espetxe politika aldatzeko nahia zuela. Mugimendu txiki batzuk egin dituzte. Adibidez, gerturatze batzuk egon dira, baina, oraindik ere, presoen urruntzea errealitate gordina da. Oraindik ere ehunka kilometrora daude preso euskal herritarrak.
Euskal Presoen Politikoen Kolektiboak egin ditu urratsak.
Pausoak geldi-geldi eman behar dira. Presoak ere konponbide honen aktiboak izan behar dira. Urratsak egin dituzte, eta gehiago egiteko ere prest daude. Uste dugu presoen kolektiboa egiten ari dela bere bidea. Kontua da beste eragile batzuk ez dituztela urrats ausart horiek egin. Horrek blokeatzen du elkarbizitzan aurrerago egitea.
Zergatik blokeo hori?
Oraindik irabazle eta galtzaileen eskeman jarraitzen du estatuak, eta mendekuzko egoera batean tenkatu nahi du presoen korapiloa. Blokeo hori hausten ez den bitartean, eta salbuespen neurri horiek indargabetzen ez diren bitartean, ezingo dira beste urrats batzuk egin. Gehiengo zabal batek argi adierazi du estatuaren lehen urratsa izan behar duela neurriok indargabetzeak eta legeak esaten duena betetzeak. Horrek ez du erabat askatzen presoen korapiloa, baina urrats batzuk egiteko baldintzak jarriko ditu.
Espainiako hauteskundeak ate joka, gobernua kolore batekoa edo bestekoa izan airean dago. Espainiako politikaren logika horrek zer eragin izango du?
Gobernu bat edo bestea egoteak ez dakigu zer ekarriko duen. Dakiguna da orain artekoa. Ez dute borondaterik erakutsi honi konponbide bat emateko. Hala ere, nahiago dut Euskal Herrira begiratzea. Kontsentsu zabal bat lortzen ari da espetxe politikaren neurri horiek indargabetzeko.
Kontsentsu hori lortzeko, zer urrats egitea falta da?
Orain arte iritsi ez garen tokietara heltzea. Oraindik badaude eragileak, badaude mugimenduak, zeinetara ez garen iritsi. Hori ere bada gure erronka.
Zer dei egiten diozue gizarteari?
Jendeari esaten diogu ezberdinen artean zubiak eraikitzen jarraitu behar dugula. Helburua da guztiontzat etorkizun aske bat eraikitzea eta gatazka honen zauriak atzean uztea. Horretarako, jakin behar dugu elkarren artean ulertzen, eta zubilana beharrezkoa da. Denok izan behar dugu konponbidearen parte, bai gizarteak eta bai gatazka honetan inplikatutako eragileek. Dei egiten diegu hona etortzera, presorik gabeko herri batean sinesten dugulako. Auzolan garrantzitsu horretan guztion eskuak garrantzitsuak dira.
Mikel Mundiñano. Sareko kidea
«Ezinbestekoa da ezberdinen arteko zubia»
Iruñeko Santa Engrazi eta Oblatas zubiak elkar lotu nahi ditu Sarek giza kate batekin, etzi eguerdian. Mundiñanok dio presoen korapiloa askatu behar dela elkarbizitzarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu