Ezinbesteko 473 gene: biziaren muina

Bizi ahal izateko beharrezko geneak bakarrik dituen genoma sortu dute Venter eta Hutchison ikerlariek.Medikuntzaren alorrerako aurkikuntza garrantzitsua da

BERRIA.
2016ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
John Craig Venter eta Clyde Hutchison ikertzaileek beste mugarri bat ezarri dute: bizi ahal izateko beharrezko geneak bakarrik dituen genoma sortu dute. Genoma sintetikoa muturreraino murriztu dute, geneak gehiago apurtu ezin diren neurriraino, eta horiekin nola bizi daitekeen ikertu dute. 473 gene dituen JCVI-syn3.0 izeneko genoma izan da emaitza.

Aurkikuntzak aurrerapauso nabarmenak ekar ditzake, bizitza sintetikoa sortzeko aukerak zabaltzen baititu. Washingtonen (AEB) eman zituzten ikerketaren emaitzak, atzo, eta, Hutchison ikerlariak emandako azalpenen arabera, «orain arteko zelularik sinpleena» sortu dute, «bizitzarik bakunena egin ahal izateko beharrezkoak diren geneekin soilik». Ikerkuntza garrantzitsua da, eta ekarpen asko egin ditzake medikuntzan. Luzera begira, produktu kimiko eta farmazeutikoak sortzeko aukera eman dezake.

Orain artean sekula sortu ez diren zelula berriak diseinatzea da Venterren eta Hutchisonen helburua. «Hala, nahi dugun guztia sortzeko aukera izango dugu». Egindako lanarekin «zeruan» daudela adierazi dute Ipar Karolinako Unibertsitateko bi ikerlariek, baina oinak lurrean mantentzeko beharra azpimarratu dute. JCVI-syn3.0 genomarekin sortutako produktuak etorkizunean zertarako erabili ahal izango diren zehaztu aurretik, genomak bere hartan sortzeko prozesua hobetzen jarraituko dute: «Zelulak zertan erabili erabakitzeko garaia gero iritsiko da».

Venterrek eta Hutchisonek sortutako zelula artifizialak gizakiak dituen geneen %2 besterik ez du —gizakiak 20.000-25.000 gene ditu—. «Zelulek nola lan egiten duten ulertu nahi dugu, eta horregatik saiatu gara era naturalean sortzen direnak baino sinpleagoak egiten».

Beharrezkoak bakarrik

Bi hamarkada dira bi ikerlariak genomak eta bizitza sintetikoa ikertzen hasi zirela. 2010ean eman zuten, ordea, ahalik eta gene gutxien izango zuen genoma sortzen hasteko pausoa. Atsedenik gabe aritu dira ordutik. Beharrezko geneak zein diren zehazteko, proba-akats sistemarekin lan egin dute hasieratik. Zortzi multzotan banatu dituzte geneak, eta balekoak eta garrantzitsuak izan arren, zelulen garapenerako oinarrizkoak bakarrik direnak aukeratu dituzte.

Laborategian egindako probetan geneen izaera bestelakotu dute ikerlariek, gene horien benetako funtzio originalak eten, funtzionatzen jarraitzen zuten ikusteko. «Prozesua gainditzen zutenak hartu, eta ahalik eta genomarik txikiena zizelkatu dugu», adierazi zuen atzo Hutchisonek. Ikerlariek argitu dute aurkikuntzak ez duela loturarik bizitza artifizialarekin: «Dagoeneko existitzen ziren elementuak hartu ditugu, eta modu sintetikoan lotu».

Venterrek 2010ean egindako aurkikuntzaren jarraipena izan da Hutchisonekin egin duena. Bere kabuz ugaltzen den zelula aurkitu zuen Venterrek orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.