Pausatua du solasa: zehatza eta adierazkorra; hitz bakoitza ongi neurtua. Miarritzeko (Lapurdi) Les Colonnes ostatu dotorean jarri du hitzordua, eta elkarrizketa hainbat aldiz moztu behar izan du ingurukoen agurrei kasu egiteko. Alderdi sozialistak eginiko lanarekin oso kritikoa da Max Brisson UMPko hautagaia (Miarritze, 1959), eta ez dio beldurrik bere kantonamenduan dagoen hautagaitza aniztasunari, Maider Aroztegirekin batera osatzen duen bikotea baita «ofiziala». Fronte Nazionalari dio errespetu gehiago: «%15 lortuko dute departamenduan». Zentroarekin batera oposizioa utzi eta Kontseilu Nagusia «berreskuratzea» espero du bozotan, halere. Hala balitz, Jean Jacques Lasserrek hartuko luke presidente kargua: «Egin dugun akordioaren parte da».
Egoera berezia duzue kantonamenduan: bederatzi bikote aurkeztu zarete. Zer dela eta?
Ohitura da: azken kantonamendu bozetan zortzi hautagai ziren; beraz, bat gehiago bertzerik ez dago. Bestalde, departamendurako hautagaia naizenetik beti izan ditut hautagai disidenteak nire eskuinetara. Eta errazagoa da Miarritzen aurkeztea bertze leku batzuetan baino: aski eskuinekoa den hiri honetan anbizioak sortzen dira beti. Dena den, bikote bakarrak ordezkatzen du eskuin eta zentroko alderdien arteko akordioa: Maider Aroztegik eta biok osaturikoak. Horrek du UMP, UDI, Force64 eta Modemen babesa. Batzuek herriko bozak errepikatu nahiko lituzkete, baina eskuinak departamendua berreskuratzea dago orain jokoan.
Hain justu, herriko etxerako bozetan ez zenuen irabazi. Ezin da berriro halakorik gertatu?
Ez, logika guztiz ezberdina baita. Ezkerreko eta zentro-eskuineko zerrendak bateratu zirelako izan nintzen garaitua. Departamenduko bozetan bi bikote baizik ez dira geldituko bigarren itzulian, eta ez da bateratzerik gertatuko. Eta, tronpatzen ez banaiz bederen, bigarren itzulian eskuina eta zentroa egonen gara alde batetik, eta PSa bertze alde batetik, hau da, eskuin-ezker logika klasiko bat. Ez zen hala herriko etxeetako bozetan. Segur, oposizioa zatitua dago, baina gaur egun herriko etxean den gehiengoa ere lau bikotetan dago banatua.
Segur zara irabazteaz, beraz?
Seguru ez da sekula egon behar. Kontseilaria naiz gaur egun, eskuineko eta zentroko alderdien sostengua dut, papurtze azkarra dago bi aldeetan... Horrek guziak pentsarazten dit egoera irabazteko modukoa dela. Orain, hautesleak konbentzitu behar ditugu.
Zer erranen diezu horretarako?
Lehenik, sozialistek departamendua andeatu dutela. Andeatu dute haren desagerpenaren berri emanez, eta ondotik berrezarriz. Andeatu dute haren eskumenak definitu gabe utziz: hauteskundeetara goaz lurralde erreforma oraindik bozkatua ez den artean. Eta andeatu dute Pauen [Okzitania] aldaketarako jokalekurik uzten ez duen kudeaketa bat eginez: zorpetu dute zor guti zuen departamendu bat; haren aurrezkiak apaldu dituzte... Erantzukizuna berrezarri behar da instantzietan, eta anbizioa eman.
Eta Miarritzen, zehazki?
Hori guzia gero Miarritzen islatuko da. Absurdoa litzateke kantonamenduari soilik begiratuko liokeen proiektu bat. Ezin diegu herritarrei gezurrik erran: proiektua departamendurako da. Eta, gainera, bakarrak gara eskuinean proiektu hori aitzina eramanen dugunak, departamenduko taldearekin baikoaz. Izanen dituen islak? Adibidez, alzheimerra duten pertsonentzako zentro bat eraikitzea, zahar etxea handitzea, haurtzaindegi berri bat... Baina horrek guziak ez du zentzurik ez bada departamenduko proiektu baten barruan. Kontseilu Nagusia talde politikoen arabera dabilen batzar bat da, eta horietan ez parte hartzeak ez du pisurik.
Zentroarekin elkartu zarete.
Frantzia osoan egin dugu: elkarrekin aritu gara departamenduko gobernuan eta oposizioan. Zentroaren eta eskuinaren artean alde txikiagoa dago alderdi sozialistaren barneko eskuinaren eta ezkerraren artean baino.
Eskuinaren eta zentroaren arteko akordioa ezinbertzekoa da lurraldean nagusitu nahi badugu. Bertzela, FN eta PSren arteko bigarren itzuliak gerta daitezke. Gaur egun, nahi ala ez, bizitza politikoa hiru alderdikoa da. Eta hor, eskuinak eta zentroak elkarrekin joan behar dute. Bata bertzearen aurka bagina, sozialistek segituko lukete Kontseilu Nagusian.
Zer diozu lurralde erreformaz?
Gaizki josiriko lege bat da. Sozialistak hasieratik dabiltza nora ezean: itxaroten dutena da alternantzia politikoa egotea, hurrengo gehiengo nazionalak trenka dezan afera. [Nicolas] Sarkozy hain amateurra izan balitz, manifestazioak eginen lituzkete errepublika arriskuan zela erranez.
Aldaketa gehiago ere bada: parekidetasuna, mapa berria...
Bikoteena sekulako aurrerapena da; parekidetasuna bermatuko du. Baina kontseilarien lanaz gogoeta egin beharko da, bi ordezkari izanen baitira bakarraren ordez, eta, beraz, bi solaskide. Ikusiko dugu praktikan nola doan.
Kantonamenduen mapa berria, berriz, harrigarria da. Denok dugu joera mozketak gure alde egiteko, baina, hor, halere, sozialistek beren neurrira moztu dituzte. Kantonamenduek ez dute inolako logikarik, Euskal Herria eta Biarnoa errespetatzeaz aparte, ez bada PSk berriro irabaztea. Desabantailarekin goaz bozetara.
Jendea pixka bat galdua dago hainbeste aldaketaren erdian...
Ez da aditua izan beharrik abstentzio handia aurreikusteko. Hirietan jadanik hala zen, eta, gainera, frantsesen buruetan sartu dugu departamenduak ez duela ezertarako balio. Horrek lehendik zetorren abstentzioa areagotuko du.
Ez al dute hein batean arrazoi? RSA eta halakoak, adibidez, nahitaez eman behar dituzue. Ba ote da aldaketarako aukerarik?
Egia da: departamenduko zenbait alor guztiz mugatzen dituzte parlamentuko legeek. Tarteetan markatzen da ezberdintasuna, eta badira, halere. Baina horrek eskatzen du kudeatzen jakitea. Ezkerreko eta eskuineko kudeaketen arteko aldea nabarmena da: 2011n aurrezkien bidez finantzatzen genituen inbertsioak; orain, maileguen bidez. Aurrezkiak hiru aldiz apaldu dira: departamendua utzi genuenean 130 milioi ziren, eta orain, 40 milioi.
Zein ekarpen egin diezaiokezu euskarari eta Euskal Herriari?
Bi gai ezberdin dira. Euskarari dagokionez, murruaren kontra gaude berriro, eta hautetsiei iruditzen zaie aski egiten dela. EEPk lortu du zilegitasuna, baina ez da nahikoa: hizkuntza hiltzen ari da. Gehiago egin behar da: adibidez, murgiltze sistema hezkuntza eredu publikora hedatzea. Euskal Herriko elkargoari dagokionez, lehen aldiz Parisen norabide berean doa azken bi mendeetako aldarrikapena. 300.000 biztanleko herri elkargo bat neurri egokia da, bertzela Euskal Herriak ez baitu pisurik izanen eskualdean.
Departamenduko bozak. Elkarrizketa. Max Brisson. UMPko hautagaia eta kontseilaria
«Ezinbertzekoa da eskuinak eta zentristek akordio bat egitea»
Eskuinaren eta zentroaren batasunak aukera handia du irabazteko, Brissonen ustez. Akordiorik ezak FNren eta PSren arteko bigarren itzulia ekarriko luke, eta, beraz, ezkerraren kudeaketa «txarra» errepikatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu