Koronabirusa. Ikasturte amaiera

Ezina ikaspen bihurtuz

Ikasturte hasierako pronostikoak ez dira bete, eta ikastetxeek lortu dute aurrez aurrekoari eustea. Zailtasunak eta galerak ez dira gutxi izan, baina azken hilabeteotako bidean ikasitakoa nabarmendu dute sare publikoaren eta itunpekoaren ordezkariek.

Andoainen elkartu dira Tellitu, Salaberria eta Ormazabal. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Nekez pentsatzen genuen urriaren erdira irekita iritsiko ginenik». «Guk uste genuen sistema mistoan [ikasgelatik eta etxetik txandaka] amaituko genuela». Iñigo Salaberria Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioko presidenteak eta Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak azaldu dute, hurrenez hurren, joan den irailean iragarpen horiek egin zituztela, «ezjakintasunez». COVID-19aren hedapena geldiarazteko, ikasgelak itxi zituzten 2020ko martxoan, eta ikasleek etxean jaso zituzten eskolak; sei hilabete geroago, berriz itzuli ziren ikastetxeetara, eta zalantza artean igaro da ikasturtea. Azken hilabeteetan bizitakoaren berri emateko, Salaberria, Tellitu eta Kristau Eskolako zuzendari nagusi Mikel Ormazabal elkartu ditu BERRIAk. Zailtasunenak gaindituz lortu dituzten irakaspenei eman diete balioa.

Zalantzak, kezkak, beldurrak... Hitz horiek ahotan dituztela mintzo dira hiru elkarrizketatuak ikasturte hasieraz, baina beste batzuk ere aipatu dituzte: ilusioa, eta aurrez aurreko hezkuntzak funtziona zezan irakasleek eta zuzendaritza taldeek hartutako ardura. Halere, Tellituk zehaztu du ilusioarekin soilik ezin zitzaiola erronkari eutsi: «Guk askotan esan genuen baliabideak etorri behar zirela, ilusio horrek hilabete bat edo bi irauten duelako». Horretan ikusi zuten, hain zuzen, hutsuneetako bat. Azaldu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zuten aparteko baliabiderik jaso urriaren erdira arte. Ipar Euskal Herrian egoera okerragoa izan zen, Tellituren hitzetan: «Hemen baliabideak egon ziren; Iparraldean, batere». Eta Nafarroan, nabarmendu duenez, ikasturtea hastearekin batera iritsi ziren: «Neurriak arinago ezarri zituzten, eta laguntzak ere, agian, gu baino hilabete lehenago jaso zituzten». Baina baliabide kopuruan baino gehiago haien erabileran zegoen gakoa. Hala nabarmendu du Salaberriak: «Oso ongi etorriak izan ziren, hainbat desgaitasun konpentsatzeko erabili genituelako, zuhurtzia eta erantzukizun handiarekin». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste harri bat ere aurkitu zuten ikasturte hasiera prestatzeko bidean: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko aldaketak.

Halere, lortu zuten aurrera egitea: protokoloak prestatu zituzten, eta ikasleak ikasgeletara itzuli ziren. Haurrak eta nerabeak «sekulako gogoarekin» zeudela ziurtatu du Tellituk, eta Ormazabalek erantsi du harremanen falta sumatzen zutela: «Desberdinen arteko harreman hori beharrezkoa da. Uste dut neska-mutilak gustura zeudela harremana izateagatik bakarrik».

Baina orduan hasi ziren bistaratzen itxialdi garaiak eragindako gabeziak. Hala azaldu du Ormazabalek: «Errealitatera ekarri gaitu: zenbat ikasle berdintasunik gabe, zenbat ikasle eta familia ezinean... Zergatik? Baliabiderik ez dutelako. Horrek aukera eman digu galderak egiteko eta erantzunak emateko». Lehen asteetan ikastetxeetan arlo emozionalari eman zioten «garrantzia» nabarmendu du Salaberriak. Behin hori landuta, eremu akademikoagoari heldu zioten: «Hainbatek hiru hilabete eta erdi edo lau hilabete horietan galera akademiko nabarmenak izan zituzten, eta horiek ere konpentsatu behar ziren nolabait».

Euskara izan zen kezka eragileetako bat. Halere, pandemian euskaraz aritzeko gaitasuna murriztea «bilakaera baten azaleratzea» izan da, Salaberriaren irudiko. Harekin bat egin du Tellituk: «Nik ez dut nahi esatea: 'Orain horrela gaude pandemiagatik'. Ez, hau ja bazetorren. Okerrerantz egin duela? Logikoki. Leku askotan ez da egon lehen planoan». Hainbat programarekin horri buelta eman nahian ari dira ikastoletan, baina egoera «oso-oso larria» delakoan dago. Ormazabalek gabeziak nabari ditu euskararen sustapenean: «Une honetan, ez dira ari sortzen arazo horrek eskatzen dituen baliabide eta programa berriak. Ni oso kezkatuta nago».

Pandemiaren itzala

Ikasleak eta irakasleak maskarak jantzita, gel hidroalkoholikoak, mahaien arteko distantzia, jolastokietako hesiak... Koronabirusak goitik behera aldatu ditu ikasgeletako irudia eta jarduna, eta protokolo zorrotzak bete behar izan dituzte. «Protokoloak bete egin dira, eta, haiei esker, ikastetxeak esparru seguruak izan dira», azpimarratu du Ormazabalek. Hori eskoletako «eragileen erantzukidetasunagatik» izan dela ziurtatu du Salaberriak. Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egiteko autokonfinatu diren ikasleak jarri ditu adibidetzat: «Hori ardura onarpen izugarri handia da, eta heldutasun maila oso-oso nabarmentzekoa». Tellituk maskararen auzian bizi izan ditu arazo gehienak: «Maskararen kudeaketa Hegoaldean oso baketsua izan bada, Iparraldean ez da batere baketsua izan».

Protokoloak bete behar horrek, gainera, arazoak ekarri dizkie hainbat proiektu pedagogiko garatzeko orduan. Batez ere, lehen egunetan sumatu zuen zorroztasuna Tellituk: «Hasieran, ezin zen ezer partekatu. Nola egingo duzu talde lana ezin baduzu partekatu? Lehenengo egunetan, osasun arauak betetzeko obsesioa egon zen». Egitasmoak eta jardunak birpentsatzeko premiaz aritu da Salaberria: «Eragin zuzena izan du hainbat metodologiaren garapenean: ikasketa kooperatiboan lanean ari diren hainbat eta hainbat ikastetxetan berrasmatu behar izan zuten».

Baina protokoloak protokolo, COVID-19ak lortu du ikasgeletan ere sartzea. Kasu horiek zuzendaritza taldeen lanari esker kudeatu direla azaldu du Salaberriak: «Lan karga handia izan da, desorduetan, zuzendaritza taldeentzat eta COVID ardura hartu dutenentzat». Gainera, hainbatetan ikasgela osorik etxera ez bidaltzea erabaki izan dute, eta, kasu horiek errazak ez izan arren, Tellituk nabarmendu du ikasleek aukera izan dutela etxetik erritmoa jarraitzeko. «Garrantzitsuena da halakoek ez dutela denbora asko iraun».

Haurren konfinamenduek, ikastetxeetan ez ezik, familietan ere sortu dituzte buruhausteak, baina, Ormazabalen irudiko, gurasoek malgutasuna izan dute etxetik lan egiteko. «Uste dut ahalegina egon dela enpresen munduan». Salaberriak ere «kontziliaziorako konpromisoa» egon dela ikusi du, baina ikusi izan ditu bestelako kasuak ere: «Bizipen gogorrak egon direla? Seguru». Irakasleek konfinatu behar zutenean, berriz, ordezkapenek ondo funtzionatu dutela ziurtatu du, eta gaixorik ez zeuden irakasleek etxetik lanean jarraitu zutela.

Irailetik aurrera, zer?

Irakastearekin batera, irakasleek eta ikastetxeetako arduradunek ikasi ere egin dute ikasturte honetan. Ormazabalek, esaterako, egoera berriei erantzuteko gai direla ikusi du. Tellituk esan du gabeziek aukerak zabaldu dizkietela: «Beharragatik, espazio gutxi edukitzeagatik, ikastola askok erabili dute natura, inguruko eremu horiek, eta ez txangoa egiteko bakarrik, baizik eta hezkuntza prozesuan integratzeko». Salaberriak, berriz, uste du «ahalduntze prozesu bat izan dela eskola publikoetan: «Prozesuen jarraitzaile soil bat izateari utzita, zuzendaritza taldeek ordura arte ez zeuzkaten ardura batzuk hartu behar izan zituzten, edo, akaso, ohikoak ez zirenak: ikaslearen babesleku izatea, familien beharrekin kontaktu zuzena edukitzea... Hori bada ahalduntze prozesu bat». Eta bi irakaspen azpimarratu ditu: batetik, ikastetxeak eta familiak lerrokatuta «bide oparoa» egin dezaketela, eta bestetik, eskolen beharrei erantzuteko administrazioak lerrokatzen direnean, ikaslea dela prozesutik ondoen ateratzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.