Euskal presoak. Xabier Reyren heriotza

«Ezin dugu gehiago itxaron»

Etxerat-en arabera, «Espainiako Estatuaren espetxe politika» da Reyren heriotzaren erantzule. Gaur harrera egingo diote hilotzari, eta etzi, Iruñean, Kalera Kalera dinamikak manifestaziora deitu du

Arratsean egindako elkarretaratzea, Iruñeko Donibane auzoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Herenegun Puerto III espetxeko bere ziegan Xabier Rey Urmenetaren gorpua agertu ondotik, Etxerat elkarteak ozen zabaldu zuen bere samina: «Ezin dugu gehiago itxaron. Xabierren heriotza saihestu zitekeen, baina ez dute nahi izan». Presoen eskubideen aldeko taldeak Reyren heriotzaren erantzule egin du «Espainiako Estatua», tinko eusten baitio «salbuespenezko espetxe politika suntsitzaileari». Urtzi Errazkin Etxerat-eko kidearen hitzetan, gizarteak «ezin du beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean». Horregatik, eragile politiko, sindikal eta sozialei bide orri bateratu bat osatzeko deia egin die, «presoen aferari behin betiko konponbidea emateko».

Xabier Rey Urmeneta Antxo-k 38 urte zituen; Iruñekoa zen, eta ia hamar urte zeramatzan preso, 2008ko urrian atxilotu zutenetik. 2010ean egin zen epaiketan, 26 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Herenegun arratsean zabaldu zen albistea. Hilda agertu zen Puerto de Santa Mariako (Cadiz, Espainia) Puerto III segurtasun handiko espetxeko ziegan. Efe berri agentziak, bere buruaz beste egin zuela zabaldu zuen, Espainiako Barne Ministerioko iturriak aipatuz. Amaia Izko abokatuak atzo aditzera eman zuen senideak berehala joan zirela espetxera, Jaione Karrera abokatuarekin eta konfiantzazko mediku batekin.

Goizean, berriz, Etxerat-ek prentsaurreko jendetsua eman zuen. Nafarroako beste preso batzuen ahaide eta lagunak bertan ziren, Reyri eta senideei babesa, elkartasuna eta dolumina adierazteko. Amorrua eta tristura islatzen ziren aurpegietan. Urtzi Errazkinek azpimarratu zuen Rey Urmenetak lehen graduan pasatu dituela espetxean eman dituen hamar urteak, beste euskal preso askoren modura.

Haren hitzetan, lehen graduaren aplikazio sistematikoak espetxe politikan aurrerapausoak lortzeko «ate guztiak ixten ditu». Ez du abagunerik uzten presoen bizi baldintzak hobetu ahal izateko. Debekatu egiten zaizkie programatutako jarduerak, edo espetxearen instalazioetan —liburutegian— sartzea. Lehen graduarekin, hogei ordu ematen dituzte bakartuta, eta lau ordu baino ez dituzte patioan egoteko. Otorduak ere ziegan egiten dituzte.

Errazkinen ustez, horrek Reyren egoera okertu besterik ez du egin: isolamendua areagotzen du, deserrotzea bultzatzen du, muturreko egoerak eragiten ditu, eta hori etengabekoa izateak gurpil hori geldiezin egiten du:«Zer izen jarriko diogu Xabiren heriotzari?», galdetu zuen Errazkinek.

Horri guztiari sakabanaketaren ondorioa gaineratu zion. Izan ere,«zigor bikoitza» eragin dio bai senide eta lagunei bai presoari berari. «Ez ote da krudela 1.050 kilometro egin behar izatea Puerto de Santa Mariaraino, haien senide maitearen gorpua ekartzeko, hamar urte luzez egin dituzten bidaia amaigabeen antzera ?».Sei urte iragan dira ETAk behin betiko borroka armatua utzi zuenetik, eta aurki urte bat beteko da armagabetu zela, baina egoera ez da aldatu euskal presoentzat, ezta senideentzat ere. «Egunerokoan bizi ditugu espetxe politikaren ondorioak».

Errazkinek zuzeneko erantzule egin zuen Espainiako estatua. Izan ere, «krudela» deritzo presoak etengabe espetxe erregimenik gogorrenean eta etxetik urrun mantentzeko erabaki politikoari. Etxerat elkartearen arabera, «hondatze fisiko eta psikiko ikaragarria» eragiten dio euskal presoen kolektiboari, eta oraingo honetan Reyren heriotza eragin du. «Zer esango dute sakabanaketa politikoaren aldekoek, honi buruz duten ardura ukatzeko?».

Udan, Kepa del Hoyo bihotzekoak jota hil zen espetxean, eta Etxerat-ek hilabete guztiotan ohartarazi du beste heriotza bat gertatzeko arriskuaz. Horregatik, presoen aferari behingoz heltzeko eskaera egin die eragile guztiei:«Erronka honi aurre egiteko, konpromisoa, ausardia eta adorea eskatzen dugu, euskal gizarteak ezin baitu beste bizitza bat utzi konponbidearen bidean».

Sortu: «10 urteko tortura»

Atzo, , Sortuk, Ernaik eta LABek beste prentsaurreko bat eskaini zuten Iruñean. Guztien izenean hitz egiten zuen Arkaitz Rodriguezek, Sortuko idazkari nagusiak, eta gogoeta egin nahi izan zuen «dolu garaian». Rodriguezek azaldu zuen Xabier Rey gogor torturatu zutela 2008an atxilotu zutenean, eta gaineratu zuen gerora etxetik urrun eta lehen graduan izan dutela. «Haren tortura hamar urtez luzatu dute».ustez, heriotzak izen-abizenak dauzka: «Espetxe politika eta Alderdi Popularra. Xabier ez da hil, hil egin dute». Rodriguezen arabera, «dagoeneko hirugarren graduan» izango zen espetxe politika egokitu izan balitz, eta baimen bidez ateratzeko aukera izango zuen. «Eta, ziurrenera, ez zukeen egin duena egingo», gaineratu zuen.

Hori ikusita, ezker abertzaleak autoinkulpazioetan oinarritutako epai guztiak berrikusteko eskatu du, eta egungo espetxe politika etetea. Etxerat-ek egin duen bezala, bide orri bat hitzartzea planteatu du, «lehenbailehen bukatzeko lehen gradua, salbuespenezko legedia hau». Sorturen arabera, Euskal Herrian «indarkeria asko egon dira, biktima asko», eta Xabier Rey horietako bat da. «Ez dugu biktima bakar bat gehiago nahi».

Atzo, Euskal herriko hainbat lekutan Xabier Rey Urmeneta gogoratu zuten, eta familiari elkartasuna agertu zioten. Mobilizazio nagusia Reyren auzoan izan zen, Iruñeko Donibanen.

Horrekin batera, euskal preso eta iheslari ohien Kalera Kalera dinamikak nazio mailako manifestazio antolatu du etziko, Iruñean; Golem zinemetatik hasiko da, 17:00etan. Gaur, 10:00etan, gorpuari harrera egingo diote, Donibane auzoko Irache beilatokian —07:30ean da Iruñera iristekoa—. Eta bihar erraustuko dute, Nafarroako hiriburuko hilerrian. Bihar ere manifestaziora deitu du LABek —ordua eta tokia zehaztu gabe—, eta arratsaldean elkarretaratzea egingo dute Baionan, Espainiako kontsularen bulegoaren aurrean, 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.