Klima eta natura krisiek aldaketa sakonak ekarriko dituzte bizimoduan. Ziur da Adrian Almazan (1990, Madril) Filosofia doktore eta Ekologistak Martxan-eko ekintzailea. «Orain arte kredituan bizitzen aritu gara», haren esanetan, baina bukatu da hori, eta planetaren mugen barruan kabitzea beste aukerarik ez da. Horretarako estrategien beharra azpimarratu du Madrilgo Karlos III.a unibertsitateko irakasleak, eta desazkundearen alde egin du Decrecimiento: del qué al cómo liburuan (Desazkundea: zer egitetik nola egitera). Bilbon elkartu zen BERRIA Almazanekin, urtarrilaren 16an, anHitz zentroan liburua aurkeztu behar zuela aitzakia hartuta. Ekologistak Martxan-en Ekoetxean erantzun zien galderei.
Kapitalismo berdeak proposatzen duen trantsizio energetiko hori ezinezkoa da zure iritziz. Zergatik?
Ekologismoaren ikuspegitik, hazkunde ekonomikoa ezin da bereizi ingurumenaren hondatzetik. Munduko gizarteen proiektu konpartitua hazkunde ekonomikoa bada, kontraesan batean sartzen zara. Gure zibilizazioaren kontraesana da. Eta kontraesan bikoitza da. Ez baita ingurumenaren hondatzea soilik. Energia fosilen mendeko ere bagara, horiek ahalbidetu baitute hazkunde esponentziala. Ekologismoaren diagnostiko konpartituetako bat hauxe da: biosfera babestu behar badugu eta klima krisiari aurre egin behar badiogu, hazkundea ezin da programa bat izan. Zailtasun horren aurrean, kapitalismo berdearen proposamena da hautsi daitekeela hazkundearen eta ingurumen hondamendiaren arteko lotura hori. Desakoplamenduaz mintzo dira, baina ez dago baieztapen horretarako oinarri zientifikorik.
Eta zer ezaugarri ditu kapitalismoa proposatzen ari den trantsizio energetikoak?
Planteatzen ari den trantsizioa ez da egiazko trantsizio bat, baizik eta kontingentzia plan bat, energia subiranotasun jakin bat lortzeko. Baina aukera horrek arazo ugari erreproduzitzen ditu: esaterako, dinamika koloniala. Europako Batasunak, bere posizionamendu geopolitiko pribilegiatuari esker, urriak diren materialak eskuratzen ditu, energia berriztagarrietarako erabiltzeko. Baina ez da posible ustiapen hori unibertsalizatzea. Bestalde, erregai fosila behar da energia berriztagarrien azpiegituretarako: erauzketan, ekoizpenean, garraioan, instalazioan eta mantentze lanetan.
Horrez gain, trantsizio energetikoa aldaketa teknologiko soil baten gisa aurkezten da, baina hori ez da posible. Berriztagarrietan bakarrik oinarritutako sare batek eskainiko lukeen energia kantitatea egungo mix energetikoak eskaintzen duena baino mugatuagoa da. Munduan, energia gutxiago egongo da eskuragarri.
Kontuan izan behar da, era berean, berriztagarriekezkutuko emisioak dituztela. Berriztagarrien industrialde bat eraikitzeko, mineralak behar dira, eta horiek aire zabaleko meatze ustiapenak eskatzen dituzte. Aintzat hartu behar dira horien emisioak, eta biodibertsitateari eragiten dioten kaltea. Hala ere, epe luzerako irtenbide bat lortuko balitz, posible litzateke aukera hori aztertzea. Euskal Herriko mendiak eolikoz bete daitezke, eta 30 edo 40 urte barru arazoa berbera izango da, azpiegitura guztiak berritu beharko direlako.
«Planteatzen ari den energia trantsizioa ez da egiazko trantsizio bat, baizik eta kontingentzia plan bat»
Liburuan desberdindu egiten dituzue goi teknologiako energia berriztagarriak eta egiazko energia berriztagarriak. Zer dira, eta zer rol jokatu beharko luke bakoitzak?
Goi teknologiako berriztagarriei buruz ari gara, adibidez, panel fotovoltaikoei buruz ari garenean, edo errota eolikoei buruz, teknologia horiek ekoizpen prozesu konplexuak eta material ugari behar baitituzte. Egia da materialetan askoz ere intentsiboagoa dela auto elektriko bat plaka fotovoltaiko bat baino. Ikerketa interesgarriak daude adierazten dutenak askoz ere kritikoagoa dela auto elektrikoetan oinarritutako eredu bat baztertzea, funtsezkoak izan daitezkeen beste teknologia batzuk alboratzea baino. Baina, hala ere, azpiegitura horiek lur arraroen kantitate handiak behar dituzte, eta, nolabait, beren DNAn txertatua dute kapitalismo globalizatu bat. Benetan berriztagarriak diren energiak dira berriztagarria ez den materialik erabiltzen ez dutenak. Esaterako, plaka termiko bat. Beste adibide bat: energia mekanikoa haizearen edo uraren indarrarekin sortu daiteke, ur eta haize errotek egiten duten bezala. Itsas garraioan, belaren bidez erabil daiteke energia zuzen.
Energia iturri horietara mugatzea proposatzen duzue?
Irrigarria litzateke esatea teknika horiek bakarrik erabili beharko genituzkeela, edo egun batetik bestera pasatu beharko genukeela horietara. Guk planteatzen duguna da lehentasunak ezarri behar direla. Goi teknologiako berriztagarriek izan dezakete egiteko bat; batez ere, autokontsumoan, komunitate energetikoetan, ekoizpen prozesu batzuetan. Baina ahalegin oso handia egin beharko genuke berrikuntzan, ikusteko gure ekonomia nola sar daitekeen planetaren dinamikaren barruan.
Lehen aipatu duzu aldaketa teknologiko huts bat ez dela nahikoa.
Ezin dugu energia berrantolatu gizartea nola berrantolatuko dugun aztertu gabe. Energia berriztagarriek energia gutxiago sortuko dute. Beraz, egoerak bestelako gizarte bat eskatzen du, beste lehentasun batzuk. Ezin daiteke energia xahutu irabazi ekonomikoen mesedetan: giza beharrak lehenetsi behar dira. Ezin daiteke egon kapitalismo globalizatuari eusten dion hipermugikortasun bat; lurralde subiranotasunari buruz hitz egin behar dugu. Horregatik, proiektu bezala aurkezten dugu desazkundea. Desazkundea ez da murrizketa: desazkundea gizarte eraldaketa da.
«Euskal Herriko mendiak bete daitezke parke eolikoekin, eta 30 edo 40 urte barru arazoa berbera izango da»
Eusko Legebiltzarra energia trantsiziorako eta klima aldaketarako legea onartzekotan da, otsailean. Nolako ikuspegia izan beharko luke?
Legebiltzarrean parte hartu nuen batzorde agerraldi batean, legea eratzeko prozesuan. Bide parlamentarioak muga asko ditu, eta hark bakarrik ez du konponbiderik ekarriko, baina hartu daitezke neurri batzuk gizartea hobeto prestatzeko. Adibidez, neurketa errealak egitea. Gaur egun, soilik hemen isurtzen eta kontsumitzen dena kontuan hartuta neurtzen dira emisioak eta kontsumoa, baina ez da aintzat hartzen eragiten dugun aztarna ekologikoa. Horren kontzientzia hartzeak lagunduko luke eraldaketa batzuk bultzatzen.
Bestalde, lehentasuna izan beharko luke elikadura sistema birlokalizatzeak. EHUko Ekopol ikerketa taldeak txosten interesgarri bat egin zuen, non esaten den elikadura sektorean pilatzen dela energia kontsumoaren %60 gutxi gorabehera. Sektore erabakigarria da, nahiz eta akaso hasiera batean hala ez iruditu. Noski, irtenbide justu bat behar da ahulduta dauden industrietako langileentzat; esaterako, autogintzarekin lotutako enpresetako langileentzat. Herri gisa antolatu beharra dago sektore horiek erori baino lehen, dagoen kapitalarekin zer egin aztertzeko.
«Batzuetan ematen du aukera dela orain arte bezala jarraitzea ala desazkundea. Baina eraldaketa gertatuko da»
Desazkundea jarduera ekonomikoa txikitzearekin lotu ohi da. Zuzena da?
Munduan gutxitu egingo da eskuragarri izango dugun energia kantitate osoa. Hori eztabaidaezina da. Gainera, kaltetutako biosfera batean bizi gara, eta klima larrialdi bati egin behar diogu aurre. Hori da egoera. Joko zelai horren barruan, sektore jakin batzuen hedatze bat egon daiteke. Adibidez, agroekologiak hazi egin behar du, baita lur eremuen leheneratze ekologikoak ere. Hondakinen sektorea ere hedatu daiteke. Aldi berean, badira eraldatu behar diren sektoreak. Esaterako, industria. Oinarrizko behar asko ase behar ditu; jantziak, etxeko gauzak eta abar. Baina eskala erraldoitik kanpo kokatu behar da.
Beste batzuk bai, murriztu egin beharko dira. Gaur egungo turismoa ez da jasangarria. Garraioan, baztertu egin behar da pertsona bakoitzeko auto baten eredua. Digitalizazioa ere kale itsu bat da. Liburuan aztertzen dugu zein den sektore bakoitzaren eredua, zergatik den jasangaitza eta nola antola daitekeen beste era batera.
Horrelako eraldaketa sakon batek sostengu ekonomikorik gabe utziko lituzke gizarteko sektore batzuk?
Ekologismoak eta sindikalismoak tentsioak izan dituzte, historikoki. Gure beharrak betetzeko modu bakarra soldataren bidez baldin bada, eta gaur egun daukagun ekoizpen eta merkataritza egiturari eutsi behar bazaio horretarako, ekologismoa beti egongo da horren aurka. Zorionez, hori ez da modu bakarra. Birbanaketa da hemen gakoa, eta, horretarako, nahi beste estrategia daude. Asko esploratu ditzakegu. Besteak beste, desjabetzeak, okupazioa, neurri fiskalak, parke publikoak —etxebizitzenak eta bestelakoak—, elkarlan publiko-komunitarioak, lanaldiaren murrizketa, lanaren banaketa eta abar.
Saihetsezina izango da gauzak beste era batera egitea; kontua da zer eraldaketa mota egiten dugun. Batzuetan, ematen du aukera dela orain arte bezala jarraitzea ala desazkundea. Hala balitz, zertarako nahiko nuke nik aldatu? Baina kontua ez da hori. Eraldaketa gertatu, gertatuko da.
Eta zer espero daiteke aldaketa prestatzen ez bada?
Ez dakigu. Hori da kontua. Baina ikusten ari gara eliteak zertan saiatzen ari diren: bi abiadurako sistema bat ezartzen, non aberatsak geroz eta aberatsagoak diren, gizartetik aldenduta, beren egitura eta segurtasun pribatuekin; eta gainerakoak estatu egitura geroz eta higatuagoen menpe, geroz eta gizarte kanibalismo handiagoan murgilduta, eta, aldi berean, elkar laguntzeko espazioak sortzen eta antolatzen; baina, edozein moduz, min sozial handia pairatzen.
«Espazio errealak behar ditugu, eraldaketa hau guztia desiragarria bihurtzen lagunduko dutenak»
Kosta egiten da halako eraldaketa bat irudikatzea. Nola ikusten duzu erronka hori?
Erronka izugarria da. Kapitalismoaren errealismoak irudimena itxi du sozialdemokraziak proposatzen dituen irtenbideetarako; bada, pentsa dezagun hauetarako. Hori da gure abiapuntua orain, eta ez gara utopia batean bizi; badakizu zein urrun gelditzen zaizkigun gauza batzuk. Baina ezegonkortasun handiko garaiak ditugunez, horrek berekin ekarriko du irudimena hasieran uste dugun baino gehiago zabaltzea, onerako eta txarrerako. Pandemia garaian, ezinezkoak ziren gauza asko gertatu ziren.
Desioen esparrua jorratzeko beharra ere aipatzen duzue.
Nik balio batzuk baldin baditut eta balio horiek bateraezinak baldin badira gizarte egiturarekin, hau da, ez badira saritzen inolako espazio sozialetan, aukera hauek dauzkat: bakardadean sufritzea, eta hori da ekoantsietatea; balio horiek baztertzea, eta hori da gehiengoak egiten duena; edo erabilera erreal bat ematen saiatzea. Uste dugu jokaleku berriak irudikatzeko modu bakarra praktika dela.
Alternatiba praktikoak dira funtsezko artefaktu politikoa. Kolektibo baten parte zarenean, izan elkarte ekologista bat, izan kooperatiba agroekologiko bat edo dena delakoa, espazio bat daukazu non zure balioek forma bat hartzen duten, eredugarriak diren eta indartzen diren. Espazio errealak behar ditugu, beharrak beste era batera betetzen hasiko direnak gaurtik hasita, eta eraldaketa hau guztia desiragarria bihurtzen lagunduko dutenak. Mugimendu sozialetan egin dudan ibilbideak berretsi dit hau gustatzen zaidala, alaitasuna eragiten didala, eta uste dut horrelako esperientziarik gabe aldaketa trabatuta egongo dela erabat.
Ikusi gehiago