Eskuin muturraren aurkako jarduna eta komunikazio arloko aholkularitza uztartu egin ditu Jordina Arnau kazetariak (La Selva del Camp, Herrialde Katalanak, 1991). Kataluniako hainbat telebista katetan lan egin ondoren, Euskal Herrira etorri zen, eta TV3eko berriemaile ere aritu zen hemen. Duela ia urtebete utzi zuen jardun hori, komunikazioaren beste alor batean abiatzeko: aholkularitzak eta lidergoen inguruko trebakuntzak ematen ditu, giza eskubideen ikuspegitik.
Komunikazio eraldatzailea aldarrikatzen duzu. Zertan datza?
Nazioarteko eskuinak think tank-en bidez lidergo eredu berriak lantzen ari dira mezu populistak zabaltzeko, hedabide digitalak sortzen ari dira albiste faltsuekin bonbardatzeko... Komunikazioak sekulako boterea du, eta garrantzitsua da botere hori beste esku batzuetan egotea. Nik, batetik, emakumeekin lan egiten dut, eta, bestetik, egitasmo kolektiboekin, estrategia komunikatibo sendoak sortzeko, ortzi muga politiko duinak imajinatzeko. Iruditerien arloan, erasoaldi betean gaude; beraz, bestelako kontakizunak sortu behar ditugu.
«Ortzi muga politiko duinak» aipatu dituzu, hain justu, egungo mundu aldakorrean distopiak utopiak baino errazago imajina daitezkeen honetan...
Ezinbestekoa da beste ortzi muga batzuk imajinatzea. Izan ere, mezu oso ezkorrak jasotzen ditugu etengabe, alarmistak, eta paralizatu egiten gaituzte. Beldurra sartzen dute, eta hori da lehen osagaia gero gorrotoa sustatzeko. Baina, aldiz, elkarrekin lan egiten badugu? Aktiba gaitezen, eralda dezagun errealitatea, komunikazio eta boteretze estrategien bidez. Ezkerreko mugimenduak, oro har, uzkur dira komunikatzeko modua aldatzeko, irudi dezakeelako ez direla hain puruak, edo komunikazioak ez duela askorako balio. Baina aniztasunaren eta berdintasunaren aldeko diskurtsoen eragina handitu nahi badugu, bide hori egin behar dugu.
Andreekin egiten duzu lan; oro har, segurtasun txikiagoa dute jendaurrean aritzeko edo ardurak hartzeko. Nondik dator?
Sistema patriarkaletik: emakumeen abiapuntua desabantailarena da, denean. Adibidez, lidergoan, eredu oso patriarkal bat barneratu dugu: filmetako nagusia, trajeduna, irmoki agintzen duena, emozionalitaterik eta zaintzarik gabe, emaitzek axola dutelako eta ez prozesuek. Hortaz, emakumeak sarri beldur dira, gehiago kritikatzen dituztelako, kontuz ibiltzeko eta dena bikain egiteko hezi dituztelako... Halako sineskera mugatzaile asko ditugu, belaunaldiz belaunaldi transmitituta: ez gara ohartzen, baina eragina dute komunikazio eta lidergo gaitasunetan. Emakume asko birrinduta ikusi ditut: ez dute sinesten beren ametsak edo proiektuak garatzeko gai direla, aurrez gutxietsi egin dituztelako, euren arloan oso onak izan arren.
Eta zer lan egiten duzu haiekin?
Funtsezkoa da ahots propioa sustatzeko lana: norbere sistema komunikatiboa ezagutzea, oinarriak identifikatzea —zertan diren onak eta zertan ez, mugak ere onartzeko—, blokeo egoeretan nola jokatu aurrez pentsatzea... Eta nork bere burua ezagutzean, boteretze bat izaten da, beldurrak eta mugak gogo bihurtzen dira.
Eragile kolektiboekiko prozesuak giza eskubideen sustapenarekin lotzen dituzu. Nola?
Gorroto diskurtsoak zabaltzen ari dira: eskuin muturrak pertsona asko jarri ditu jomugan beren etniagatik, sexu joeragatik, erlijioagatik, generoagatik, hizkuntzagatik, adinagatik... Aniztasuna aberasgarria dela defendatu beharrean gaude berriro. Halako diskurtsoei aurre egiteko, giza eskubideak sustatzea ezinbestekoa da, eta hori proiektu kolektiboetan ere egin daiteke, balio demokratikoak indartuz. Eta praktikan islatzeko, hainbat irizpide txerta daitezke: lantaldeak aztertu, kontratazioetan lehenetsi ekonomia sozial eta solidarioko egitasmoak edo 0 kilometrokoak...
Eskuin muturra aipatu duzu. Alba Siderarekin batera idatzi zenuen Guia pràctica contra l'extrema dreta (Eskuin muturraren aurkako gida praktikoa). Zein giltzarri identifikatu zenituzten?
Batetik, erasoaldia bide askotatik datorrela. Eskuin muturra sigla politikoetara mugatzeko joera dugu, baina harago doa: fundazio erlijiosoak dauzka, eragile zibilak, ikasle elkarteak, think tank-ak, hedabideak... Eta, gainera, nazioartean egituratuta dago. Bestetik, egungo eskuin muturrak faxismo historikotik edaten du, baina jada ez da faxismoa. Funtsean, sorterrikoak lehenestea aldarrikatzen du, ordezkapen demografikoaren gaia haizatzen du, feminismoaren aurka dago, klima aldaketa ukatzen du, globalizazioaren aurka estatu autoritarioa defendatzen du, eta batik bat ordena naturalaren alde dago, hau da, aldaketen kontra eta pribilegioak dauden lekuan geratzearen alde.
Eta hedatzen ari da.
Gizartean zabaldu den atsekabea aprobetxatu duelako: baldintza material kaskarren eta politikarekiko deskonexioaren ondoriozko haserrea oso ondo datorkio gizartea modu segmentatuan interpelatzeko eta gu-haiek taldeak sortzeko. Horrek biktima bihurtzen ditu ustezko mehatxuen aurrean. Azkenean, haien eskeman pertsona batzuek besteek baino eskubide gehiago merezi dituzte, haien klaseagatik, etniagatik, generoagatik, erlijioagatik... Horregatik ez dute aniztasuna onartzen.
Zer rol dute hor sare sozialek?
Kontzientzia eta iruditeria kolektiboak sortzen dituzte. 2022ko datuen arabera, Espainiako Estatuan 15 eta 29 urte arteko bost gaztetik batek indarkeria matxista ukatzen du, eta lautik bat argi eta garbi arrazista da. Marcia Tiburi filosofo brasildarrak dio eskuin muturraren garaipen nagusia ez dela botoak lortzea, baizik eta onargarritzat jotzen denaren esparru mentala aldatzea; hau da, duela gutxi esan ezin ziren gauzak orain gero eta errazago esatea. Sareak oso tresna egokiak dira halako mezuak zabaltzeko, gatazka saritzen dutelako: amorrua sustatzen duten edukiek engagement gehiago eragiten dute eduki neutroek edo positiboek baino.
Espainiako Gorteetarako kanpainan, halere, gezur batzuk azaleratu dira sareen bidez.
Seinale ona da; nolabait ere, esaten ari gara: «Nahikoa da». Eta kazetarion egitekoa ere bada hori, albiste faltsuak demokraziaren aurkakoak baitira. Baina gidanarazo bat aipatu genuen: giza eskubideen defentsaren kultura falta da erredakzioetan.
Eskubideak aktiboki defendatzea eta ez defendatzea berdin balitz bezala?
Bai. Espainiako Estatuan ohikoa da: berdin tratatzen dituzte faxismoa eta antifaxismoa; frankismotik dator, memoria eta kultura demokratiko faltaren ondorio da. Baina hedabideetatik iruditeria demokratikoagoak aktibatu behar ditugu: ezin dugu axolagabe jokatu giza eskubideen urraketak ikusirik, axolagabekeria horrek ahalbidetzen baitu eskuin muturrak bidea libre izatea. Kontzientzia antifaxistak sortu behar dira: denok izan behar dugu subjektu aktibo eskubideen blindatzean.
Erredakzioko eztabaida bat: eskuin muturraz hitz egin ikuspegi kritiko batetik, ala ikusezin utzi?
Eztabaida konplexua da; esango nuke ez dagoela errezeta magikorik, egoeraren araberakoa dela. Adibidez, telebista kate publiko batean, eskuin muturreko alderdi batek ordezkaritza instituzionala lortzen badu, haren berri eman behar da. Baina ezin dira haren mezuak besterik gabe transmititu eta normalizatu. Izan ere, eskuin muturrak garrantzia ematen dionez komunikazioari, eraberritu egin da, estetikoki ere erakargarriagoa da, irensten errazagoa... Gaur egun ez du hitz egiten arraza arioaz, baina bai «kultura bateraezintasunaz»; itxuraz kaltegabeak diren kontzeptu horiek ondo azaldu behar dira. Aldiz, beste hedabide batek aukeratu dezake bozgorailurik ez ematea, baina une batetik aurrera ezin da ukatu halako jarrerak badaudela gizartean. Kazetaritzatik eskuin muturraz ohartarazi behar dugu, eta fenomenoa aztertu.
Uztailaren 23ko bozetan Voxek diputatu dezente galdu zituen Kongresuan, eta batzuek amaieraren hasiera ikusi dute. Hala da zure ustez ere?
Nik uste dut Vox indartsu dagoela, diputatu asko galdu arren. Batetik, helburu garrantzitsu bat lortu du: PP eskuin muturrerantz mugitzea. PPk Voxen postulatuak bermatzen baditu, gobernuetara iristean berdintasun sailak kentzen dituelako, zertarako da Vox beharrezkoa? Bestetik, ondo ulertu behar da fenomenoa: hegemonia kulturala bereganatu nahi dute, hau da, haientzat botere instituzionalak ez du hainbeste markatzen egitasmo baten zilegitasuna, baizik eta bost gaztetik batek indarkeria matxista auzitan jartzeak. Euskal Herrian askok uste du hemen eskuin muturrak ez duela hainbeste eraginik, baina zer gertatzen da gorroto delituak gora doazenean? Eskuin muturraren diskurtsoa apurka barneratzen da, instituzioetan ordezkaritza eduki ala ez.
Jordina Arnau. Komunikatzailea
«Ezin dugu axolagabe jokatu giza eskubideen urraketak ikusirik»
Eskuin muturraren xedea hegemonia kulturala eskuratzea denez, komunikazioaren arlotik bestelako kontakizunak eta errealitateak sortzera deitu du Arnauk. Ohartarazi du kazetarien artean ez dagoela giza eskubideen defentsaren kultura nahikorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu