Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina. Maite Aristegi. Amaiurreko hautagaia

«Ezin dugu aukera hau pasatzen utzi»

2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Maite Aristegi Amaiurreko zerrendaburu da Kongresurako. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta EHNE sindikatuko idazkari nagusia izandakoa. BERRIAren irakurleen galderei erantzun die.

Kaixo, Maite! Galdera zaila egin behar dizut: ultraeskuin espainiarrak gehiengo absolutua lortzen badu, zertarako balio dio independentista bati Madrilen 5, 6 edo 7 diputatu izateak? Amets.

Argi dago halako gehiengo absolutu batek egoera zaildu egingo duela; hala ere, Amaiurren aldeko gehiengo sozial batek, eta zenbat eta handiagoa hobeto, behartu dezake ezezko eta ukazioaren jarrera hori aldatzera. Horregatik goaz hara Herri moduan, Herriaren, herritarren gehiengoaren bultzadak soilik lagun dezakeelako Madrilgo harkaitz horiek urtzen. Eta ez ahaztu zein den gure testuinguru historikoa: Aieteko Adierazpena, ETAk armak uztea... Nazioartea ere begira dago, eta, jartzen dena jartzen dela, gaiari heldutasunez erantzuteko orroa egin behar dio herri honek.

Egun on, Maite. Zergatik, euskalduna izanik, halako gogoa Espainiako instituzioetan parte hartzeko, ikusirik hainbeste urtetan hara joanez ez dela deus ere lortu? Aizpea.

Euskaldunak gara, eta Euskal Herria da gure erreferentzia. Baina euskaldunon iraupenerako konponbidea bilatze horretan, Madrilek badu bere protagonismoa, nola ukatu! Egia da urteetan ez digutela kasurik ere egin, baina uste dugu garai historiko batean gaudela, eta, oraingo hainbat baldintzari esker, zabalik dugula gatazka historiko honi behingoz konponbide demokratikoa emateko atearen zirrikitua. Ezin dugu aukera hau pasatzen utzi; Madrilera inoiz baino ahots ozenagoz, autodeterminazioaren alde dagoen herri honen gehiengoaren ahots lodiaz, igandean batu dezakegun boz kopuru izugarriaren indarraz joan behar dugu; Europan burua altxatzen ari diren beste herri batzuen pareko izan nahi dugulako, eta gaurdanik aukera hori lantzen hasi behar dugulako. Eta elefantea mugituko da, mugiaraziko dugu!

Noizko duzu denak etxean egoteko itxaropena? Paulo Ormazabal.

Ea lehenbailehen den! Gure aldetik, ahalegin guztiak egingo ditugu gobernu berriak egiten duen lehen urratsa horretara bideratua izan dadin, ez izan dudarik! Ea Gabonetako argiak benetan aurten argiagoak ditugun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.