'Egin auzia'. Elkarrizketa. Iñaki Soto. 'Gara' egunkariko zuzendaria

«Ezin du baldintzatu erronkei erantzuteko daukagun gaitasuna»

Aznarren eta Garzonen garaiko politikaren azken aztarnetakotzat dauka Sotok 'Gara'-k 'Egin auziagatik' ordaindu behar duen zor ekonomikoa. Dei egin du aurrera begiratzeko, gogoeten ondorioz politika berriak egiteko.

enekoitz esnaola
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Atzo zortzi urte bete zituen Iñaki Sotok (Iruñea, 1975) Gara egunkariko zuzendari gisa. Lehen egunetik bizi izan du Madrilek kazetari egotzia dion zorraren zama.

Hogei urte pasatu dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Egin itxi zuenetik, eta Gara-k haren zorra ordaindu behar du. Segitzen al du Dena ETA da teoriak?

Aznarrek eta Garzonek martxan jarri zuten politikaren aztarnak oraindik bizi ditugu. Tragedia bat da. Aje horiei modu berri batean erantzun behar zaie. Gure auzi honek izan beharko luke, euskal presoak askatzearekin batera,garai haien azken aztarna. Ezin gaitu jarri atzera begira, eta ezin du baldintzatu biharko erronkei erantzuteko dugun gaitasuna.

2009an, Gorenak esan zuen baliogabea izan zela Egin-en itxiera. Nolatan ez zioten kendu edo kitatu Gara-ri zor ekonomikoa?

Politikoa da azalpena. Prozesua politikoki kutsatuta dago. Itxura administratibo baten atzean euskal komunikabideak ixteko borondate politikoa eta programa bat daude. 2003an, zorra Gara-ri pasatu zion Garzonek, asmoa izan delako gure lana oztopatzea. Urte berean itxi zuten Egunkaria.

Ezker abertzaleko alderdiak legez kanporatzearen hasiera ere izan zen 2003a. Sentsibilitate ezkertiarra eta abertzalea jasotzen du Gara-k. Zorrarekin, sentsibilitate hori isilarazteko asmoa al zeukan Madrilek?

Espainiako Estatuko botereek betidanik izan dute estaturik gabeko nazioak ukatzeko joera: Euskal Herriarekin, Kataluniarekin eta Galiziarekin. Errealitatea euren printzipio ideologikoetara moldatzen saiatu dira: ukatzen nazio horiek, ukatzen parametro ideologiko desberdin batzuetan mugitzen diren gizarteak... Azken batean, gure borondatea ez errespetatzeko modu ia-ia antropologikoa da ukazio hori. Eskema eta mentalitate horretan, adibidez, garrantzitsua da ukatu nahi duzun horrek ahotsik ez izatea.

Enpresen jarraitutasun ideologikoa ezarri zioten zure kazetari.

Bai, eta legedian ez da horrelakorik azaltzen. Inondik inora ezin ziguten zorra guri pasatu, baina pasatu ziguten. Dena sartzen dute salbuespen juridikoaren zakuan. Hala ere, erabaki genuen urtehorietan gu ez bihurtzea herrihonen arazo, pentsatuz bazeudela arazo handiagoak. Orain ohartu gara jende askok ez zeukala gure auzi honen berri.

Ixteko arriskurik egon al da?

Oso garai gogorra izan da enpresa edo kolektibo modura. Adibidez, egiten genuen erosketa bakoitza hiru administrari judizialek baieztatu behar zuten, eta haiei guk ordaindu izan diegu soldata. Zertan gastatu edo inbertitu dugun kontrolatu dute. Horrek guztiz baldintzatzen du enpresa baten eguneroko jarduera. Gainera, ez duzu aukerarik finantzaketa lortzeko, eta, ondorioz, lehiatzeko aukerak asko murrizten zaizkizu. Hala ere, zorra hor genuela, beste alternatiba guztiak Gizarte Segurantzarekin orain egindako hitzarmenaren aldean okerragoak ziren. Akordio hau gabe, kiebrara gindoazen. Hamabost urteotan arrisku hori etenik gabekoa izan da. Saiatzen ginen Gizarte Segurantzarekin akordioa lortzen, baina, arrazoi politikoengatik, baztertu egiten zuen hitzarmena.

Urte hauetan euskal instituzioei ezer eskatu al diezue auziaz?

Ez. Berdintasuna izateko eskatu diegu, diskriminaziorik ez ezartzeko, merkatuan dugun tokiaren araberako tratua emateko... Auziaz, batik bat, azkeneko urtebetean izan dugu instituzioekin solaskidetza handiago bat. Gaur egun, ikusten duguna da PPk salbu beste denek badutela borondaterik iraganeko egoerara ez bueltatzeko, eta, beraz, uste dugu ia inork ere ez lukeela ongi ikusiko komunikabide bat ixtea azalpen judizial batengatik.

Komunikabideen alorrean gogoeta aldarrikatu duzu agerraldian. Nolakoa behar da?

Hedabideek, instituzioek eta gizarte zibilak egin behar dute hausnarketa komunikabideen sistemaz, erronkei eutsi nahi badiegu. Guk kolpe latza jaso dugu zorrarekin, baina iraganeko aje honek balio dezala aurrera begiratzeko. Sektorean baditugu eztabaidak Internetez, harpidetzaz, publizitateaz edo berrikuntzaz. Bestalde, garai berriotan politika publiko berriak behar dira. Esaterako, Jaurlaritza-BERRIA hitzarmena ildo horretan sartu behar da, ez delako ezerezetik sortu. Gizartea-hedabideak harreman berri bat ere behar da. Orain, zorra dela-eta, gizartera joko dugu laguntza eske. Lehen ere erantzun izan du. Sozialki altxor bat da hori, baina ezin gara etengabe ibili aurreko eskemak birsortzen. Herri honek indar bat egin du komunikabide independenteak izateko, hori balio bat da, eta zaindu egin behar dugu komunitarioki, instituzionalki eta herri moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.