Pandemiak indarra galdu duela badirudi ere, Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilariak (Etxauri, Nafarroa, 1958) lanez gainezka segitzen du. Bigarren presidenteorde gisa, igandeetan Maria Txibite lehendakariari laguntzen dio erkidegoetako presidenteen arteko bideokonferentzietan. Larunbatetan jo ohi du mendira, buruari arnasa apur bat emateko.
COVID-19ak nola eragin dio zure departamentuari?
Abian ziren obrak salbu, gainerako proiektuak gelditu ditugu, eta ekainean berrekin diogu alokairu berrien inbertsio programari. Alokairu sozialeko laguntzak %75era arte handitu ditugu, etxejabe handiei eta sustatzaileei gutun bidez eskatu diegu hilabeteotan errentaren ordainketa atzeratzeko edo zuzenean barkatzeko, Emanzipa eta David laguntza programetako araudiak ere aldatu ditugu. Lehena gazteentzat da, eta, adina kontuan izan gabe, aldi baterako espedientean direnei zabaldu diegu; David programa familia kalteberei ireki diegu, eta baldintzak aldatu ditugu.
Zer harrera izan dute?
Aldaketekin, hilero 500.000 euro gehiago banatzen ditugu, eta urteko aurrekontua sei milioi eurokoa da, aurretik genuenari gehitu beharrekoa. Espero dugu aldi baterako espedientean direnak lanera itzuli ahala egoera onbideratzea, baina langabeei zabaltzeko aukera planteatuko dugu.
Urtarrilean jakin zen Blackstone funtsaren menpeko Testa Residencial enpresak Iruñean dituen alokairu sozialeko hainbat etxe merkatu librera pasatu nahi dituela. Etxea galtzeko arriskua dute sendiok?
Lasaitasun mezua eman nahi dugu. Testarekin akordio batera heldu gara irtenbide traumatikorik egon ez dadin, baina egoera orokorrak kezkatzen gaitu. 2016tik hona 982 etxek galdu dute babes kalifikazioa, eta etorkizunean 4.200 inguruk galduko dute. Etxe batzuen jabe da Nasuvinsa sozietate publikoa, baina sustatzaile pribatuen eskuetan daude 2.883. Babesa galduta, merkatu librean alokatu edo zuzenean salerostea erabaki dezakete. Azken hogei urtetako UPNren politiken ondorio da. Enpresa pribatuen esku utzi zuten etxebizitza alokatzeko eskariari erantzuteko ardura.
Eskuak lotuak dituzue?
Enpresena da erabakia. Kontratu bat izenpetu dute, eta bertan epe batzuk ezartzen dira. Ezin diogu behartu sinatutako baldintzak aldatzera. Lege arazoak genituzke.
Orduan, nola orekatu daiteke etxebizitza eskubidea segurtasun juridikoarekin?
Testa enpresarekin ados jarri gara. Emanzipa programako laguntza jaso ahal izateko, errenta gehienez 650 eurokoa da merkatu librean alokatzen duten gazteentzat, eta Testari berdindu egin diogu prezio hori. Batetik, lortzen dugu bestela laguntza galduko luketen maizterrek errentaren %25 eta %75 artean kobratzea, eta laguntzetatik kanpo geratzen ziren beste batzuk sartzea. Bestetik, igo arren, prezioa mugatzen dugu. Hamar maizterretik lauri errenta 40 eurotik behera igo zaio, eta gehienez hilean 85 eurokoa da igoera. Enpresak onartzen du ez dela irtenbide traumatikorik egongo inondik inora.
Testaren atzean Blackstone dago, baina ez da espekulazio funts bakarra. Cerberus, Lonestar, Ikearen jabea... Nolatan amaitu dute Nafarroatik kanpoko funtsen esku?
Bitxia da. Egunotan, gogoeta ugari egin dugu elikagaien edo osasun arloko materialen merkatua hurbil izatearen garrantziari buruz. Hemen antzera gertatzen da. Nafarroako enpresek bultzatutako etxebizitza sustapenak urte gutxiren buruan Dallas, New York edo Stockholmen egoitza duten funtsen eskuetan amaitu dute. Desio ez dugun egoera bati aurre egin behar diogu, baina ezin ditugu jarri adabakiak bakarrik. Etxebizitza sare publikoa nabarmen handitu behar dugu, ez soilik sustapen berrien bidez, baizik eta etxebizitza hutsei balioa emanez.
Sustapen enpresekin eta funtsekin izandako elkarrizketetan zer erantzun topatu dituzue?
Erantzun desberdinak eman dizkigute, merkatuaren egoeraren arabera. Merkatua gainezka dagoen, eta, ondorioz, merkaturatzeko arazoak dituzten tokietan badaude etxeak, ez dute arazorikbabes kalifikazio horri eusteko. Iruñerrian, aldiz, arazo gehiago ditugu, merkatua handiagoa delako eta jauzia eman nahi dutelako enpresa horiek. Dena den, etxe kopuru handiena duen Adaniak, adibidez, konpromisoa hartu du ez duela jauzirik emango egun dituen maizterrak izan bitartean.
Pandemian, errentaren ordainketak atzeratzeko edo barkatzeko eskatu diezuela esan duzu. Zein izan da erantzuna?
Ez dituzte errentak barkatu, guztiek nahiago izan dute ordainketa atzeratzea.
Neurriokin guztiokin denbora irabazi nahi duzue. Zertarako?
Etxebizitza parke publikoa handitzeko. Europan, etxebizitza publikoak parke osoaren %15 inguru dira. Gu orain, laguntza guztiekin, %3-4an gaude. Kontuan hartu behar da urte luze guztiotan eraikitako etxe guztien %85 salerosketarako zirela eta %15 baino ez alokairurako. Hori aldatzen hasi gara. Batetik, alokairurako 500 etxebizitza eraiki berri ditugu. Gainera, etxe berriok passivhaus irizpidearen arabera eraiki dira. Batzuetan leporatzen digute diru horrekin etxe merke gehiago eraiki ditzakegula, baina pertsona orok, edozein delarik bere errenta maila, baldintzarik onenetan bizitzeko eskubidea du. Bestetik, etxe huts ugari dagoenez, alokairuan jartzea bultzatu nahi dugu, jabe txikiak konbentzituz. Nasuvinsaren bitartez bermatzen diegu errenta zazpi urtez kobratuko dutela. Halaber, jabe handiei, bankuei edo Artzapezpikutzari eskatu diegu hutsik dituzten etxeen berri emateko. Nasuvinsako teknikariak pasatu dira zer egoeratan dauden eta zer obra egin daitezkeen ikusteko. 300 etxe inguru dira.
Eredu aldaketa horrek zer ardatz izango ditu?
Alde batetik, alor publikoak bultzatuko ditu etxe sustapen batzuk. Bestetik, hala ez den kasuetan, alor pribatuarekin bestelako lankidetza eredua izango dugu. Lehen, gobernuak leihatila ireki eta enpresari dena bermatzen zion: zoru publikoa, inbertsiorako laguntzak, errentak jasotzeko bermea, eta, babes epea amaituta, merkaturatu ahal izatea. Orain, zoru publikoa euren eskuetan uzten dugu bertan eraiki dezaten eta, hala nahi izanez gero, hori kudeatzeko epe bat ematen diegu; bestela, guk kudeatuko dugu, prezio bat ezarri ostean. Garrantzitsuena zera da: lehen minututik, sektore publikoaren ahalegina zuzentzen dela alokairu sozial batera, eta, behin epea amaituta, gobernua dela etxebizitzen jabe.
Lurralde Antolamenduaren Legea aldatuko duzue, babes kalifikazioa betirako izan dadin. Oraingo egoerari eragingo dio?
Ez. Ezin dugu atzerako eraginik ezarri. Urteotan guztiotan babes ofizialeko 60.000 etxe egin dira, baina orain heren batek soilik eusten dio babes horri. Denborarekin galdu egiten da, baina babes hori prezioa kontrolatzeko modu bat da: salmentarako, salneurri bat ematen duelako eta alokairurako tarifa bat zehazten delako. Horregatik, babes kalifikazioari etengabe eutsiz gero, esfortzu publiko guztia bideratuko dugu etxebizitzaren eskubide konstituzionala bermatzera eta ez espekulaziora.
Alokairuaren tarifak nabarmen handitu dira. Zer gehiago egin daiteke?
Alokairuaren Iraunkortasun Indizea ezarri nahi dugu. Etxebizitzen balioaren neurgailu bat da. Merkatuko egoera kontuan hartzen du, eta arrazoizko alokairua zenbatekoa den zehaztuko duen koefiziente bat kalkulatzen du. Behin indize hori izanda, aztertu behar dugu ea zerga neurriak har ditzakegun: indize horren azpitik badago errenta, jabeak hobarien onura izan dezake eta indizearen goitik badago, ez. Prezioak normalizatzen lagundu dezake.
Alokairuaren aldeko apustua handitu nahi duzue?
Gure politiken lehentasuna alokairua da. Ezarri nahi ditugun neurriekin eta legearen aldaketekin,alokairu erregimeneko etxe sustapenak handitu nahi ditugu. COVID-19aren ondoren, Nafarroa berreraikitzeko Reactiva plana aukera ona da jauzi handia emateko, kuantitatiboa zein kualitatiboa.
Reactiva plana aipatu duzula, eztabaida hasi berri da. Zein dira zuen lehentasunak?
Eredu ekonomikoa aldatzeko garaia da, garapen iraunkor eta ekonomia zirkular bateranzko 2030 Agendaren estrategiarekin bat eginez. Pandemia hau palanka gisa baliatu dezakegu: orain arteko bidean segitu baino lehen, sakon hausnartu beharko genuke eta gure etorkizuna biharko apustuen norabidean jarri. Hori da aurrean dugun erronka handia.
Zer irakaspen atera dituzue?
Lehenik eta behin, egoera zuhurtzia handiz hartu behar dugu, eta ezin dugu pentsatu hau amaitu dela eta normaltasun egoera batean gaudela. Ezin dugu halakorik pentsatu. Berreraikuntza ekonomiko eta sozialari dagokionez, azpiegitura handien aldeko iraganeko ereduek ez dute balio. Alderantziz, politika sozialetan orain arte egiten ari ginen esfortzua bikoiztu beharko dugu, osasun arloan, adinekoen arreta ereduan...
2020ko aurrekontuak ez du balio. Zerga bilketa 800 milioi euro jaistea espero du gobernuak. Espainiako Gobernuak 16.000 milioi euroko funtsa sortu du, EBk 750.000 milioiko akordio bat hitzartu du, defizita handitu daiteke. Emango al du?
Aurreko krisian, gastu publikoaren murrizketa izan zen irtenbidea, eta horrek berak pandemian eragin du. 16.000 milioi euroko funts hori nola banatu eztabaidatzerakoan, igandeetako erkidegoen arteko bileretan, mahai gainean jarri da honako eztabaida hau: Nafarroak azken urteetan osasun arloan inbertitu du; aldiz, Madrilek urteak daramatza osasuna pribatizatzen. Ondorioz, diru hori banatzerakoan, ez da bidezkoa orain arte egindako esfortzua aintzat ez hartzea, eta esfortzua egin ez dutenei mesede egitea. Dena den, orain ahalegin handia egin beharko dugu, eta igoera hori zorpetze bidez finantzatu. Herrialde liberalenek ere bide hori hartu dute. Horrez gain, aurreko gobernuak esfortzu handia egin zuen, eta soberakin bat utzi zuen. Diru horri esker, pandemiari aurre egiteko 140 milioi euroren laguntzak finantzatu dira. Pandemia 2015ean etorri izan balitz, ezingo genukeen berdin jardun.
Europako akordioak itxaropen izpi bat irekitzen du?
Bai, Frantziaren eta Alemaniaren arteko akordioak argia igortzen du. Kopuru handi bat transferentzia bidez egingo da eta ez da itzuliko, eta beste zati garrantzitsu bat mailegu bidez izango da. Horrek guztiak bat egiten du eredu ekonomikoaren aldaketarekin, eta hor bada funtsezko auzi bat. Estatu kideek euren politiketan berreraikuntza planak zehaztu behar dituzte, eta guk planteatzen dugu erkidegoek ere parte hartzea; ez soilik dirua jasotzeko, baita plana diseinatzeko orduan ere. Turismora bideratuta dauden erkidegoen aldean, gure errealitatea desberdina da, sektoreen arteko oreka handiagoa dugu.
Jose Mari Aierdi. Nafarroako Etxebizitza kontseilaria
«Ezin ditugu jarri adabakiak bakarrik; etxe publikoen sarea handitu behar dugu»
Alokairu erregimeneko mila etxebizitza inguruk babes ofiziala galdu dute, eta etorkizunean 4.000k galduko dute. Gehienak funts espekulatiboen eskuetan daude, baina lasaitasun mezua eman du Aierdik. Orain arteko eredua aldatzea dute helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu