Urriaren 21ean erronka zaila duela badaki Raquel Modubarrek, Ezker Batuaren lehendakarigaiak (Santurtzi, Bizkaia, 1967). Liskarrak eta zatiketak nagusi izan dira azken boladan alderdian, eta giro horretan iritsi dira hauteskundeak. Adostasuna lortzen saiatu direla nabarmendu du, eta «beste batzuek» ez dutela nahi izan koaliziorik. Krisiari buruzkoa dute programaren ardatza: eredua aldatzea jarri dute mahai gainean. Modubarrek uko egin dio kazetariarekin aurrez aurre elkarrizketa egiteari. Idatziz erantzun ditu galderak, gaztelaniaz.
Ezker Batuaren barruan ika-mika ugari izan duzue azken urteetan, eta banaketak izan dira azkenean. Egoera horrek kalte egingo ote dizue bai zuei eta bai ezkerrari oro har hartuz?
Zatiketak beti eskuinari mesede eta ezkerrari kalte egiten dio, axioma baten arabera. Nolanahi ere, argi geratu da nork egiten duen batasunaren aldeko apustua eta nork ez. Ezker Batuak beti koalizio bat proposatu izan du, bosgarren espazioa delakoa, independentista ez diren ezkerreko alderdiena. Beste batzuek ez dute ados jarri nahi izan. Espero dugu herritarrak jabetuko direla horretaz, eta adostasunaren alde aritu garenok sarituko gaituztela zatiketa sustatu dutenen aldean.
Beste alderdiren bati koalizioan joatea eskaini eta ezezkoa jaso duzue?
Ezezkoa izan da erantzuna, bai. Baina sinetsita gaude etorkizunean mahai gainean jarriko direla akordio horiek. Ezin da onartu ezker federala, independentista ez dena, banaturik egotea. Etorkizuneko batasun hori Ezker Batua da, eta espero dugu jasotako botoak horretan inbertitzea. Une honetan ezkerreko aukerak gorantz ari dira. Haiek egon dira beti behar gehien dutenen ondoan, eta orain inoiz baino beharrezkoagoak gara. Ezkerreko aukeren batasuna posible izango da berandu baino lehen. Ezkerra indartsuagoa eta zabalagoa izango da. Historia hor dago, bidea erakusteko.
Inkestetan, lau alderdi nagusiez gain, Ezker Anitza soilik ageri da legebiltzarkideak lortzeko aukerekin.
Inkestek gehiegitan huts egiten dute. Ezker Batuarekin inoiz ez dute asmatu. Ezertarako ez dute balio. Froga CISek berak eman digu: azken inkestan ez du Ezker Batuaz galdetu ere egin, nahiz Euskadin 26 urte daramatzan errotuta eta azken bozetan ere egon zen. Gure helburua da hiru legebiltzarkide lortzea, bat herrialde bakoitzeko; hala, taldea osatzeko modua bagenuke. Hala ere, oraingoa lehen testa besterik ez da ETAren ondorengo bosgarren espazio horrentzat. Ez da behin betikoa. Epe ertainera begira ari gara.
Krisian eta haren ondorioetan oinarritu duzue programa. Nola irauli asmo duzue egoera gogor hau?
Beste produkzio eredu bat behar dugu. Gizarte ekonomian oinarrituta, Mendekotasun Legea garatuz gero eta energia berriztagarrien alorra sendotuz gero, 50.000 lanpostu sor daitezke lau urtean.
Erretiro adina atzeratzen ari dira, eta zuek 60 urtera aurreratzea nahi duzue. Bideragarria da proposamena?
Posible da, eta beharrezkoa. Proposamena da 60 urtetik hasita erretiratzea jendea, eta haien lanpostuetan jende gaztea sartzea. Bestela, gazteak zahartu egingo dira lanpostu bat lortu aurretik. Lan merkatuan ordezkapen hori eginda, kotizazio gehiago egongo dira; pentsioak, gizarte laguntzak eta bestelako laguntzak bermatuko dituzte. Lan merkatuan ordezkapen hori egin ezean, laguntzen mende daudenen herrialdea izango da hau, eta altxortegi hondatua daukana, gainera.
Murrizketak saihets daitezke?
Posible da bai, baina, horretarako, borondatea behar du gobernuak. Orain PP ari da mozketak egiten, lehen PSOE aritu zen bezala. Kaleratzeak merke egiteko modua jartzen ari dira enpresariei, eta banketxeek sortutako zorra ordaintzen ari dira gure bizi-baldintzak kaltetzearen bizkar.
Egoera horri aurre egiteko azpiegituren obrak geratzea proposatu dute.
Larrialdi sozialeko garaiak dira. Behar ez diren azpiegituretarako—abiadura handiko trenerako, kasurako— milioika euro eman ordez, dirua mendekotasuna eta energia berriztagarriak garatzeko erabilita, lana sortuko dugu, eta ekonomia berriro aktibatuko.
Hauteskundeetako programa eta webgunea gaztelaniaz soilik dauzkazue. Euskaraz ez dago ezer. Zergatik? Zein da zuen hizkuntz politika?
Ez dut gogo beteko erantzunik. Soilik esan diezazuket apaindura gutxiko kanpaina egiten ari garela, eta, bozak aurreratu dituztenez, ez dugula astirik izan programa amaitzeko eta itzultzeko. Pentsa, beti paperean eduki izan dugu programa, eta aurten ezin izan dugu; webgunean soilik daukagu. Gainerako materiala —programaren ardatzak, adibidez— paperean dago, eta euskaraz beti.
Hizkuntza politikari dagokionez, euskaltegietan euskara dohainik ikasi ahal izatea defendatzen dugu, euskararen erabilera gizarteratze aldera. Euskara ez da erabili behar erasorako arma gisa. Euskara normaltasunez erabiltzea bultzatu behar da. Gizarte honek elebitasunera jo behar du.
Gutxi hitz egin duzue bakegintzaz eta normalizazio politikoaz. Zein da zuen proposamena alor horretan?
Egindako mina eta terrorismoaren biktimen duintasuna aitortzea. Gainera, ETAko presoekin hartutako salbuespeneko kartzela neurriak amaitu egin behar dira. Presoak hurbildu beharra dago, zigorraren hiru laurdenak beteak dituztenak eta gaixorik daudenak libre laga behar dira, eta Parot doktrina bertan behera utzi behar da. Gainera, ETAk eta Espainiako Gobernuak elkarrizketa prozesu bat hasi beharko lukete desarmatzeari, presoei eta errefuxiatuei buruz hitz egiteko. Alderdi politikoen artean ere osatu beharko litzateke mahai bat, adosteko nola bideratu behar den herritarren parte hartzea bizikidetzarako esparru berri bat sortzeko.
Independentzia eta erabakitzeko eskubidea ari dira hizpidea jartzen kanpainan. Zer iritzi horiei buruz?
Lotura federala nahi dugu estatuko beste herriekin, lotura askeko federalismoa. Autogobernua handitzearen alde gaude, Espainiako Konstituzioan oinarrituta. Erabakitzeko eskubidea onartu behar da, demokrazia parte hartzailerako lege baten bitartez. Lege horrek arautu behar du, besteak beste, estatu ereduari buruzko galdeketak nola egin, eta beste era bateko galdeketak ere bai: zentral nuklearrei, Trebiñuri edo eurotik ateratzeari buruzkoak.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Elkarrizketa. Raquel Modubar. Ezker Batuaren lehendakarigaia
«Ezin da onartu independentista ez den ezkerra banaturik egotea»
Alderdian izandako liskar eta zatiketek kalte egin diezaieketela aitortu du Modubarrek, baina defendatu du Ezker Batuak koalizioaren alde egin duela beti. «Beste batzuek esan dute ezetz». Krisia dute programaren ardatz: «beste eredu bat» behar dela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu